- Bi urte eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio Gasteizko Zigor arloko 1 zenbakiko Epaitegiak Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohiari, Iruña-Veleiako enklabe erromatarrean lurperatutako grafito batzuk "ezohiko" gisa aurkezten saiatzeagatik. Haren laguntzaile Ruben Cerdan ere erruduntzat jo du epaileak; urtebete, hiru hilabete eta 23 eguneko kartzela-zigorra ezarri dio. Hala ere, biek espetxea saihestuko dute, epailearen hitzetan, auzia asko luzatu delako eta 12.490 euro ordaindu beharko dizkiote Arabako Foru Aldundiari.

Hasieran, Aldundiak egindako akusazio partikularrak zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu zuen Gilen-tzat, eta fiskaltzak, ordea, bost urte eta erdiko zigorra. Ondarean kalteak eragitea eta iruzur egitea egotzi zioten Eliseo Gili, nahiz eta azken momentuan omisio delitua eta dokumentuak faltsutzea ere egotzi zioten.

Isabel Maria Diez Pardo epaileak frogatutzat eman du Gilek bere aurkikuntzekin iruzur egin zuela. Beraz, agiriak faltsutzeagatik urtebeteko kartzela zigorra ezarri dio eta iruzur delituagatik urtebete eta hiru hilabetekoa. Hala ere, bi zigorretako batek ere ez duenez bi urteko iraupena gainditzen, ez da espetxera joango. Epaiak dio ezin dela frogatutzat eman grafitoak Gilek berak egin zituenik. Aitzitik, Gil, aztarnategiko zuzendari ohia zenez, aztarnategian egiten denaren jabe eta erantzule zela onartu du. Izan ere, epaian frogatutzat ematen da Gilek "erromatar berantiarretan benetako 36 pieza arkeologiko zeramikotan inskripzioak egin zituela", aurkikuntzei "ez zuten balio historiko-kultural erlijiosoa emateko". Gainera, epaileak nabarmendu du idatziak eta irudiak "piezak garbitzeko prozesuan" agertu zirela, eta ez aztarnategian piezak aurkitu zituztenean.

Aurkikuntza ikusgarriak 2006an aurkeztu ziren. Gilek iragana alda-tzen zuten aurkikuntza batzuk iragarri zituenean. Besteak beste, III. mendeko Kristoren Kalbarioa eta euskarazko hitzak zituzten buztinezko piezak aurkitu zituztela azaldu zuten. Horrek, iraultza handia suposatzen zuen; hiru mende aurreratzen zutelako Kalbarioaren lehen irudikapen-tzat hartzen dena, VI. mendekoa eta Erromako katakonbetan aurkitua, eta baita beste 800 urtetan idatzitako euskararen agerpena ere, XI. mendeko Donemiliaga Kukulako glosei dagokienez. Hala ere, 2008an, pieza horien benekotasuna aztertzeko ba-tzorde zientifiko bat sortu zen.

Batzordaren ebazpenaren harira, Arabako Foru Aldundiak aztarnategia ustiatzen zuen Lurmen enpresa kaleratu zuen, eta arduradunen aurkako salaketa jarri zuen. Aurtengo otsailaren 3an hasi zen epaiketa: 50 bat lekukok parte hartu zuten epaiketa iraundu zuen 12 saiotan. Hiru akusatu zeuden epaiketaren hasieran: Eliseo Gil, Ruben Cerdan eta Oscar Escribano. Hala ere, eta lehen saioan bertan, Oscar Escribano geologoak pieza bat faltsutu zuela onartu zuen, broma bat egiteko asmotan Veleia hitza pieza batean idatzi zuelako. Akusazioarekin urtebeteko espetxe zigorra adostu zuen. Epaiketak iraun zuen ondorengo hamaika saioetan, Oscar Escribano ez zen akusatuen aulkian eserita egon.

Eusko Alkartasuna pozik agertu zen atzo Iruña-Veleiako grafitoei buruzko epaiarekin. Bere garaian, Lorena Lopez de Lacallek zuzentzen zuen Kultura Sailak egindako lana bermatzen du. "Ez Arabak ez Euskal Herriak ez dute iruzurrik behar beren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz harro egoteko", adierazi zuen 2006an aurkitutako grafitoen benetakotasuna zalantzan jartzen hasi zenean Kultura diputatu izandakoak. Lopez de Lacallek gaineratu zuenez, "hasieratik, gaia sakon" aztertu nahi izan zuten. "Helburua ez da inoiz kartzela-zigorrak lortzea izan, gertatutakoa argitzea baizik", esan zuen.

Orain, "aztarnategi paregabearen izen ona berreskuratzea da garran-tzitsuena, bikain zaindutako gunea izanda, historiaurretik gaur egunera arteko datuak aztertzeko aukera ematen duen Arabako historiaren benetako liburu irekia baita". Horregatik, "indusketen erritmoa berreskuratzeko eta aztarnategiari balioa emateko garaia" dela azpimarratu ziem Lopez de Lacallek. Bukatzeko, Aldundiko Kultura saileko taldeak 2007ko abuztutik 2010eko abendura egindako kudeaketa ona balioan jarri zuen eta jasotako kritikei inoiz ez diela erantzun azpimarratu zuen, prozesu judizialarekiko errespetuagatik".