dONOsTIa - Euskarak bere lekua lortu du Filmin-en, zinema eta telesailen online plataforman. Filmin Euskaraz izena du du kanal berriak eta atzo estreinatu zen. Bertan, erabiltzaileak fikziozko filmak, dokumentalak eta haurrentzako zinema ikusi ahal izango ditu.

Espainiako plataformak atzo jakinarazi zuenez, eskura izango dira euskaraz filmatutako hainbat euskal ekoizpen, eta baita bikoiztutako edo euskarazko azpitituluak dituzten beste batzuk ere. Estreinaldirako, kanalak (www.filmin.es/canal/filmin-euskaraz) 40 film inguru bildu ditu, eta horien artean nabarmentzekoak dira azken urteotan sortutako Telmo Esnalen Dantza; Koldo Almandozen Oreina; Asier Altunaren Agur Etxebeste!; eta, baita lehenagoko Roberto Castonen Ander; edota Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren Loreak.

Filmin Euskaraz hiru sailetan banatzen da: fikziozko filmak, dokumentalak eta haurrentzako zinema. Azken multzo honetan, plataformaren erabiltzaileek Mark Osborneren Printzetxoa izango dute eskura, baita Dragoi Bola bezalako anime filmak ere; eta nola ez ba, ekoizpen euskalduneko animazio filmak ere badira, hala nola, Juan Bautista Berasategiren Nur eta herensugearen tenplua, edota Gorka Sesmaren Pixi Post eta opari-amaileak.

Dokumentalen eskaintzan, plataformak lan hauek nabarmendu ditu: Oier Aranzabalen Margolaria; Josu Martinezen Jainkoak ez dit barkatzen; edo Gure Oroitzapenak, Joseba Sarrionandiaren obratik abiatutako film kolektiboa, non euskal zinemaren izen nagusiek parte hartzen duten, Oskar Alegriak eta Fermin Muguruzak, besteak beste.

Filminek azaldu duenez, plataformaren asmoa "arian-arian titulu kopurua hazten joatea da, zinemarik onena publiko euskaldunaren eskura izateko". Esate baterako, laster izango omen dira ikusgai Espainian Golem-ek banatzen dituen hainbat filma, euskarazko azpitituluekin.

Konpainia honek antzeko kanal bat badu katalanez, 2017an abian jarri zen FilminCAT-en hazia izan zena. Katalanez bikoiztutako edo azpititulatutako ekoizpen katalanak eta film eta serieak dituen plataforma filiala da FilminCAT, eta, garatzeko, Kataluniako Generalitatearen laguntza izan zuen. Bertan, gaur egun, 3.000 titulutik gora eskaintzen dira.