donostia - 7 ak bat, zazpi bekatu kapitaletan oinarritutako AXT konpainiaren satirak jaso du XX. Donostia Antzerki Saria. Gipuzkoako hiriburuan antzeztutako helduentzako euskarazko antzezlanik onena saritzen da honela urtero.

Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak sustatzen dute saria, eta atzo prentsaurrekoan adierazi zutenez, iaz helduentzako euskarazko antzerkiak 9.522 ikusleko marka erdietsi zuen, 48 emanaldi eskaini zituzten 14 antzezlanetan banatuta. Erakustaldien kopuruak gora egin du 2000. urtean saria ematen hasi zirenetik; orduan, 13 antzerki emanaldi eskaini ziren, 2.456 ikusle bilduz.

7ak bat antzezlana, gizakiaren gaiztakeriari buruzko satira "freskoa eta dibertigarria" da, zazpi bekatu nagusietan oinarritua, eta antzerki-lengoaia "bikaina" erabiltzen duena; gainera, "publikoarengana iristea lortzen du, oholtza gainean oso baliabide gutxi izan arren", epaimahaiaren esanetan. Epaimahaiak, bide batez, oso ontzat jo du "hartutako arriskua", produktu "ezberdin eta ezohikoa" eszenaratzean. Sariak 12.000 euro eta Amable Ariasen lan bat ematen ditu, eta banaketa ekitaldia martxoaren 27an izango da, An-tzerkiaren Nazioarteko Egunean, Victoria Eugenia Antzokian; ondoren, obra irabazlea antzeztuko da.