Animalia jaio egiten da, nahiz eta jaiotzea erabakitzen ez duen. Eta hil ere hiltzen da, nahiz eta hiltzea erabakitzen ez duen. Ideia horri tiraka ondu du Aritz Gorrotxategik (Donostia, 1975) bere azken lana: Amua (Elkar, 2019). Adierazi duenez, amua sarritan lotu ohi da tranpa hitzarekin, eta hain zuzen ere, bizitza bera alderatu du kontzeptuarekin. 30 poemaz osatutako poema bilduma kaleratu du, eta horietan, batik bat, gai unibertsalak ditu kontakizun. Poesia euskal gizarteari hurbiltzea ere badu helburuetako bat, izan ere, azaldu du jendeak baduela "poesiatik urruntzeko joera".

LAN SARITUA Bederatzi urte igaro dira Gorrotxategik azken poesia liburua (Hariaz beste, 2011) argitaratu zuenetik. Ordutik publikatu ditu nobela bat (Koldar hutsa zara, 2015) eta bi ipuin bilduma (Zer egingo dugu orain opariekin, 2016 eta Ahazten diren gauzak, 2018). Idazleak aitortu duenez, ez dio inoiz poesia idazteari utzi, baina helburu zuen poema bilduma bat egitea. Orain, gainera, poesia "irekiago eta argiago baten aldeko bidea hartu du. Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria aitzakia gisa hartuta erabaki zuen lana bertara aurkeztea, eta hala irabazi zuen saria Amua argitalpenarekin. "Erabaki nuen bilduma nahiko borobilduta zegoela, eta pentsatu nuen sarira bidaltzea; atera izan ez balitz, agian, bilatuko nuke bide bat kaleratzeko, baina polita iruditu zitzaidan sariketara aurkeztea".

Bizitzaren eta amuaren edo tranparen arteko lotura bat islatu nahi izan du Gorrotxategik: "Bizitza amu bat da. Ez dakigu zer zegoen jaio aurretik eta ez dakigu zer egongo den hil eta gero, baina erabaki behar dugu tranpa horri, bizitzari, nola egin kosk eta nola atera zukua". Bada idazleak jakin du bere lanari zukua ateratzen, eta horretarako poesia "irekiagoa eta argiagoa" erabili duela nabarmendu du. Haren esanetan, aurrez argitaratutako liburuak "hermetikoagoak" ziren, eta oraingoan bazuen gauzak "zehatzago" esateko nahia. Halere, adierazi du gainontzeko liburuetako "hizkera poetikoa eta irudien bilaketa" mantentzen direla azken lanean ere.

POESIA, SENTITZEKO Hariaz beste poema liburua bukatu berritan, Leon Tolstoi nobelagile errusiarraren saiakera bat itzuli zuen Gorrotxategik, eta artea zer den azaltzen zuen bertan: "Tolstoik dio artea sentimendu baten transmisioa dela, eta iruditzen zait oinarri bezala sendoa dela, eta egia". Idazleak adierazi du irakurlea sarri galdu egiten dela interpretazioetan, eta ondorioz, transmititu nahi den mezua ere ez dela iristen publikoarengana. Gehitu du ondorio horrek jendea poesiatik "urruntzea" eragiten duela, eta beraz, funtsezkoa dela egoerari buelta bat ematea: "Hasierako poemak dio poesia ez dela buruketa bat, baizik eta musika bezalakoa dela. Irakurleak irakurri behar du poesia eta bertan dauden irudiez eta esanahiez gozatu".

Irudi eta esanahi horiek ez ezik, Gorrotxategiren arabera, poesian dauden hitz trukaketek egiten dute poesia "magiko". Halere, nabarmendu du hitz horiek ulertzeko era ezberdina duela bakoitzak, eta posible dela nork bere interpretazioak egitea "esperientzia pertsonaletatik" abiatuta. Hitz horietan, berriz, zenbait gai landu ditu egileak: "Gai unibertsalak dira; esaterako, maitasuna, heriotza eta greziarrei egindako aipamenak dira nagusi". Eta nabarmendu duenez, gai horien "mozorropean" gaur egungo zenbait gai daude; etorkinak, besteak beste.

BILAKETA Idazlea izateaz gain, Balea Zuria argitaletxean buru-belarri dabil Aritz Gorrotxategi. Jakinarazi du, beraz, poesiak "toki handia" duela bere bizian. Lau kidek osatzen dute Balea Zuria argitaletxea, eta haien jardunean poesiaren egunerokoa jarraitzen dute. "Gustuko dut poesia mota desberdinak irakurtzea, eta azken batean prozesu bat da, ikasten zoaz denborarekin", adierazi du Gorrotxategik; eta, areago, nabarmendu du ohiko poesia molde pertsonaletatik harago lantzen den poesia eredua irakurtzea polita dela. "Txoriak mokoka lez, uste dut poesia bilatu egin behar dugula; agian ez liburu oso bat irakurrita, baina bai zatika hartu eta pasarteak gureganatuz".

Euskal gizartean, ordea, poesiaren egoera ahul xamarra dela dio: "Fenomeno oso berezkoa dugu; bertsolaritzak, neurri batean, esango nuke esparru askoz handiagoa jaten duela, ahozkotasunaren alorra, hain zuzen", iritzi dio Gorrotxategik. Ondorioz, gaineratu du poesiari zailagoa egiten zaiola publikoarengana iristea. Haren ustez, bertsolaritzak betetzen du bat-batekotasunaren tokia, eta, gainera, uste du egun gizartea ez dagoela epe luzerako kontuetara ohitua. Dena dela, aldarrikatu du pazientzia edukitzea beharrezkoa dela, eta zenbait literatur genero existitzen direla.