- Zortzi urterekin eraman zuen aitak Xabier Zabala (Zarautz, 1967) Zarauzko musika eskolara, eta harrez gero, ibilbide luzea egin du musikaren munduan. Bere osaba Manolok piztu zion akordeoiarekiko grina eta beti izan du esku-soinuarekin disko bat kaleratzeko arantza sartuta. Urte luzetan musika talde desberdinekin kolaboratu izan du, eta bere bigarren disko pertsonal honekin, azkenean, arantza hori kentzea lortu du.

Akordeoia du oinarri zure disko berriak. Zergatik aukeratu duzu instrumentu hori?

-Ez da nik ikasi nuen lehenengo instrumentua, baina bai formazio gehien izan dudana. Gainera, nire-tzat konnotazio pertsonala ere badu. Gure aitaren eraginez naiz ni musikaria, bera ere halaxe baitzen. Baina horrez gain, baneukan osaba bat Nafarroan eta hark akordeoia jotzen zuen. Txikitan, lehendabiziko erreferentziak familiako kideak izaten dira, eta osaba bat asko maite baduzu eta instrumentu bat jotzen badu, hari derrigor jarraitu behar. Beraz, aran-tza txiki bat baneukan soinuarekin disko bat ateratzeko, eta lan honekin lortu dut arantza hori kentzea.

Abestiek nortasun herrikoia dute. Zuk konposatutakoak dira guztiak?

-Bai. Oinarria duela bi urteko proiektu batean dauka disko honek. Jon Maya eta Vanesa Castaño Kukai dantza taldekoak jarri ziren kontaktuan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin. Beraien asmoa betiko euskal dan-tzentzat -txapeloaz, aurreskua, dan-tza jauzia, banangoa, etab.- melodia eta abesti berriak egitea zen. Ni 2000. urtetik nabil pailazoekin lanean, eta ideia horrekin disko bat grabatu genuen Bizi dantza izeneko proiekturako. Material horrekin pentsatu nuen egokia izango litzatekeela euskal dan-tza taldeentzat ere bertsio instrumental batzuk egitea, eta horrela osatu nuen disko hau.

Zein helburu du 'Musika plazan'-ek?

-Alde batetik, akordeoiari presen-tzia ematea, azken urte hauetan agian ez baita hainbeste entzuten. Bestetik, dantza taldeentzat material berria sortzea, eta irakaskuntzarako ere baliagarria izatea. Nik 16 urtez egin dut lan Donostiako Ekintza ikastolan irakasle gisa, eta horretan zabiltzanean ikusten duzu asko eskertzen dela materiala jasotzea. Material hori bakoitzak bere erara erabiliko du, baina horrelako gauzak izatea izugarri eskertzen da irakaskuntzan.

Batez ere, euskal dantzetarako bideratu al duzu diskoa orduan?

-Bai, baina abesti batzuk horretarako direlako. Hala ere, printzipioz country bat ere badago eta horrekin edozein dantza egin daiteke. Nire asmoa, gehienbat, akordeoiak dituen ezaugarri zoragarri horiek adieraztea zen, eta eskusoinua egoera desberdinetan entzutea: giro malenkoniatsuan eta baita jai giroan ere.

Diskoko liburuxkak abestien partiturak dakartza. Normalean, letrak etorri ohi dira.

-Egia da, baina musikariontzat letrak notak dira. Jende askok eskatu izan dizkit nire abestien partiturak eta pentsatu nuen egokia litzatekeela material hori eskaintzea. Partitura horiek, akordeoiaz gain, txistuarekin, gaitarekin, gitarrarekin, biolinarekin edo nahi den beste musika-tresnaren batekin erabiltzeko balio dute.

Lagundu al zaitu norbaitek disko honetan?

-Akorde guztiak nik grabatu ditut, baina horrelako produkzioetan musikari askok hartzen dute parte. Akordeoiaz gain, haize instrumentuak, bateria, gitarrak, baxua eta panderoa ere badaude. Horri, Garate estudioko kideak eta produkzio osoko kideak gehitzen badizkiozu, nahiko talde indartsua dago lan honen atzean.

Bakarrik egin duzun bigarren lana da. 'Brisa' izeneko lehenengo diskoarekiko oso desberdina, gainera.

