Xake Produkzioak konpainiaren Fadoak entzuten zituen gizona antzezlanak irabazi du XXI. Donostia Antzerki Saria. 2000. urtetik hona Donostia Kulturak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak urtero hirian antzeztutako helduentzako euskarazko lan onena saritu izan dute eta, aurten, Xakeren azken obra errekonozitu du epaimahaiak, gizontasunaren eredu desberdinetara hurbildu eta huek "oso ondo" lantzeagatik. 2018an konpainia honek ere irabazi zuen Donostia Antzerki Saria, kasu horretan Mami Lebrun lanarekinMami Lebrun. Lortutako dirusariak -12.000 euro- Fadoak entzuten zituen gizonaren ekoizpena aurrera ateratzeko baliagarri izan zitzaien. Horrela azaldu dute antzezlanaren zuzendari Getari Etxegaraik, gidoiaren idazle Txarli Andradek eta hiru protagonistetako batek, Kepa Errastik, gaur goizean obra irabazlearen izenburua iragartzeko antolatutako prentsaurrekoan. Lana Victoria Eugenia antzokian taularatuko da berriro, martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean.

Denbora askoren ostean ikusi ez diren bi lagun topatu dira berriro ere. Bata kamioilaria da -Iñigo Aranbarri-, bestea -Errasti-, aldiz, autostop eginez Ayamontera bidean doa, fado lehiaketa amateur batean parte hartzeko asmoarekin. Kilometro batzuk elkarrekin egingo dituzte, baina hirugarren bidaide bat ere izango dute, bien gizontasun ereduak ezbaian jarriko dituen alegiazko pertsonaje bat, Masku -Ane Gabarain-. Hain zuzen, gai honi buruz konpainiak egin duen tratamendua izan da epaimahaiak irabazlea erabakitzeko orduan kontuan hartu duen gaietako bat. Horrela adierazi du Norka Chiapusok, Donostia Kulturako Arte Eszenikoen programazioko arduradunak: "Epaimahaiaren esanetan, antzerki lan honek maskulinitatearen gaia oso ondo lantzen du eredu desberdinak erabiliz eta ohiz emakumearekin lotzen den kantu mota bat, fadoa, abiapuntutzat hartuta". Modu berean, tribunalak "balio berezia" eman dio kontakizunari eta bere "originaltasuna" goraipatu du Gabarainek antzezten duen pertsonaian oinarrituz: "Taula gainean oso emaitza erakargarria eta desberdina lortzen da, kutsu surrealista bat emanaz".

Andradek idatzitako gidoiari dagokionean, epaileek "mamitsu", "sakon" eta "umoretsu" bezala definitu dute eta, hizkuntzaren aldetik, oso lengoaia egokia duela esan du Chiapusok, "euskara bera ere aberatsa da, maila altukoa". Bestalde, hiru aktoreen lana eta eszenografia ere goraipatu du Belen Cruzek -Euskal Aktoreen Batasuna-, Sara Iriondok -EHAZE-, Frank Suarezek -Euskal Kultur Erakundea-, Arantza Moñuxek -AISGE-, Arantzazu Fernandezek -antzerki-kritikoa da-, Kepa Ugartemendiak -antzerkizaleak-, Asier Basurtok eta Iruña Etxeberriak -publikoaren ordezkariak dira- osatzen duten tribunalak. Azken batean, Fadoak entzuten zituen gizona "lan bikaina da".Fadoak entzuten zituen gizona