- Ehiztariaren isiltasuna (Pamiela, 2015) eleberriarekin Euskadi Saria irabazi zuen Luis Gardek. Bere lehenengo nobela izandako lan hartan iragan hurbilean kokatu zuen trama nagusia, Ezkabako ihesaldian hain zuzen ere. Berriki argitaratu duen bigarren eleberrian, aldiz, begirada iraganetik etorkizunera biratu du, sobera urruti ere jo gabe. 2027 eta 2029an gertatzen den nafar politikari eskuindar baten bahiketa du trama nagusitzat Aireportuko musikak. Eleberriko narratzaileak, han eta hemen bildu eta erakutsiko dituen dokumentuen bitartez eraikiko du gertakaria, irakurlea gatazka politikoa testuingurutzat izanen duen istorio batetan murgilduz. Guzti horren erdian, idazle iruindarrak argitu moduan, botere handien eta "boteretxoen" arteko lehia nagusituko da nobela beltzetik ere edaten duen nobelan.

'Ehiztariaren isiltasuna' eleberrian, iraganean kokatu zenuen kontakizuna. Honakoan, aldiz, etorkizun hurbil batean kokatu duzu. Zerk bultzatu zaitu horretara?

-Aldaketa bat egin nahi nuen. Erran duzun bezala iraganari begira jarri nintzen aurreko lanean. Iragan hurbila zen, ia-ia oraina. Bigarren honekin aldaketa bat nahi nuen. Nire asmoa, lehenengoarekin ere, ez zen nobela historiko bat egitea, baina baten batek hala irakurri zuen, historikoa balitz bezala. Honakoan, etorkizun hurbilari begira jarri naiz baina zientzia fikzioan sartu gabe. Egungo gizartea da islatu dudana, baina hemendik urte batzuetara.

Azken finean, iraganak zein orainak etorkizuneko gizartea marrazteko balio izan dizu, ezta?

-Bai, azken finean gizartea ez delako hainbeste aldatzen, gauzak nolabait errepikatzen dira. Aurreko eleberrian, memoria historikoa aipa-tzen zen maiz. Izen hori ez zait batere gustatzen, oso urruna dirudi, zientzia bati buruz ari garela dirudi. Ehiztariaren isiltasunan narra-tzailearen memoriak zuen pisu gehien, baita lekuko haien memoriak ere. Baina ez zen hainbertze iraganean kokatzen, baizik eta orainean. Bigarren eleberri honetan ere, hala da.

Orainaldia da, beraz, garrantzia duena 'Aireportuko musika'-n ere.

-Bai. Finean, idazten duzunean horretaz hitz egiten duzu, zure gizarteaz eta zure inguruaz. Ez zara urruneko mundu batera joan behar, aztertzen duzuna eta kezkatzen zaituena zure mundu hau da.

Eta kezkatzen zaituen gizarte honetatik, zeintzuk dira etorkizun hurbil hori eraikitzeko baliatu dituzun ezaugarriak?

-Nik erranen nuke oso hauskorra dela gure gizartea. Azken hilabeteotan gertatutakoak are gehiago azpimarratu du hori. Badut sentsazioa dena ematen dugula gainditutzat eta sendotzat, baina faktore banaka ba-tzuk emanez gero, gauzak aldatzen dira eta aurreikusi ezin zenuen bide batetik doa dena. Zure inguruan, zantzu horiek harrapatu eta zure proiekzioa, zure montaje txikia egiten duzu, eszenatokia muntatu.

Zentzua badauka horrek, hain zuzen orainaldia zein etorkizuna hain kolokan dauden honetan€

-Horixe. Gure gizartea hain aurreratua ikusten dugu, ekonomia, zien-tzia... dena aurreikusten dela dirudi. Gure errealitatea finkatutzat ematen dugu, baina ez da hala. Duela hamar urte, garaiko krisi ekonomikoa oso jende gutxik aurreikusi zuen, eta hala aurreikusi zuten horiek irrigarritzat hartuak izaten ziren. Ikusi nahi ez duguna ez dugu ikusten. Orain antzeko zerbait gertatu da... Oso hauskorra da gure errealitate guztia, ez bakarrik gizabanako maila batean, baizik eta kolektibo edo gizarte gisa ere. Amildegiaren ertzean gaudela dirudi.

Gatazka politikoa da liburuaren oinarri nagusia. Gure literaturan ohituta gaude akaso gatazka politikoak iraganean kokatzera, orainaldian ez bada.

-Ariketa hori egin nahi nuen. Alde batetik, gatazka politikoa aztertzea, baina ez iraganari begira, baizik eta orainari eta etorkizunari begira. Gai hori jorratzen duten eleberrigileei beti aurpegiratzen zaie iraganari begiratzen diotela, batez ere 80eko hamarkadan kokatzen diren istorioak direlako. Gatazka muturrean zegoen garai bat izan zen, bazegoen krisi ekonomiko eta soziala, drogen kontua... Horregatik erabaki nuen oraina eta etorkizuna jorratzea lan honetan. Gatazka politikoaren eta indarkeriaren kontuak hor egoten jarraitzen dute, belaunaldi askok jasan dituztelako azken finean. Ez bakarrik azken belaunaldiek, hor ditugu Gerra Karlistak adibidez... Gatazkak beti itzultzen dira. Maiz erraten da historia errepikatzen dela baina nik ez dut horretan sobera sinesten: ez da errepikatzen, baina gizakion joera izan ohi da gatazkarena. Beti sortuko dira gatazka politiko berriak eta bortizkeriaren kontua ere hor egonen da, modu batera edo bestera.

