donostia - Milaka eskuren isilpeko lana (Mil manos sin rostro) erakusketak jatorri atzerritarreko etxeko langileen errealitatea erakutsiko du, Donostiako San Telmo Museoan datozen bi hilabeteetan garatzen joango den proiektu artistiko baten bitartez.

Susana Soto, museoko zuzendariak; Jon Insausti, Donostiako Kultura zinegotziak; eta Jone Urionaguena Gipuzkoako SOS Arrazakeriako bozeramaileak aurkeztu zuten atzo egitasmoa. Joseba Bontigui argazkilariak eta etxeko emakume langile migratzaileen kolektiboaren ordezkari gisa Tatiana Bellorinek ere parte hartu zuten agerraldian.

Erakusketa atzo inauguratu zuten, eta maiatzaren 10era arte izango da ikusgai, doan San Telmoko Laborategian. Argazkiak, proiekzioak, laneko objektuak eta hainbat artikulu daude bertan, eta hauen bitartez, bisitariak emakume horien istorioak, bizipenak eta aldarrikapenak ezagutu ahal izango ditu.

Erakusketa hiru eremutan egituratuta dago: lehenengoan, lehen planoan eta argi eta garbi langile horien eskuak eta haien lan-tresnak erakusten dituzten irudiak daude; aurpegiak, berriz, fokurik gabe geratzen dira, bigarren planoan.

Bigarren guneak kolektibo horren errealitatera hurbiltzen du publikoa, eguneroko bizitzako zailtasunak erakusten dituzten objektuen bidez; esate baterako, lan-kontratuak, "nazioz gaindiko hazkuntza" eta "migrazio-dolua" egitera behartuta egoteagatik dituzten kezkak, eta erdietsi nahi dituzten "aukera berriengatik" dituzten ilusioak.

Azken eremuan berriz, erakusketaren lehen egunetan hutsik egongo den eta apirilaren 25etik aurrera, proiektuko protagonisten aurpegiekin osatuz joango den erretratu-galeria bat izango da. Erakusketak irauten duen egunetan, hainbat topaketa, solasaldi, eta nikaraguar eta latinoamerikar musika kontzertu bat ere eskainiko dira.

Ekimen horrek Gipuzkoako SOS Arrazakeriako etxeko langileen kolektiboaren "inplikazio aktiboa" izan du, eta arreta berezia eskaini du ekimen horretan, "planteamendu parte-hartzaile eta dinamiko baten bitartez" publikoak langile horietaz duen "kontzeptua eralda-tzeko".

Izan ere, proiektuaren jatorria SOS Arrazakeriak 2019an egindako "atzerritar jatorriko etxeko langileak: egoera soziolaborala eta diskriminazioa zainketen esparruan" izeneko txostenaren argitalpenarekin piztu baitzen. Plataforma horren arabera, "oso ekarpen esanguratsua izan baitzen emakume horiek pairatzen dituzten gehiegizko lan-egoerak salatzeko".