- Elkano Fundazioarentzat sortu duten proiektuan elkarlanean aritu dira Koldo Amestoy kontalaria, Nerea Alberdi konpositorea eta Kepa Elgoibar musikaria. Kontakizuna eta musika uztartuz, Getariako Juan Sebastian Elkano nabigatzailearen lehen mundu-bira izan dute inspirazio iturri, eta lehen emanaldia martxoan eskainiko dute, nabiga-tzailearen jaioterrian.

Bizi dugun egoera kontuan izanik, hiru artistek lana etxetik egin behar izan dutela kontatu zuen Ameztoyek. Konfinamendu garaian Elkanoren bizitza "sakon" ikertu zuela adierazi zuen Iparraldeko kontalariak: "inoiz" entzun ez zituen Elkanoren istorioak jaso, horiek antolatu eta horietan oinarritutako "kontakizuna antolatu" du. Bere lana kontaketa moldatzea izan bada ere, musikari bat lankide izan nahi zuela argi utzi zuen Ameztoyek: "Musikaren bitartez, bizitasun handiagoa emateko aukera zegoela uste nuen". Hala, kontakizuna Alberdiren eskuetan utzi zuen.

"Lehen aldiz egin dut lan testu edo ahozko kontaketa baten gainean", aitortu zuen Alberdik. Izan ere, zinemarako eta arte eszenikoetarako musika sortzen baitu normalean. Proiektu honetan aldiz, Kepa Elgoibar musikariaren laguntzarekin, doinu batzuk moldatu eta beste batzuk sortzeko aukera izan du. Musika grabatua alde batera utzi, eta zuzeneko lanetan aritzeko asmoa dutela aipatu zuen Alberdik. Hortaz, Elgoibarrek akordeoia, gitarra eta perkusioa joko ditu, eta, Alberdik berriz, biolina, perkusioa, xilofonoa eta melodikoa.

Euskal Kultur Erakundeak (EKE-ICB) eta Elkano Fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten iazko maiatzean, non literatura eta musika-lanen bitartez, zenbait arlori buruzko ezagutza sustatzeko xedea zuten. "Zer egin pentsatzen jarri, eta hasieratik, bizpahiru artisten artean zerbait egiteko ideia izan genuen" , kontatu zuen Euskal Kultur Erakundearen zuzendari Pantxoa Etchegoinek. Mugaz gaindiko harremanen garrantzia azpimarratuta, proiektuaren "giltzarria" itsasoa izan zela azaldu nahi izan zuen Etchegoinek: "Itsasoarekin lotura izatea garrantzitsua zen, han ez baitago mugarik, eta itsasoak lotzen gaituelako".

Elkano Fundazioaren proiektu koordinatzaile Rafa Zulaikak, elkarlana nabarmendu zuen: "Itsasoak ez ezik, istorio zahar bati formatu berrien bidez orrialdeak gehitzeko gogoak eta ezagutzak ere lotu gintuzten". Hortaz, egitasmo honi esker, "bidelagun" bilakatu direla azaldu zuen Zulaikak, lanean hastearekin batera "azkar" eta "ongi" lotu eta ulertu baitziren elkarren artean.

Pandemiari aurre egiteko neurriek utziz gero, estreinaldia martxoan, Elkanoren jaioterrian, Getarian bertan, izango dela jakinarazi zuen Zulaikak. Gainera, egun horretarako, Elkanoren itsasoratzea jaialdian egin zen an-tzera, euskal kostaldeko udalerriei gonbita luzatu nahi diete, udalerrien arteko loturak estutzeko xedearekin.

Eta amaitzeko adierazi zuen, aurrerago bada ere, Iparraldeko herritarrek ere izango dutela ikuskizunarekin gozatzeko aukera, apirilean Donibane Lohitzunen eskaintzekoa baita.

Estreinaldia martxoan izango da, Getarian, eta euskal kostaldeko udalerriak gonbidatu dira, herrien arteko loturak estutzeko

Elkano Fundazioa

eta Euskal Kultur Erakundearen arteko hitzarmenetik sortu

zen proiektua da