Zarauzko Adarretatik musika jaialdiak egoera berrira eta COVID-19aren aurkako protokoloetara egokitzeko formatua aldatu du. Hirugarren edizio honetan, kontzertu guztiak uztaileko hirugarren asteburuan pilatu beharrean, datozen hiru asteburuetan sakabanatu dituzte. Enbor Akzio Kulturalak eta Zarauzko Udalak antolaturiko jaialdiaren adarrak zabaldu egin dira, beraz.

Mikel Unzurrunzaga Makalak azaldu zuenez, aurtengo egoeraren ondorioz, jaialdiaren formatua aldatu egin behar izan dute; kontzertu guztiak Itsas Pasealekuan eta herrian zehar izan beharrean, Munoa plazan izango dira -euria egingo balu, ostiral honetako emanaldia Modelo aretoan izango litzateke; besteak berriz, Aritzbatalde eta Lizardi institutuaren artean dagoen egoitza berrian-.

Jaialdiak doakotasunaren aldeko apustuarekin jarraituko du, oraingoan, ordea, eserleku kopurua mugatua izango da. Guztira 500 plaza egongo dira libre -haien artean metro eta erdiko distantzia izango da- eta, ilarak ez sortzeko helburuarekin, gonbidapen txartelak lortzeko interesa dutenek, Modeloko leihatilara jo beharko dute kontzertua hasi baino bi ordu lehenago -pertsona bakoitzak, gehienez, lau gonbidapen hartzeko aukera izango du-.

Otsailerako programa itxita izan arren, beste kasu askotan gertatu bezala, nazioarteko artistak karteletik erori dira. "Ez genekien jaialdiarekin aurrera egingo genuen ala ez. Sorpresa ederra izan zen, eta biziki eskertzekoa, Zarauzko Udalarekin azkeneko momentuan erdibideko zerbait egitea adostu izana", esan du antolatzaileak.

Gauzak horrela, hitzartuta zituzten Euskal Herriko artistekin aurrera egitea erabaki zuten: "Oso pozik gaude kartelarekin". Ostiral honetan Urbanetniko Triok irekiko du Adarretatik jaialdia. Bilboko jazz eszenan izena duen talde hau José Luis Canalek teklatua-, Raül Verak -gitarra- eta Blas Fernándezek -bateria- osatzen dute. "Urtero saiatzen gara, tamaina batean, jazza sartzen eta oso egokia iruditzen zaigu haiek hasierako kontzertua eskaintzea", dio Makalak.

Programako hurrengo artistak ere aski ezagunak dira, ibilbide luze eta oparokoa dutenak. Garik bere Maldanbera proiektuarekin joko du uztailaren 17an; Anarik, aldiz, 19an. Aurreko edizioetan Ruper Ordorika, Mikel Urdangarin edo Joseba Irazoki izan ziren bezala, aurtengo "izen potoloak" Gari eta Anari izango dira.

Aurtengo jaialdiari agur esateko, hilaren 25ean Afrika Bibang & Nomadak Bandaren txanda izango da. Nomada deituriko disko berria aurkeztuko dute eta soul, funky eta hip hop erritmo "alaiez" beteko dute Munoa plaza. "Aderretatik ixteko kontzertu ederra izango da", esanaz amaitu dute prentsaurrea.

Ostirala. Urbanetniko Trio. 20.00etan, Munoa plazan (euria egingo balu, Modelon).

Uztailak 17. Gari eta Maldanbera. 20.00etan, Munoan (euria egingo balu, Aritzbataldeko egoitza berrian).

Uztailak 19. Anari. 20.00etan, Munoan (euria egingo balu, Aritzbataldeko egoitza berrian).

Uztailak 25. Afrika Bibang & Nomadak. 20.00etan, Munoan (euria egingo balu, Aritzbataldeko egoitza berrian).