donostia - Donostiako Poltsiko Antzerki Jaialdiaren 29. edizioan hamasei konpainiek parte hartuko dute . Guztira, 34 emanaldi programatu dira bihartik otsailaren 16ra bitartean, hiriko auzo guztietako taberna eta lokaletan.

Jon Insausti, Donostiako Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, eta Jon Aizpurua, Donostiako Udaleko Kultur Ekintza arloko zuzendari teknikoak, aurkeztu zuten atzo aurtengo edizio berria, eta, azaldu zutenez, bertan euskararen eta gaztelaniaren presentzia parekatzea bilatu dute, baita emakumeen eta gizonen presentzia ere.

Hautatutako konpainien erdiak emakumezkoak dira, zazpi gizonezkoak eta bat mistoa, azaldu zuen Aizpuruak, eta programazioaren aniztasuna nabarmendu zuen, bakarrizketa eta antzerki musikatutik hasi eta clown eta kabaret ikuskizunetara ere zabaltzen baita eskaintza.

Azken estilo horretakoa izango da The Chanclettes konpainia kataluniarrak Intxaurrondoko kultur etxean izango den itxiera ekitaldiko antzezlan protagonista, Paula Valluerca eta Nerea Arriolaren emanaldiekin batera.

Aurtengo egitarauan izango dira Ttak Teatroa eta Kamikaz Kolektiboaren Matriuska, eta Elur Sorkuntza Etxearen Esnatu naiz; hurrenez hurren, Donostia Kulturak poltsikoko antzezlanetarako antolatzen duen euskarazko antzerki-sorkuntzarako proiektuen hamargarren deialdian irabazle eta finalista suertatutako lanak.

Edizio honetan, euskarazko zazpi obra izango dira, hamasei emanaldirekin, eta gaztelaniazko bederatzi, 18 emanaldirekin.

Jaialdia Donostiako auzo guztietara iritsiko da, urrutien daudenetara barne, Añorga eta Igeldora kasu, eta, gainera, antzerki emanaldietarako oso ohikoak ez diren guneetara ere iritsiko da, tabernetara eta jubilatuen zentroetara, esate baterako.

Insaustik gogorarazi zuen, formatu txikiko jaialdi honen helburu nagusia, antzerkia, bere jarraitzaileei zein espazio eszeniko tradizionaletara joatera ohitu ez dagoen publikoari helaraztea dela.