-Brisa, nolabait esateko, New Age estilokoa da. Badirudi musika entzun egin behar dugula, baina ikusi ere egin behar da; izan ere, irudimena lantzeko ematen dizun aukera ikaragarria baita. Alde horretatik, Brisa diskoa 2017an musika deskriptiboa kaleratzeko asmoz atera nuen eta oso instrumentala da. Garai batean, musika instrumentala asko entzuten zen, baina orain ez dut uste hainbeste entzuten denik. Besteentzat lanean nenbileneko 20 urte bete zirenean egin nuen hura, eta aukera polita iruditu zitzaidan beste musika mota bat egiten ere banekiela adierazteko.

Talde desberdin askorekin kolaboratu duzu zure ibilbidean zehar. Zein esperientzia da gogoangarriena zuretzat?

-Politikoki zuzena izatea bada ere, denek dute beraien xarma. Hala ere, ondo gogoan dut, nire lehendabiziko obra sinfonikoa egin nuenean Bilboko Orkestra Sinfonikoak jo behar zuela; eta lehenengo entsegura joan nintzenean, eta nik paperean idatzitako musika entzun nuenean, itzela izan zen. Bat-batean konturatzen zara zuk barruan daukazun hori guztia nola helarazten den, eta orkestra batek jotzerakoan beste dimentsio ikaragarri bat hartzen du. Bestalde, pailazoekin 20 urte daramatzat lanean, eta nik ez dakit beraiei ezer eman diedan, baina beraiek niri emandakoa sekulakoa da. Nire lanak izan duen zabalkundea, neurri handi batean, beraiei esker izan da.

Abesti ezagunen sortzailea ere bazara, adibidez, pailazoen 'Maite zaitut' eta Korrikaren 'Zirkorrika'.

-Oso sentsazio bitxia da. Maite zaitut egin genuenean ez genuen pentsatzen hainbesteko arrakasta izango zuenik. Hizkuntza desberdinetan hainbat bertsio egin dira, eta sortzerako garaian ez duzu pentsa-tzen hori gertatuko denik. Beti besteen abesti ospetsuak entzutera ohituta gaudenez, zuk egindako zerbait hain urrutira iristen denean benetan eskertzekoa da. Zirkorrika abestiari bueltatxo bat eman genion eta ikusi genuen oso aproposa izango zela erritmo balkaniko horiek erabiltzea korrika egitera motibatzen zuelako. Uste dut nahiko ondo funtzionatu zuela eta estimatzekoa da.

Noiz hasi zinen musikaren munduan?

-Gure aitak zortzi urterekin eraman ninduen musika eskolara. Zarauzko musika eskolan ikasi nuen, Imanol Urbietaren talde handi horretan, eta bertan izan nuen musikarekin lehendabiziko kontaktua.

Andoni Egañak diskorako idatzitako sarreran zure lehenengo akordeoia aipatzen du.

-Gogoratzen naiz Zarauzko taldearekin nonbaitera joan ginela txistua jotzera Euskal Jai egun baterako. Handik itzulitakoan, etxera iritsi nintzenean esku-soinu txiki bat aurkitu nuen aitaren opari. Gero, osaba Manolok soinua jotzen zuen, eta Errotzera (Nafarroa) joaten ginenean, jaietan eta bazkarietan jotzen ikusten nuen eta erreferente bat zen niretzat.

Horrez gain, Egañak azaltzen du Zarauzko Euskal Jaietan Etxeberrira joaten zinela festetan soinua jotzera.

-16 urterekin hasi nintzen horrela. Jaietan jotzeko deitzen zidaten eta niretzat oso motibagarria zen. Pertsonalki eta musikalki ikasteko ikaragarria zen. Oso herri txikia da, eta etxez etxe soinuarekin erronda egiten nuen. Arratsaldean dantzaldia eskaintzen nuen, eta gauean beste bat gurdi baten gainean eserita anplifikadore batekin soinua joaz. Euskal Jaiak seguru faltan botako nituen, baina uda osoan nahikoa parranda egiten genuenez, ez nintzen festarako gosez gera-tzen.

Etorkizunerako proiekturik ba al duzu?

-2022an 25 urte beteko dira besteen-tzat lanean hasi nintzela, eta zerbait egitea gustatuko litzaidake. Beti bezala lanean jarraitzen dut, eta denborak erakutsiko du proiektu berriak egiteko aukerarik izango ote dudan.