donostia - Otsailaren 27an Donostian eta 29an Bilbon izango dira ikusgai Kimuak ekimeneko film laburrak.

Urtean Euskadin egindako film laburren aukeraketa bat den horretan, Etxepare Euskal Institutuak Euskadiko Filmategia Fundazioarekin batera antolatutako Kimuak programak, helburu argia izan du beti: euskal film laburrak sustatzea eta banatzea.

Honekin bat, azkeneko katalogoan hurrengo lanak jaso dira: Josu Veneno eta Jesus Mari Lazkanoren Artiko, Raúl de la Fuenteren El infierno -Goya sarietarako izendatua izan zen-, Jesús María Palaciosen LABO, Ion de Sosa eta Chema García Ibarraren Leyenda Dorada, Izibene Oñederraren Lur Saguak, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren Mateoren ama eta Ainhoa Gutiérrez del Pozoren Medvedek.

Film labur sorta honen jatorria Donostiako Zinemaldian dago, eta bertan proiektatu zenetik, mundu osoko beste 170 jaialditan hartu du parte.

Besteak beste, Zinebi, Bafici, Palm Springs, Seminci, Hong Kong, Bogoshorts, Black Canvas eta Warsaw zinemaldietan erakutsi ostean, hurrengo egunetan egingo diren proiekzioak, publiko zabalari bideratutako lehenengoak izango dira. Halaber, egileak bertan izango dira euren lanak aurkezteko.

Hartara, ostegunean Donostiako Tabakaleran proiektatuko dira aipatutako filmak, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Ordu berean, larunbatean Bilboko Arte Ederren Museora iritsiko dira film laburrak.

Proiekzioak ikusteko sarrerak bi zentroetako webgune eta leihatiletan eskuratzeko aukera dago, 3,50 euroren truke.