Egun batzuetan sasi aberatsen bizitza estiloa eraman ostean (paradisuko hondartzak, itsasertzeko afari erromantikoak eta gora-begira denbora pasa), Gili island bezala ezagunak diren irlak atzean utzi ditugu. Itsaso epelaren kresala usainduz zeharkatu dugu uharte ñimiñotik, uharte ertainerako itsasbidea. Paisai eder hau gure oroitzapenetan iltzatua geratzea gustatuko litzaiguke, baina olatuen kulunkak sorrarazten digun logaleak, gure nahien kontra dabil eta begiak ixten dizkigu.

“Terra firma”-ra iristean, gure gihar bigunduei alferkeria kentze aldera, bizikleta gainean jarri eta kilometro batzuk egin ditugu. Hondartza batetik besterako igarobideetan, hauspoa ederki berotzen diguten maldak gainditu behar ditugu, igoeren ostean aldiz, odola hozteko moduko jaitsiera bortitzak datoz. Hondartzen alboko ordokietan, palmondoen itzaletan babesturik, arnasa hartzeko parada dugu, hurrengo aldapa beldurgarria noiz etorriko.

Urrunean, gure bidaiaren puntu gorena begiztatu dugu, Rinjani sumendiaren tontorra. Bertan mendi ibilaldi bat egiteko asmoa dugu, eta horretarako Senaru herrixkara joatea gomendatu digute. Trekkinga gure kabuz egiteko asmoa geneukan, baina gida guztietan irakurri genuenez, agentzia batekin egin ezean, arazoak besterik ez genituen izango. Egia ala zurrumurrua, badaezpada ere agentzia txiki batekin lotu dugu txangoa, bide batez, bertako gazteei turismotik diru sarrera duin bat izateko aukera zabaltzen zaiela pentsatuz.

Hiru eguneko ibilbidea da aurrean duguna, bi gau igaroz Gunung Rinjani parke nazionaleko lurretan. Harro-harro hasi dugu ibilbidea, euskaldunok mendirako dugun zaletasuna, 3.726 metrora iristeko nahikoa berme balitz bezala. Zalantzak, baina, segituan loratu dira gure buruan, ekipamenduz nahiko justu gabiltzala begi bistakoa baita. Azken finean, hilabetez eta patxadaz, Bali eta Lombok irlak bizikletaz ezagutzea zen gure asmoa, hondartzatik hondartzara joanez, eta ez himalaiar tropikalarena egitea. Asmo horiek buruan, oinetako modura sandalia batzuk besterik ez ditugu ekarri, mendiko sandaliak, bai, baina sandaliak azken finean. Aneto mendiko glaziarrean, kaleko zapatila soil batzuekin erreskatatzen dituzten turista babu horien irudiak etorri zaizkit burura, eta lotsa sentitu dut. Burua makurtzean baina, zamaketarien oinetakoei erreparatu diet, hondartzara joateko ozta-ozta balio duten txankleta soil batzuk! Hauek bai meritua, sorbalda gainean, banbu adar batez loturiko bi otar pisutsu izanda, ahuntzen pare maldan gora eta behera ibiltzen baitira. Lehen egunean 2.600 metro ingurura iritsi gara, bi mila metroko desnibel positiboa gainditu ostean. Bertan dago gaua igaroko dugun kanpalekua, han-hemenka jarritako oihalezko iglu sorta. Komunak, lurrean bertan eginiko zulo txikiak dira, dutxako gortina arin batzuekin, alferrik, intimitate pixka bat sorrarazi nahi dutenak. Ikuspegi ederrak, eguneko nekeak ezabatzen ditu. Sumendiaren kraterraren ezpainean gaude eta 500 bat metro beheraxeago, Segara Anak izeneko krater aintzira aparta miretsi dezakegu.

Bigarren eguneko ibilbidea laburragoa izan da. Aintzirara jaitsi ostean, aurreko eguneko garaiera berdinean kokatu dugu gure kanpalekua. Landaredia gero eta hilago agertzen den inguru honetan, sumendia gero eta biziago nabari dugu. Ur termalak, lurrun zutaberen bat urrunean... sumendia lo zerraldo ez dagoenaren seinale. Goiz oheratu gara, tontorrerako bidea gauez egiteko asmoa baitaukagu, egunsentia bertan ikusi ahal izateko. Behartutako lo goiztiarrean, nire ameskerietan dantzan nengoela, sumendia berpiztu egiten zenaren ametsa izan dut, eta sukalde bateko plantxan jarritako bi otarrainxka ginela ikusi dut. Izerdi patsetan, esnatu eta eskua koltxonetaren azpian sartu dut. Bero-bero dago lurra.

KOSTATA, IRITSI GARA

Ilunpean, buruko linternaren argi lotsatiarekin, maldan gora abiatu gara bata bestearen atzetik, ilara txukunean. Hotzak, logureak eta pausoak emateko zailtasunak, norbera bere pentsamenduetan murgiltzera eramaten gaitu. Orduak daramatzagu hondar beltz lodiko duna amaigabe batean, goraegiten ditugun bi pauso bakoitzeko, bat atzera eginez. Kostata, baina azkenean lortu dugu tontorrera iristea, eta ekuatoreko lerrotik gertu hotzez akabatzen egon daitekeela ikasi dugu. Ikuspegia aparta da, Lombok irlaren hedadura guztiaz gain, Bali eta Sumbawa uharteak eta beste hainbat uharte txiki ikusten ditugu, Indiako ozeanoan barreiaturik. Egunsentia denez, mendebalderantz begiratuz gero, lainoetan gure oinen azpian dagoen sumendiaren silueta ikusi dezakegu marrazturik. Dardararen eraginez lausoa irtengo den argazkia egin ostean, beheranzko bide luzeari ekin diogu.

Orain zailena dator, ia hiru mila metroko jaitsiera jarraian, belaunak kraskatzeko modukoa, baina zalaparta handirik gabe egin beharrekoa, sumendiaren dar-dar txiki batek, Rinjani siesta goxo batean besterik ez dagoela gogorarazi baitigu. Hobe esnatzen ez badugu, diote bertakoek.