Artistei zuzendutako ikasketa programa bat jarriko da abian uda honetan, Jarduera Artistikoen Institutua (JAI) sortzeari esker. Hiru hilabetez, ekainaren 1ean hasita eta abuztuaren 30era hamasei sortzailek euren proiektu artistikoak gauzatzeko aukera izango dute. Tabakalera Kultura Garaikidearen Zentroaren eta Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoaren ekimena da. Institutu honetan gauzatuko duten programarekin ekoizpena, pertzepzioa eta lan kritikoa sustatu nahi dituzte, besteak beste. JAIren arduradunen esanetan, etengabeko elkarrizketan oinarritutako programa pedagogiko eta esperimentala garatzeko asmoa dute. Izena emateko epea zabalik dago martxoaren 31ra arte.

Tabakaleraren bosgarren urteurrena da aurten, eta profesionalei zuzendutako programazioa indartu dute. Sorkuntzari babesa ematen dioten ekimenen barruan dago Artiumekin indarrak batu eta Jarduera Artistikoen Institutua martxan jarri izana. Institutu horretan parte hartuko dutenek hiru tutore izango dituzte: Iban Aranberri, Itziar Okariz eta Asier Mendizabal artistak. Mendizabalek adierazi duenez, betidanik sentitu izan den behar bati erantzuteko beste saio bat da Jarduera Artistikoen Institutuaren sorrera. "Aurretik ere egon dira proiektu pedagogiko pilotuak, transmisioa sistematizatzeko moduak, eta hau beste sozio bat da segida horretan".

Hala ere, nabarmendu du baduela berezitasun bat; Artiumek eta Tabakalerak dituzten baliabideekin egingo dute lan, hau da, bi erakunde horien programetan dauden artistek saioak emango dizkiete ikasleei. Hala, Euskal Herriko zein nazioarteko arte arloko zortzi irakasle izango dituzte institutuan, tartean, Katinka Bock, June Crespo, Moyra Davey eta Jon Mikel Euba. "Normalean, helburuak, edukiak eta metodoak finkatzen dira lehenengo, eta gero bilatzen da hori aurrera eramango duen jendea, baina guk kasik alderantziz egin dugu; forma konkretu bat eman diogu, jakinda zein artistekin egingo genuen lan", azaldu du. Besteak beste, baliabideak "probesteko" modu bat dela uste du Mendizabalek: "Normalean erakusketak egitera etortzen dira, eta etorrera hori modu intentsiboago batean aprobetxatu nahi dugu, harreman zuzenagoa izan dezaten hemengo artistekin, baita kanpotik etorri daitezkeenekin ere".

Artista gonbidatu bakoitzak erabakiko du nolakoak izango diren eskainiko dituen saioak; tailer bitartez emango dituen ala hitzaldien bidez, esaterako. Tutoreek ekarpen horiek guztiak batu eta jarraipen bat egiteko ardura izango dute, ildo bat markatzekoa, hain zuzen ere. "Kanpotik datozenen ekarpenak heterogeneoak izango dira, eta guk epe luzerako jarraipena egingo dugu", adierazi du Mendizabalek. Artista gonbidatu guztiei galdera konkretu bat planteatuko dietela azaldu du: "Zein jakintza praktiko da zure lanean garrantzitsua eta besteekin partekatu dezakezuna?". Bakoitzak modu batera interpretatuko duela uste du, eta ekarpen bat egingo duela horrekin.

Praktika artistikoa izango da programaren muina, eta jakintza praktikoa transmititzeko ahalegina egingo dute, baina Mendizabalek argitu du ez dutela "pinturak nahasten" edo "metalak soldatzen" irakatsiko. "Alde praktikoan landuko duguna da, esaterako, lengoaiak nola ulertzen ditugun eta arteak nola egiten dituen munduaren errepresentazioak", zehaztu du.

BALIOGARRIA ZAIONARENTZAT Institutuan parte hartzeko deialdiak ez du identifikatzen arte jarduera konkreturik; eskaintzen diren erremintak baliogarriak zaizkion edozein aurkeztu daiteke. "Artea ez dugu ikusten diziplinen arteko banaketa bezala; analisirako tresna bat da, mundua ulertzekoa, eta bakoitzak bere lanean aplikatu dezakeena", azpimarratu du. Horretaz aparte, oso interesgarria iruditzen zaio programan parte hartuko duten artisten arteko hartu-emana eta sortu daitekeen konplizitatea. "Horrelako tokietan garrantzitsuena da ikasleek gainerako kideekin partekatzen duten guztia".

Abuztu amaieran lanak aurkezteko beta izango dute artistek, baina airean dago zer formatutan egingo duten: "Normalena da pentsatzea nolabaiteko erakusketa baten forma hartuko duela, baina kurtso esperimental praktiko bat bada gurea, onartu behar dugu emaitzak ere irekia behar duela izan".

Interesa dutenek izena emateko aukera izango dute hilaren 31ra arte. Horretarako, Tabakaleraren webguneko galdetegi bat bete beharko dute, eta lau dokumentu bidali: curriculum vitae-a, biografia, motibazio gutun bat eta lan dosier bat. Ebazpena apirilaren 10ean jakinaraziko dute institutuaren arduradunek, eta hautatutakoek 300 euroko matrikula ordaindu beharko dute. Horrez gain, hala eskatzen duten lehenengo sei ikasleek aukera izango dute kurtsoak iraun bitartean Tabakalerako hotelean ostatu hartzeko, ordainduta. "Uste dut eskaintzen duguna oso eskuzabala dela, eta espero dut jendeak hori ikus dezan neurri berean erantzunez", adierazi du Mendizabalek.