Sakon aztertu du Ekain Martinez de Lizarduik irrintzia: horren jatorria, zentzua, funtzioa, bilakaera, arauak, orain arte bizirik irauteko gakoak, transmititzen duena, ordezkatzen duena€ Informazio hori guztia bere hausnarketa pertsonalekin josi eta dokumental bat aurkeztu du: Erraiak: arbasoen oihartzuna.

Nahiz eta, halabeharrez, orain dokumentalaren banaketa eten duten, oraindik herriz herri proiektatzeko lanetan ari dira. Nolanahi ere, Martinez de Lizarduiren lana ez da ikusentzunezko piezarekin amaitu; beste urrats bat eman nahi du aurrera. Irrintzilarien arteko sare bat osatzen dabil orain, hauek harremanetan jarri eta elkar ezagutzen laguntzeko.

Bera irrintzilaria ez bada ere, asko ezagutu ditu ikerketa egin bitartean. Horietako hainbatek azpimarratu diote irrintzilarien arteko ezagutza falta. "Esaten zidaten irrintzilariak egonagatik ere, ez dutela elkar ezagutzen, sakabanatuta daudela. Dantzariek edo bertsolariek, kontrara, badituzte euren sareak". Erronka pertsonal modura eta proiektuarekin lagundu diotenei eskertza gisa hartu du sarea osatzearen lana. Oraingoz bidean ezagututako irrintzilarien zerrenda egiten ari da. Harremanetan jarri nahi ditu, ondoren, haiei protagonismoa emateko. "Haiek erabakiko dute zer egin, baina, ziur asko ikastaroak, ikerketak egiteko taldeak eta hainbat gauza aterako dira handik".

HUTSETIK ABIATUZ Irrintziaren inguruko bibliografia arakatzen hasi zuen proiektua. Ezer gutxi topatu zuen, ordea: "Definizioren bat, deskripzioren bat edo parrafo solteren bat, han edo hemen". Ikus-entzunezkoetan ere ez zuen gauza askorik topatu, akaso Hollywoodeko filmeren bat, gehienetan irrintziak erdeinuz erabiltzen zituena. Zeharo harritu zuen horrek. "Euskaldun guztiok ezagutzen dugu irrintzia, baina ez dakigu ondo zer den eta zer dagoen bere atzean", kontatu du. Orduan, elkarrizketak egiten hasi zen: irrintzilariei, historialariei, zientzialariei, musikariei, bertsolariei€

Irrintziaren atzean dagoena interpretatzen saiatu da zuzendaria. Horretarako, alderdi ezberdinetatik begiratu dio antzinako oihu horri: nola transmititu den belaunaldiz belaunaldi, irrintzi on bat egiteko arauak zeintzuk diren, gure animaliatasunera, hots, "izan ginen horretara", egiten duen bidaia, burmuinean duen eragina€ "Oso mundu interesgarria da oihuen mundua, eta asko dago ikertzeko", aitortu du.

Irrintziaren inguruan hain dokumentazio apurra aurkitu izanak "askatasuna" eman dio ikerketan zehar egindako hausnarketak plazaratzeko. Dokumentalean denetarik dagoela azaldu du: elkarrizketa asko, argazki zahar zein berriak, komikilari baten irudiak€ "Nahasketa bat da", zuzendariaren hitzetan.

ARBASOEN OIHARTZUNA Irrintzia gure animaliatasunarekin lotzen gaituen tresna dela uste du Martinez de Lizarduik, "oso gurea da". Aditu batzuen esanetan, irrintzia botatzen dugunean garunaren sistema linbikoa aktibatu egiten da, garunaren zatirik "reptilianoena", alegia. "Horren inguruan ikertzeko asko badago ere, argi dago irrintziak erraietara eramaten gaituela". Hori bera da dokumentala ikusi duten guztiek azpimarratzen dutena, erraiak mugitu dizkiela. "Jendeak modu desberdinean bizi du irrintzia, baina badu kohesio elementu bat, erraiekin konexioa egitera eramaten dituena".

Horren antzinako oihua gaur egunera arte iritsi izana erraz azaltzen du Martinez de Lizarduik, izan ere, oraindik bere funtzioa betetzen du. "Hitzez azaldu ezin diren gauza asko komunikatzen dute irrintziek", kontatu du. "Garai bakoitzean bete duten funtzioa aldatuz doa, baina komunikatzen jarraitzen dute eta horregatik daude bizirik".

AMAK ALABARI Bada beste elementu garrantzitsu bat irrintziaren biziraupena azaltzen duena: urteetan emakumeek etxean egin duten transmisioa. Ikerketa prozesuan aurkitu dituen irrintzilari gehienak emakumeak dira, eta ia denek -adinekoak diren guzti-guztiek- azaldu diote etxean amarengandik edo amamarengandik ikasi zutela. Aipatzekoa da, Martinez de Lizarduik aurkitu dituen irrintzilarien argazki zahar guztietan protagonistak gizonezkoak zirela. "Horrek ez du esan nahi emakumeek irrintzirik botatzen ez zutenik", argitu du, "soilik espazio publikoa gizonezkoena zela". "Kameraren aurrean ere haiek ziren protagonistak, baina errealitatea ez zen inondik inora horrelakoa".

Oraingoz 35 herritan proiektatu dute Erraiak: arbasoen oihartzuna, eta hurrengo urratsa estatura eta nazioartera salto egitea da. Ikusteke dago noiz berrabiarazi ahalko duten banaketa, baina argi dago dokumentalak ibilbide luzea duela oraindik ere.