Gehienbat gatazkak ez direnean konpontzen...

-Noski, arazoak beti daude hor eta aldatu daitezke, arazo zaharrek ere forma berriak hartu ditzakete... Zigi-zaga bat badago beti gure historian.

Zer nolako sistema politikoa da eleberrian eraiki duzuna? Nola atzematen da etorkizuna eleberrian, alde horretatik?

-Egungoaren nahiko antzekoa da. Baina fikzioan, eskura duzun errealitatearekin jokatu eta aldatzen duzu, alde batetik bada gaur egungo errealitatea eta bertzetik ez. Badaude alderdi liberalak, Nafarroako eta Euskal Herriko kasuan alderdi erregionalistak aipatzen dira... Nobelan zehar aipatzen den printzipio bat da gauzak, batzuetan, finean ez aldatzeko aldatzen direla. "Gatopardismoa" deritzona.

Trama nagusia politikari eskuindar baten bahiketa da. Kontakizun nagusi honen bitartez, edo azpitrama bezala, zeintzuk erranen zenuke direla eleberrian jorratzen diren gai nagusiak?

-Botereen arteko borrokatxoa islatu nahi izan dut. Ez botere politikoen boterea, Madrileko boterea edo Estatuarena, baizik eta botere kuoten afera: politikoarena, hedabideena, norbanakoena... Bakoitzak bere botere kuota dauka eta bere interesen alde erabiltzen du, ahal duen neurrian. Eleberriko pertsonaiak guztiz maltzurrak edo onberak izatea saihestu nahi izan dut, pertsonaia errealak egin ditut. Bakoitzak bere etika eta bere arrazoiak ditu, eta boteretxo eta botere handi guzti horien artean sortzen da lehia. Batzuetan kontraboterea ere bada botere moduko bat. Zerbait autonomoa da boterea, gure burua justifikatzeko edo zuritzeko ere balio diguna. Hori saiatu naiz erakusten eleberri honetan, boterea bera gizakien gainetik dagoen zerbait dela, batzuetan autonomoa bilakatu eta pertsonak erabiltzen dituena.

'Ehiztariaren isilaldia'-n, poeta batek ekiten zion Ezkabako ihesaldia kontatzeko ahaleginari. Kasu honetan ere idazle bat da bahiketaren berreraikuntza hasten duena. Narratzailearen figura an-tzekoa da, beraz. Lagungarri suertatzen zaizun figura bat da?

-Alde batetik, narratzailea janzteko modu bat dela uste dut. Gutxitan ikusi da narratzaile bat alde batetik istorioa eraikitzen duena eta bestetik poeta ere badena. Bere porroten karga daramana. Egiazkotasuna emateko modu ere bada, eta badauka alde ironiko bat. Nonbait, saiatu naiz gizartearen bazterretatik gauzak ikusten dituen pertsonaia bat eraikitzen, eta poetak hori lortzen du. Nobela beltz klasikoan detektibe marginalak ziren narratzaileak, eta badu halako kutsu ironiko bat alde horretatik, poeta, finean, literaturaren merkatutik kanpo dagoen figura bat delako. Gizartea begiratzeko ikuspuntu pribilegiatu bat ere badaukan pertsonaia da, ez duelako interes berezirik, ez duelako arrakasta bilatzen...

Irakurlea narratzailearen paperean jartzeko modu bat ere izan daiteke?

-Irakurle parte-hartzailea gustatzen zait, nolabait ematen zaizkion material horiekin bere poema edo bere nobela eginen duena, sobera erratea ez bada. Identifikazio bat ere bila-tzen dut, bai, narratzailea bera ere nolabait irakurle bat delako eta aurkitzen dituen material eta dokumentu horiekin nobela osatzen duelako, dena egina eman gabe.

Goazen izenburura: 'Aireportuko musika'. Kutsu alegoriko bat badauka, aireportuak badira nonbait denborak zentzua galtzen duen lekuak, denbora subjektibo bilakatzen duen espazioak... Zen-tzu metaforiko bat aurkitzen diozu aireportuari?

-Bai, ertz aunitz baditu. Maila pertsonalago batean, niri asko gustatzen zait aireportuetan jarri ohi den musika mota hori. Irakurtzeko edo idazteko jartzen ahal dudan musika bakarra da, anonimotasun berezi bat dauka, idazten laguntzen didana. Pentsatzera gonbidatzen nau. Denboraren igaroera aditzen dut nolabait, poetikoki esanda. Badauka magia berezi bat... Horretaz aparte, aireportuen esanahia dago. Nonbait, gure gizatearen metaforak ere izan daitezke aireportuak: leku handiak dira, jendeak ez du elkar ezagutzen eta bakoitza berera doa, aldaketa lekuak dira, herrialde batean kokatuta egon arren aldi berea ez daude inon. Ezlekuak ere izan daitezke.