- Bizi garen normalidade berrirako deseskalada honetan aire libreko bertso saioak egin ziren joan den maiatzaren 30ean Antzuolan eta hilaren 5ean Amasa-Villabonan baina osasun-alarma egoera ezarri zenetik oraindik ez da areto edo antzoki batean aurrez aurreko bertso-jaialdirik ospatu Gipuzkoan.

Estreinakoa datorren ostiralean egingo da, Azkoitiko Floreaga salestar ikastetxeko On Bosco aretoan. Logikoa denez, ikuskizuna egoerak seguridadea bermatzeko eskatzen dituen neurri guztiekin burutuko da eta ondorioz, aretoaren edukieraren %60 bete ahalko da bakarrik.

Erniarratz bertsozale elkarteak Azkoitiko Udalaren laguntzarekin antolatuta, aretoetara itzulerako lehen jaialdi hori 19.00etan hasiko da eta bertan Amets Arzallus, Jone Uria, Alaia Martin eta Igor Elorza izen eta maila handiko bertsolariak izango dira kantuan; gai-jartzaile lanetan Iker Iriarte arituko delarik.

Datorren ostiralean Azkoitian ospatuko den bertso-jaialdira gerturatzeko asmoa duten zaletu guztiek dagoeneko eros ditzakete sarrerak (8 eurotan) Zurt tabernan eta Elurre okindegian. Hori bai, aurre-salmentan sarrera guztiak agortzen ez badira, geratzen direnak Floreagako leihatilan jarriko dira salgai ostiralean bertan, 10 eurotan.

Pandemiak behartutako hiru hilabeteko etenaren ostean, bertsolariek eta bertsozaleek gogo handiz ekingo diote hilaren 19rako antolatutako jaialdiari. Izan ere, konfinamenduak iraun duen hiruhileko luzean Internet eta sare sozialak izan dira bertso-egarria asetzeko izan duten iturri bakarra.

Urola Erdiko bertsozaleak batzen dituen Erniarraitz elkartearen baitan ere, ilusio handia somatzen da bertsolaritza plazetara bueltatzeko aukera ikustean. Koronabirusak eragindako ezohiko egoeraren ondorioz, bertan behera utzi behar izan ditu antolatuta zituen hainbat ekitaldi eta txapelketa (Erniarraitz txapelketa, Bertso Kopa...) eta horregatik "aukerarik txikiena ikusi orduko", aurrez aurreko bertso saioak antolatzeari ekin dio; hori bai "hartu beharreko neurri guztiak hartuta".

Erniarraitz elkarteak eta Azkoitiko Udalak zaletu guztiak animatu nahi dituzte hilaren 19rako prestatutako jaialdia ikustera gerturatzeko. Konfinamendu osteko bertsoaz gozatzen jarraitzeko aurrez aurreko lehen saioa izango da baina horren ondoren beste hainbat etorriko dira. Hernanin, esaterako, beste jaialdi bat aurrikusita dago datorren asterako.

Non eta noiz. Datorren ostiralean (19.00etan) Azkoitiko Floreaga salestar ikastetxeko On Bosco aretoan (edukieraren %60 bete arte).

Protagonistak. Amets Arzallus, Jone Uria, Alaia Martin eta Igor Elorza bertsolariak kantuan izango dira eta gai-jartzaile lanetan Iker Iriarte arituko da.

Sarrerak. Aurrez Azkoitiko Zurt tabernan eta Elurre okindegian eros daitezke (8 eurotan). Agortzen ez badira, ostiralean bertan jarriko dira salgai Floreagako leihatilan (10 eurotan) emanaldia hasi aurretik.