Juana Ines Gurutzekoa lehenik, Sor Juana Ines geroago. XVII. mendean Mexikon bizi izan zen emakume baten izena eta izana oinarri hartuta ondu du Vaiven konpainiak Ni, munduko txarrena musikala. Olga Margallok zuzendu du antzezlana, eta Antonio Muñoz de Mesarena da testua. Bestalde, Ainara Ortegak izan du obra euskarara ekartzeko ardura.

Juana Ines Gurutzekoak Juana Asbaje Ramirez izena zuen berez. San Miguel de Neplantan jaio zen, 1651n, Mexiko espainiar inperioaren kolonia zen garaian. Hiru urte zituela, Asbajek irakurtzen ikasi zuen, eta oraindik umea zela, latina, erretorika eta filosofia ikasi zituen. Espainiako errege-erreginen ordezkariek Mexiko hirian zuten gorteko dama izan zen, eta, ezkontzeari uko eginda, moja sartu eta ikasten jarraitzea erabaki zuen. Horiek guztiak azaldu nahi ditu Vaiven konpainiaren obra berriak. Horiek guztiak, eta gehiago ere.

Abitua oso gazte jantzi behar izan zuen Juana Inesek, motiboa erlijiosoa izan ez zen arren. "Garaian emakume askori gertatzen zitzaien bezala, ikasteko aukera bakarra zen moja sartzea. Gizarteak bideratzen zituen emakumeak, besterik ez balego bezala, ezkontzera, haurrak izatera eta familia osatzera. Unibertsitatera sartzea debekatuta zuten emakumeek, eta hezkuntza jasotzeko aukera bakarra zen moja sartzea. Moja sartu estudiatu ahal izateko eta libre izateko. Abituaren azpian libre izateko", hala esplikatu du Ainara Ortega aktore eta antzezlanaren euskarazko bertsioaren egileak. Ortegak Juana Inesen ahizpa hezurmamitu du, eta Itxaso Quintanak gorpuztu du Sor Juana. Aurreko biekin batera, Nerea Gorritik, Ugaitz Alegriak eta Dorleta Urretabizkaiak osatzen dute aktore taldea.

PROTOFEMINISTA Duela 400 urte bizi izan zen andrearen bizitzak sakoneko mezu eta aldarria duela uste du Ortegak: "Bere garairako oso aurreratua zen Juana, eta baita gure garairako ere. Esaten dugu feminismoa agertu aurreko garaian protofeminista izan zela". Juanaren memoria gure egunetara ekartzeko ariketa, "kontzientzia freskatzeko" beharrezkoa. Emanaldiaren izenburua, Ni, munduko txarrena, Juana Ines Gurutzekoak bere buruari buruz idatzitako esaldirik ezagunenetako bat da, eta horri egiten dio erreferentzia antzezlanak.

Bada, idazle aparta izan zen Sor Juana, eta Ortegaren iritziz, gutxietsia: "Esaten zuten Calderon de la Barca edo Lope de Vegaren hainako idazlea zela, baina€ ez ote ziren beste biak Juanaren parekoak izango?". Emakumea izanagatik, gizonen itzalpean bizi izan zela azaldu du aktoreak. "Gauza oso latzak pasarazi zizkioten, eta nik uste dut hori dela miresteaz gain, beldurra ere ziotelako; konbinazio hori lehergailu bat izan daiteke, miresmenaren adinakoa zen zioten izua".

Drama, komedia, tragedia, umorea, erromantizismoa eta musika. Handik eta hemendik nahastu dituzte estilo eta formak obran. Genero musikala baliatu dute emanaldia taularatzeko; eta ondorioz, dantzak eta kantuek ere berebiziko garrantzia dute. Baita horiek egoki itzultzeak ere. Guztira, zazpi abesti daude antzezlanean, eta bost euskaratu ditu Ortegak. "Lan guztietan zailena abestiak itzultzea izan da, esanahia mantendu eta hizkuntza molde egokia erabiltzea; Juanaren bi olerki jatorrizko hizkuntzan, gaztelaniaz, entzungo dira bere estilo eta idazteko moduaren berri izan dezan publikoak". Dena den, poemak itzuli egin ditu Xabier Euskitzek, eta fondoan proiektatuko da Juanaren hitzen euskarazko bertsioa.

MUSIKA BIDELAGUN Emaitzarekin pozik agertu da aktorea. "Izerdiak bota ditut dena euskarara ekartzeko, baina nik uste dut emaitza txukuna dela". Antzezlana musikal formatuan aurkezteak baditu abantailak. Ortegaren ustez, kantak tartekatzea eszena zenbait "arintzen" lagungarri izan daiteke; ezer ez da debaldekoa: "Istorioa oso gogorra da, eta eszena tragiko baten ondoren ikusleak eskertu dezake kantu bat entzutea, giroa arintzen da eta errazago da komediaz beteriko eszena batera igarotzea. Bidelagun ona da musika". Gospela, doinu afroamerikarrak eta melodia abangoardistagoak ere uztartzen dira abestietan, obrari kutsu "atenporala" emanez: "Ezer ez da inoizkoa". Iñaki Salvadorrek konposatu du musika, eta Maitane Zalduegik, aldiz, kantu bakoitzari dagokion koreografia prestatzeko ardura izan du.

Eszenografia ere elementu gutxirekin osatu dute, sotila da. "Gutxirekin bihurtzen da oholtza konbentu bat, liburutegi bat eta kasik kabaret bat". Ortegak uste du azken urteetako joera hori dela, agertoki gainean gauza gutxirekin kontatzea istorioak, beste garai batzuetako antzerki kostunbrista eta barrokotik aldenduz.

ELE BIETAN ANTZEZTEA Obra pasaden larunbatean taularatu zuten estreinakoz, euskaraz. Gaztelaniazko bertsioa, berriz, astelehenean antzeztu zuten lehen aldiz. Bi hizkuntzatan idatzi, irakurri, antzeztu eta entseatu behar izan dute aktoreek. Ortegak ohartarazi du obrak bi hizkuntzatan aurkeztea "oso zaila" izateaz gain, lan karga handia dakarrela. "Finean, bi lan egiten ari gara prezio berean". Uste dut euskal antzerkiaren inguruan dabiltzan eragile eta instituzioek jorratzeke daukaten afera dela. Ikuskizuna euskaraz ikusteko hurrengo aukera martxoaren 24an izango da, Hernani.