Koronabirusak goitik behera aldatu du kultura kontsumitzeko era. Kontzertu asko bertan behera gelditu dira, eta gauza bera gertatu da antzezlanekin. Museoek, berriz, ateak itxi behar izan dituzte. Kultur arlo gehienak -guztiak ez badira- moldatu egin behar izan dira egoera berrira; berrasmatzeko beharra ikusi dute sortzaile askok, eta horretan aritu dira azken asteetan. Sekulako arrakasta izan dute streaming bidezko emanaldiek eta hitzaldiek, besteak beste. Izan ere, argi gelditu da teknologiak aukera asko ematen dituela.

MUSIKA

Musika taldeek atzeratu egin behar izan dituzte diskoen grabaketak eta zuzeneko emanaldiak. Hala ere, aurkitu dute zeregina, eta harrera ona izan dute streaming bidezko kontzertuek. Euskal musikari asko animatu dira horrelako emanaldiak eskaintzera, tartean, Zea Mayseko kideak edo Xabi Bandini. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ere bertan behera utzi behar izan ditu emanaldiak, baina konfinamendu aste hauetarako #EuskadikoOrkestraEtxean jarri dute martxan. Multimedia edukia ipini dute erabiltzaileen eta jarraitzaileen eskura, hainbat bideoren aukeraketa eginda.

LITERATURA Konfinamendu garaiak irakurtzeko aprobetxatu ditu jende askok, mesanotxean pilatu ohi diren liburuei denbora bat eskaintzeko. Sarean ere aukera zabala dago, baita euskarazko literaturari dagokionean ere. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak eLiburutegia zerbitzurako sarbidea erraztu du. 20.000 liburu inguru daude eskuragai; tartean, eleberriak, komikiak, poema liburuak baita haurrentzako literatura ere. Horrez gain, audio liburuak eta filmak daude katalogoan. Bestalde, Booktegi eta Armiarma webguneak ere interesgarriak izan daitezke berrogeialdirako. Lehenengoan, mota guztietako euskarazko liburuak daude, eta deskargatzeko zein plazaratzeko beta ematen du. Bigarrenean ere, Armiarman, bada euskarazko lanak eskuratzeko aukera.

IKUS-ENTZUNEZKOAK

Berria egunkaria kultur sortzaileen emanaldiak ari da eskaintzen egunero. Berria Aretoa sortu dute horretarako. Bideo bidez, kontzertu digitalak eskaini dituzte, adibidez, Anarik, Morauk eta Amorantek. Horrez gain, haurrentzako tailer bat eman du Mursego musikariak eta ipuin kontaketa egin du Dorleta Kortazarrek. Txakur Gorria sormen taldeak ere grabatu du bideo bat aretorako.

Gaztezulo aldizkaria zuzeneko elkarrizketak eskaintzen ari da astelehenetik ostiralera eguerdiko 12:00etan Instagram bidez. #Zulotik izeneko tarte berrian ezagutu nahi dute zer eragin izan duen itxialdiak musikarien, kazetarien, aktoreen zein kirolarien bizitzan. Besteak beste, Jon Plazaola, Ane Irazabal, Irene Paredes, Aitziber Garmendia eta Skakeitaneko kideak elkarrizketatu dituzte.

Tabakalerak, berriz, sarean ditu orain arteko hitzaldiak zein aurkezpenak, eta streaming bidezko edukiak ikusteko aukera dago #TabakaleraEtxean ekimenari esker. Argiak ere multimedia kanala dauka, non dokumentalak, film laburrak, erreportajeak, antzezlanak eta solasaldiak batzen diren, besteak beste.

EiTBren Hiru3 kanalak haurrentzako proposamen zabala eskaintzen du, irakurketa bultzatzeko edukiak eta bideoklipen koreografiak, adibidez. Umeek konfinamendu egoera nola bizi duten jakiteko, argazkien eta bideoen bilketa bat egiten ere badabiltza.

BERTSOLARITZA

Hainbat bertsolarik Etxetik etxera saioak eskaini dituzte internet bidez. Ekimenean parte hartu dute, adibidez, Julio Soto, Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze, Jone Uria, Nerea Ibarzabal eta Andoni Egañak. Horrez gain, bertsoikasgela.eus atarian hainbat bertso sorta daude bilduta. Esaterako, Etxean gaudenoi, Iñaki Gurrutxagaren hitzak eta Maddalen Arzalluzek abestuta. Jon Maia bertsolariak, bestalde, Ixolamenduaren bertsoak egiten dizkio hala eskatzen dionari. Twitter bidez jendea animatu zuen esperientzia propioen berri ematera. Gauzak horrela, kasu bakoitzeko bertso bat ari da prestatzen. Gisa honetako ehunka bertso sortu ditu jada Maiak.

PODCASTAK

Azken urteetan indar handia hartu dute podcastek, eta Zuzeu atarian aukera zabala dago. Horien artean daude koronabirusaren gaia jorratzen dutenak ere. Horrez gain, Badok euskal musikaren atarian Dunbala podcasta jarri berri dute martxan. Eneritz Furyak eta Jagoba Salvadorrek musika izango dute ardatz proiektu horretan.

ARTE ESZENIKOAK

Haatik dantza konpainia lanen pasarteak ari da jartzen sarean. Webgunean #kulturabirusa izeneko tartea sortu dute, eta 15 minutu inguruko bideoak igotzen dituzte, baina 48 orduz besterik ez. Bi egun igaro ostean, bideoa aldatzen dute. Tartean teatroak ere konpainiaren antzezlanak jarri ditu Vimeon ikusgai. Hauek bi adibide besterik ez dira.

MUSEOAK

Museoak ere itxita daude egunotan, baina askok bisita birtualak eskaintzen dituzte kultura sustatzen jarraitzeko. Donostiako San Telmo, esaterako, eduki digitalak ditu ipini eskuragarri, eta BilbaoArteren webgunean Damaris Pan artista egoiliarraren Adarrak bistara erakusketa dago ikusgai. Nazioartean, Londresko Britaniar Museoa, Parisko Louvre, New Yorkeko Metropolitan eta Madrilgo Prado ere horretan ari dira.