donostia - Zea Maysek ostiralean eta larunbatean joko du Dabadaba aretoan. Kontzertuetarako sarrerak bukatu dira, ordea.

-Oso pozik gaude. Pasada bat da. Gainera, Dabadaba leku berria da guretzat.

Europan zehar ibili zarete, Amsterdamen eta Berlinen.

-Parisen ere data bat genuen baina han geundela bertan behera geratu zen. Amsterdam eta Berlinen oso gustura ibili gara. Beste batzuetan egonda ginen, baina inoiz ez neguan eta horrelako aretoetan. Beno, Clash Berlinen ere egonak ginen; etxean bezala sentitzen gara han, oso ondo zaintzen gaituzte, maitasun handiarekin. Nahiko jende joan zen gainera, 70 bat pertsona hurbildu ziren. Amsterdamen ere berdin: Melkweg Amsterdamen jo genuen, bertako sala txikian eta oso gustura egon ginen. Kanpora zoazenean, ordainpeko aretoetan ez duzu hainbeste jende espero. Gainera, ez ziren bakarrik euskaldunak egon.

Zer publiko mota aurkitzen duzue kanpora joandakoan?

-Normalean euskaldunak, euskaldunen lagunak eta euskaldunek eramaten dituztenak. Despistatu ba-tzuk ere egoten dira (barreak). Amsterdamen, esaterako, bi txekiar etorri ziren; Interneten Kontzertuak Amsterdamen bilatu eta bilatzaileak gure emanaldia itzuli zielako. Horrelakoak ere gertatzen dira. Oso ondo pasa zuten eta gurekin hitz egiten ere geratu ziren.

Hizkuntza ez da oztopo, orduan.

-Normalean ez. Oztopo gehiago izaten da hemendik gertu, hemendik kanpo baino.

Zuen azken diskoko izenburuari erreferentzia eginez, Zea Mays nonbaitetik atera nahian dabil?

-Ez. Aterak zentzu asko ditu: lokaletik atera, mundura atera... Baina ez da atera fisiko bat, ez da Madrilera jotzera joan nahi dugula; hori eginda baitago. Beste gauza bat da, barruan ditugun gauza guztiak modu oso positiboan atera nahia da. Geldirik geratu beharrean, mugimenduzko zerbait adierazi nahi genuen eta atera horrek, kanporanzko mugimendua adierazten du.

Konfort gunetik ateratzea esan nahi du?

-Baita ere. Oso modan dagoen zerbait da baina gure kasuan beti egin izan dugu. Gauza batzuetan oso eroso gaude eta mantendu egiten ditugu zenbait gauza; baina aldatu ere, aldatu egin behar zara.

'Atera'-n elektronikara ere hurbildu zarete.

-Baita aurrekoetan ere, baina egia da honetan modu ezberdinean egin dugula. Oraingoan, konposatzerako garaian, sintetizadorea entsegu lokalean izan dugu, eta abesti gehienak handik atera dira; ez zaie sintetizadorea gerora gehitu. Hori ere, igarri egiten da. Inurriak abestia, esaterako, ia bere osotasunean sintetizadorearekin eginda dago; beste guztiek, aldiz, badute sintetizadoretik zerbait entsegu lokalean bertan izan dugulako. Pixkanaka-pixkanaka gauzak erosten eta erabiltzen goaz; jolasean, azken batean.

Jolas horrek isla badu zuzenekoetan?

-Bai. Aurreko diskoetan bezala, zuzenetakoetara ordenagailu bat eramaten dugu eta programazioak jartzen ditugu. Sintetizadore batzuk zuzenean ere jotzen ditugu.

Ekoizle berri batekin lan egin duzue, Carles Campón 'Campi'-rekin. Besteak beste, Vetusta Morla eta Jorge Drexlerren ekoizlea da.

-Oso musikari ona da, gainera. Ezagutu gintuenean asko gustatu zitzaion guk omen dugun talde solido baten rollo hori. Hainbat urte gabiltza laurok batera, dezente entseatzen dugu, eta lokalean bertan soinu bat badaukagu. Asko gustatu zitzaion hori guztia eta diskoan islatu nahi izan zuen. Ez zuen freskotasun eta sendotasun hori galdu nahi. Berak erabaki zuen norekin nahastu, masterizazioa non egin... Berak soinu hori mantendu nahi zuen eta, benetan uste dugu, lortu egin duela.

Zer helburu zenuten zuek disko berri honekin?

-Beti ibili gara sendotasun hori adierazi nahian, zuzenekoak duen indarra diskoak ez galtzea. Diskoa ez da zuzeneko bat bezalakoa, hori argi dago. Azken batean, zuzenekoetan arima eta bihotza gehiago ikusten dira hor bertan zaudelako. Halere, indar hori abesti berrietan nabaritzen dela uste dugu. Oso pozik geratu gara emaitzarekin.

Indarraz ari zara. Zea Mays 25 urte betetzeko bidean da. Indarrak ez du noizbehinka behera egiten, ala mantendu egiten da?

-Mantentzea ezinezkoa da. Bizitzan bezala, momentu batzuetan hobeto zaude eta, besteetan, ez hain ondo. Halere, disko bat kaleratzen dugun aldiro oso hunkituta ibiltzen gara. Eta disko hori zuzenekoetan jotzen hasten garenean, asko disfrutatzen dugun zerbait da. Momentu hauetan oso goian gaude, emozio handiarekin. Baina bai, 23 urtetan momentu asko izan ditugu lurrean egon garenak, hori argi dago.

'Atera' diskoan 'Zintzilik' abestia sartu duzue. Konposizio hori Joseba Sarrionaindiaren omenezko 'Gure Oroitzapenak' album kolektiborako prestatu zenuten.

-Gure disko batean ez egoteak pena ematen zigun. Aterako beste abestiekin zerikusia bazuela pentsatu genuen. Berriro grabatzea erabaki genuen eta beste abestiak bezala New Yorken nahastea. Gure Oroitzapenak albumeko bertsioa oso ezberdina da, beste momentu batean beste pertsona batzuek grabatu zuten eta hori igarri egiten da.