Jose Luis Zumeta margolariaren heriotzak hamaika adierazpen piztu ditu euskal agintari eta eragileen artean. "Euskal arimari forma eta estetika eman dion belaunaldi bateko kidea". Horrela definitu du artista Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, haren heriotza ezagutu eta minutu gutxitara, eta hark erakutsitako "grina berritzaileak luzaroan lagun gaitzala" desiatu du.

Zumetaren heriotzak hamaika adierazpen utzi ditu azken minutuetan. Foru Gobernuko Kultura diputatuak ere, Harkaitz Millanek, Zumetak "gure gizartean arte garaikidea ezagutzeko" egindako ekarpena goraipatu du.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren hitzetan, "euskal kultura eta artea berritzeko funtsezko sortzaileetako bat joan zaigula. Eta euskal gizartearen imajinario kolektiboan eragin esanguratsua utzi du. Goian bego".

Zumetaren jaioterrian, frontoiko murala egin zuen 1973. urtean. Usurbilgo Udalak, ohar baten bitartez, egindako lanak gogoratu eta heriotza "galera handia" dela adierazi du. "Kolpe gogorra jaso dugu gaur usurbildarrok, Euskal Herriak eta, oro har, kulturak Jose Luis Zumetaren heriotzarekin. Arte garaikidearen ikur, artista bizi eta emankorra izan da Zumeta. Gure herriaren imaginario kolektiboan ezinbesteko erreferentzia. Mila esker!", nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak.

Jose Luis Zumetak hamaika lan egin zituen herri ekimenen alde. Tartean, 2005eko Araba Euskaraz-eko, 2015eko Kilometroetako, eta 2017ko Nafarroa Oinezeko kartelak. Ikastolen Elkarteak Zumeta "artista handia izateaz gainera ikastolen gertuko pertsona bihotz handiko eta eskuzabala" izan dela adierazi du.