Joan den martxoan Irungo Udaleko ordezkariek eta Iñigo Muguruzaren anaiak, Jabier Muguruzak, bere omenezko ikerketa beka baten sorreraren berri eman zuten, eta atzo berriz bildu ziren Iñigo Muguruza bekaren lehenengo edizioaren garailea Asier Suberbiola musikari donostiarra dela iragartzeko.

Suberbiolaren proiektuak Iñigo Muguruzak bere bizitzan zehar egin zuen lana izango du ikergai. Izan ere, donostiarrarentzat Muguruzak izan dituen taldeen diskografiek euskal musikak azken hamarkadetan izan duen eboluzio estilistikoaren "erradiografia bat" eskaintzen dute. "80. hamarkadan euskal musika herrikoiak kutsu bat zuen, Kortatuk eta rock erradikala eman ziotena, baina ondoren beste talde batzuk, Negu Gorriak besteak beste, beste motatako influentziak ekartzen hasi ziren euskal musikara, Estatu Batuetako estiloak bereganatzen", azaldu zuen Suberbiolak.

Bestalde, donostiarraren lana ez da soilik ikerketa mailan geldituko, baizik eta proiektuaren bigarren fasearen helburua ikerkuntza praktikoki erabilgarriak izan dezaketen materialetan itzultzea da. Zehazki, Suberbiolak musika eskoletarako eta kontserbatorioetarako material didaktikoak lantzeko asmoa du, bertako ikasleek Iñigo Muguruzak konposatu eta jotzen zituen kantak interpretatu dezaten.

Iñigoren anaiak, Jabierrek, Muguruza familiaren poza adierazi zuen beka aurrera atera izateagatik, nahiz eta pandemia egoeran izan. "Beka herri musikaren ikerkuntzarako ekarpenak egiteko lagungarria izatea espero dut", jarraitu zuen Jabierrek. Musikari irundarrak bere anaiaren bizitzak bi ardatz nagusi izan zituela nabarmendu zuen: zuzeneko musika eta irakaskuntza. Hain zuzen ere, Iñigo Muguruza Irungo Udal Musika Eskolako gitarra elektrikoko lehen irakaslea izan zen, eta 25 urtez bertan aritu zen lanean. "Bi arlo horietan eman zuen bizitza profesionala eta bi arlo horien uztarketa proposatzen da beka honetan; hor asmatu dugula pentsatzen dut", amaitu zuen Jabierrek.

Bere aldetik, José Antonio Santano Irungo alkateak eskerrak eman zizkien Jabierri eta Suberbiolari eta Udalak beka askorik ez dituela gogorarazi zuen. "Historikoki bi beka nagusi izan ditugu: Serapio Múgica eta José Antonio Loidi Bizkarrondo bekak. Orain Iñigo Muguruza beka martxan jarri dugu eta guretzako beste biak bezain garrantzitsua da", azaldu zuen alkateak.

Orain Suberbiolak zortzi hilabete izango ditu bere proiektua aurrera eramateko, eta horretarako, bekari esker, 8.000 euro izango ditu. Iñigo Muguruza bekaren hurrengo edizioek Euskadin azken lau hamarkadetan musika modernoarekin zerikusia duten gaiak aztertzeko diru koporuak eskainiko dituzte.

Bekak zuzeneko musikaren eta ikaskuntzaren uztarketa proposatzen du, euskal musika garaikidearen ikerketaren bidez