Duela hogei urte erosi zuen Mikel Urdangarinek (Zornotza, 1971) etxeko pianoa, baina tapa ireki gabe eduki du hamazazpi urtetan. Hura zabaltzean baina, “berehalako maitemina” sentitu zuen. Hiru urte eman ditu “isilpean” pianoa deskubritzen, eta hilaren 12an horrekin batera sortutakoa jendaurrean aurkeztuko du Bilboko Arriaga Antzokian. Gitarra albo batera utziko du behingoz Urdangarinek, eta pianoarekin batera agertuko da taula gainean, biak bakar-bakarrik.

23 urtez eszenatoki gainean, baina lehenengoz pianoarekin.

Ulertzen dut harridura. Oso hurbileko jendeak jakin du pianoarekin hasia nintzela eta halako egitasmo bat buruan nuela, baina intimitatean eraman dut lan hau guztia azken hiru urteetan. Oso bakarkako prozesua izan da. Azkenengo hilabeteetan ezagutarazi da proiektua, Arriagako kontzertuaren data hurbildu denean.

Eta zein izan da pianoari heltzeko arrazoia?

Imajinatzen dut asko daudela. Pianoarekiko miresmen handia eta gogoa izan dut beti, baina hortxe utzi dut beti, “egunen baten, akaso”. Duela hogei urte, 2000. urtean, etxea erostearekin batera erosi nuen pianoa, bigarren eskukoa. Hura apurka-apurka jotzen ikasteko asmoz erosi nuen, baina tira… Asmoak erdi-ustel. 2017ra arte ez dut pianoaren tapa ireki, ezta nota bakar bat jo ere. Etxean pianoa entzun izan dut, beste batzuek jota. Denbora guzti honetan zehar ez diot inolako arretarik eskaini. Hainbeste denbora pasata, handitzen joan da nire errudun karga, eta duela hiru urteko udaberrian esan nuen: “Akabo, pianoa jotzen ikasi behar dut”.

Zerotik hasi al zinen?

Piano-jotzaile asko izan ditut beti nire inguruan, baina nik ezer gutxi nekien pianoari buruz. Klaseak hartzen hasi nintzen duela hiru urte, eta hortik gaur arte.

Arriagako oholtzara arte.

Salto handia da, bai. Intuizioak gidatu nau beti, eta hasi eta gutxira bat-bateko maitemina sentitu nuen instrumentuarekiko. Musika maitatzen duenarentzat, edozein tresna berri ikasteak bizitza aldatzen dizu. Aldatu ez bada ere, beste kolore bat ematen dio. Laster irudikatu nuen neure burua pianoa jende aurrean jotzen. Halako ametsa nuen, eta amets hori errealitate bihurtzeko bidean jarri nuen Arriaga Antzokiko data lotu genuenean.

Hiru urte izan dituzu kontzertua prestatzeko.

Isilpeko lan handia egin dut ordutik. Sekula ez diot gauza bati hainbeste ordu eskaini. Ez dakit nahikoa izan den, izan ere, bidearen hasieran nagoela sentitzen dut nik. Ikasteko asko daukadala dakidan arren, pentsatzen dut prestatutakoa erakusteko moduan nagoela. Ilusioa bezain handia dut erantzukizuna. Gauzak ondo egiteko eta gozatzeko asmoz noa.

Zer da kontzerturako prestatu duzuna?

Errepertorioa azken urte honetan osatu dut, batez ere. Piano-jotzaile askoren klaseak eta aholkuak hartu ditut denbora tarte honetan, eta ikasi ahala berehala aplikatu ditut nire kantutegian. Kantaldiko %90a abesti zaharrak izango dira, eta zati horren parte bat kanta zahar-zaharrak, urteetan kutxatik atera gabeak. Pianoak eskaini didan aukera aprobetxatu nahi izan dut abesti horiek berreskuratzeko. Hitzordu honetarako sortutako hiru pieza berri ere sartu ditut zerrendan. Ikasten zoazen heinean, konposatzen hasten zara, nahi gabe. Modu natural eta logikoan sortutako abestiak izan dira.

Beste itxura bat hartu al dute zure abestiek pianora ekarrita?

Nire kantutegia ezagutzen dutenek nabariko dituzte aldaketak. Melodia errespetatu dut, baina lan handia egin dut egitura eta harmonia eraldatzen. Pianoa nire abesteko erara egokitu dut, eta prozesu hori baliatu dut abestiei beste kolore bat emateko. Gainera, taldetik bakarka jotzera igarotzean, kantuak oso bestelako dimentsioa hartzen du. Azala aldatzen bada, barrukoa ere bai. Finean, hori da musika: forma eta barrua. Buelta polita eman diet ohiko abestiei.

