Pan(dem)ic! saiakeran COVID-19ak eragindako krisiaren argazki kitzikatzaile eta zorrotza erakusten du, eta pesimismoa alde batera utzita, irakurketa itxaropentsua eskaintzen du Slavoj Zizek pentsalari esloveniarrak. Danele Sarriugarte itzultzaileak filosofoaren lana euskaratu du, eta polisemia baliatuz, Izurria! izenburua aukeratu du liburuarentzat. Hamaika hizkuntzetara itzuli da dagoeneko eta, Txalaparta argitaletxeari esker, Zizek euskaraz liburu formatuan irakurtzeko aukera izango dugun lehen aldia da.

Larrialdi egoeretan ohikoa izaten denez, ziurgabetasuna nagusitu egin da gizartean eta zalantzak eta kezkak biderkatu egin dira. "Txalapartan iruditzen zaigu argitaratzaileon ardura ere badela galdera horien abiapuntua ulertarazten saiatzea eta erantzun posibleak plazaratzea. Horretara dator liburua", esan zuen atzo Donostian Garazi Arrula Txalapartako editoreak Izurria! liburuaren aurkezpenean.

Zizekek iraganekoarekin zerikusirik ez duen komunismo berri bat planteatzen du krisiari aurre egiteko, bere ustez, zientziak ezingo baitu konpondu. "Batzuetan gaizki ulertu izan da filosofo honen planteamendua: komunismoa aldarrikatzen duela edo kapitalismoa suntsituko dela esaten duela uste dute batzuek, baina ez da horrela. Nahiago luke berak egoera honekin kapitalismoa akabatuko balitz, baina ez du inondik inora horrela izango denik adierazten", argitu zuen Arrulak.

Pentsalariak komunismo hori "salbatuko gaituen molde bakarra" dela pentsatzen du. "Argi geratu da gure gobernuak eta gure antolamendu sozial eta ekonomikoa ez daudela prest horrelako egoera bati aurre egiteko familia egituretan oinarritu ezean. Izan ere, sortu diren zaintza sareak jendearen ekimenez sortu baitira eta gobernu batzuk nahikoa makal ibili dira", azaldu zuen Sarriugartek.

Liburua hamar ataletan banatuta dago eta hainbat gai jorratzen ditu. "Niri interesgarria iruditu zaidan ideietako bat hau izan da: izugarriak diren arrazoiengatik izutu beharko ginatekeela, eta ez komuneko paperaren falta izango dugulako", azaldu zuen Sarriugartek. Hori horrela, klimaren, naturaren eta beste gauza askoren egoeragatik beldur izan beharko genukeela azpimarratzen du ?i?ekek. Horretarako datuak erabiltzen ditu, eta datu horien interpretazioa eskaintzen dio irakurleari.

Liburuaren epilogoa Imanol Galfarsorok idatzi du, International Journal of ?i?ek Studies aldizkariaren editore nagusia da eta Liverpooleko unibertsitateko irakaslea. "Filosofoak dio momentu guztiz politiko batean gaudela eta beraz, oinarrizko gatazka existentzial baten aurrean gaudela. Hau da, politika gatazkarekin lotzen du", adierazi zuen Galfarsorok.

Bere iritziz, ?i?ekek barreiatzen duen ikuspuntua El Hoyo (2019) filmarekin alderatu daiteke. "Edo, zehazki, suspensea, zientzia fikzioa eta horrorea nahasten diren distopia honetan, Galder Gaztelu-Urrutia zuzendariak lehenesten duen mezu ilun eta zalantzakorrarekin: espezie gisa, gizakia norberekoia da, aresabelkoia", dio Galfarsorok epilogoan.

Liburuaren amaieran gainerakoek ez duten eranskin bat ere badakar euskarazko edizioak, autoreak hala eskatuta: Sexua COVID-19 garaian izenekoa.

Liburua

Slavoj ?i?ek pentsalari esloveniarrak idatzitako Pan(dem)ic! saiakera hamaika hizkuntzetara itzuli da. Euskarara Danele Sarriugartek itzuli du eta Izurria! titulua jarri dio.

Salgai

Liburua eskuratu nahi duenarentzat eskuragarri dago jada 14 euroren truke.