donostia - Jaione Apalategi irakasleak Rafael Moneok azken bost urteetan Jorge Oteiza Fundazio Museoan izan duen kargua hartuko du. Azken honek, Oteiza Fundazioari lotuta jarraituko du, Fundazioko patronatu-kide eta ohorezko presidente moduan.

"Patronatuko beste kide guztien ekarpen eta ahaleginak biltzen eta metatzen segitzeko borondatetik lan egiteko asmoa daukat", adierazi du Apalategik, izendapenarengatik eskerrak emanez. Era berean, patronatuak Moneoren ibilbidea gogoratu du: Funtsezko lana egin du, Fundazioaren helburuak berrantolatzera zuzendutako ekin-tza ugari bultzatu baititu, Jorge Oteizaren obraren baliospenean laguntzeaz batera; erakutsitako giza berotasun eta anbizio intelektuala azpimarratzeko modukoak dira".

1996an sortu zenetik, presidente ezberdinak izan ditu Oteiza fundazioaren patronatuak: Juan Huarte enpresari eta arte mezenasa lehendabizi, gero Pedro Manterola saiakera idazle eta arte aditua, hirugarrena Francisco Calvo Serraller historialari, saiakera idazle eta arte kritikaria izan zen, eta azkena, arestian aipatutako Rafael Moneo arkitektoa.

Jaione Apalategi presidente berria, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko Didaktika eta Eskola-Antolakuntza jakintza arloko irakasle titularra da, eta, era berean, Jorge Oteizaren Fundazio Museoaren patronatuko kidea da hura sortu zen unetik.

Bi liburu argitaratu ditu bakarka, eta beste hainbat elkarlanean. Horrez gain, aldizkari eta euskarri digitaletako artikuluekin eta biltzarretan komunikazio eta ponentziak burutu ditu. Esaterako, Institut de recherche sur les socieétés et l'aménagement (IRSAM) de la Université de Pau et des Pays de l'Adour (UPPA) delakoan egon zen irakasle gonbidatu bezala.

Halaber, unibertsitate kudeaketaren esparruan zenbait kargutan ibili da 16 urtez: Psikologia eta Pedagogia Saileko zuzendariorde gisa (1992-1996); Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko dekano (2000-2004) eta dekanorde gisa (1996-2000, 2008-2012). Gauzak horrela, esperientzia handia bereganatu du doktore tesietako eta unibertsitate-kidegoetako sarreretako epaimahaietan. - U.G.