Taula gainean bakarrik azalduko zara berriz ere.

Nik beti esaten dut: bakarlaria naiz, bai, baina taldea laguntzeko bakarlaria. Duela bi urte eta erdi egin nuen nire lehenengo kontzertu-bira bakarlari gisa, gitarra eta ahotsa bakarrik. Hor sentitu nintzen bakarlari lehenengoz, eta begira zenbat urte pasa behar izan diren. Hau ezberdina izango da, emozioak ez baitira inoiz errepikatzen. Denbora piloa daramat honetan pentsatzen eta benetan uste dut gau berezia izango dela. Nik gozatzen badut, bertaratutakoek ere hala egingo dute, ziur asko.

Erronka ez da makala.

Ardura bikoitza da: pianoa jo eta kantatu. Pianoak arreta guztia eskatzen dizu, sei zentzumenak horretara bideratzea, eta kantatzeak ere arreta handia eskatzen du. Oholtzara daramadan proposamenak biak uztartzen ditu, eta biak naturaltasunez egitea da asmoa, elkar oztopatu gabe, eta ahal bada, goxo, elkarri lagunduz. Errepertorioa aukeratzerako orduan oso kontuan izan dut hori; batetik, gogoa nuen horiek aukeratzeko, eta, bestetik, eroso egotea ahalbidetzen nindutenak jotzeko. Arrisku zalea ere banaiz, eta zaletasun horren pean erabaki asko hartu ditut bizitzan zehar, musikari lotuak horietako asko. Nire izaeran dago. Hala ere, nik beti diot: inor ez da denetarako ausarta, denok ditugu gure ahuleziak.

Zer eman dizu pianoak?

Ganorazko edozer ikasten duzunean, eta benetan uste dut instrumentu bat ikastea bizitzan oso aberasgarria dela, lehenago itxita zenuen ate bat zabaltzen duzu. Ate horren atzean beste toki bat dago, ezagutzen ez zenuen mundu bat. Nik hamazazpi urtetan izan dut pianoa egongelan, tapa ireki gabe. Egunero ikusten nuen altzaria etxean, eta duela gutxira arte hori izan da, altzari hutsa. Azken hiru urteetan egin dudan gauzarik ederrenetarikoa izan da pianori tapa zabaltzea, atea irekitzea, eta horren atzean zegoena deskubritzea. Horregatik bakarrik merezi izan du egindako denak.

Bi hamarkada baino gehiago daramatzazu sortzen, eta zerbait berria dakarzu oraingoan ere. Sortzaile bati ez al zaizkio ideiak bukatzen?

Ideiak bukatzea burua amatatzea da. Lehorte hori benetan sentitzeko, burua itzali behar duzu. Ez da erreala. Beste kontu bat da zu halako krisialdi batean sentitzea. Krisialdiak denongan daude, halakoa baita bizitza, baina krisialdian ere, ideiak etengabeak dira. Askotan bake apur bat behar da, pausa egin, zer eta zertaz idatzi behar duzun pentsatzeko.

Aurrera begira, baduzu bestelako asmorik?

Ez dago erabat itxita, baina estudioko disko berria grabatzeko asmoa dut, abenduan argitaratzeko. Dena den, pianoarekin batera eskainiko ditudan kontzertuekin bukatzean erabakiko dut. Udazkenean ere pianoarekin hara eta hona ibiltzeko asmoa dut Euskal Herrian, eta ahal bada, Euskal Herritik kanpo ere.

Urteak aurrera doaz eta jendetza biltzen jarraitzen duzu kontzertuetan.

Nik sekula ez diot kantatu publiko edo adin jakin bati. Hurbildu nahi izan duen horri kantatu diot, eta poztasun handiz ikusten dut gure kontzertuetan belaunaldi ezberdinak nahasten direla. Eskertzekoa da taula gainetik, publikoan, osotasun anitz bat ikustea. Egia esan, ez dakit oso ondo zeintzuk izan diren publiko gazteak nire musikara heltzeko hartu duen bidea, baina izugarri pozgarria da iritsi direla sentitzea.

Atzera begiratuta eta zure ibilbideari erreparatuta, zer datortzu burura?

Jakinda bizitzan gauzak ezegonkorrak eta aldakorrak direla, gure ofizioan batez ere, hasi nuen bidea erein eta helburuak lortu ditudala ikusteak izugarri pozten nau. Musikarion ofizioa likidoa da, magikoa, eta magikoa dena hauskorra da. Izugarri baloratzen dut oholtza gainean kantuan segitzea, nori abestu edukitzea. Lehen ere estimatzen nuen, aren aurkezpenean. baina geroz eta gehiago orain.