Espazio bat, bi pertsonaia eta muturrera eramandako premisa bat: "Dena da ETA". Hain erabilia izan den esaldi hori bere egin, eta euren mundura eraman dute Ane Zabala (Bilbo, 1975) eta Galder Perez (Bilbo, 1975) antzerkigile eta kazetariek. "Komedia absurdo" gisa deskribatu dute ETAren agiri bulegoa, Gilkitxaro antzerki konpainiaren lan berria. 1993an sortu zuten taldea Deustuko Gazte Lokalean, eta ordutik Zabala eta Perez geratu dira taldeko kide egonkor gisa. Hainbat antzezlanetan aritu dira buruz buru, eta lan berria joan den larunbatean estreinatu zuten, Durangoko San Agustin kulturgunean. Izan ere, aurten txertatu dute Durangoko Azokaren egitarauan antzerki eta dantza saio laburren jaialdia, Szenatokia gunean.

Izenburu zirikatzailea baliatuta ondu dute 20 minutuko pieza laburra Zabalak eta Perezek. Batera prestatu dute testua, eta hala aritu dira biak ere oholtzan, aktore lanetan. "Bost urte generamatzan Anek eta biok batera antzeztu gabe, eta azokarako horrelako zerbait sortzea oso aproposa iruditu zitzaigun, berriz elkartzeko", kontatu du Galder Perezek. Durangoko Azokan aurkeztea helburu, Zuberoan egondako tarte batean prestatu zuten antzezlana, eta bizpahiru hilabete eman dituzte entsegutan.

IKUSLEA, ZELATARI Emaitza "oso gertuko" pieza da, Zabalaren hitzetan: "Dena gertatzen da bulegoan, eta esan daiteke ikuslea bera bulegoaren parte dela, bulegoaren barruan dago; metro eskas bateko tartea dago aktoreen eta publikoaren artean". Horregatik, nahi izanez gero, ikusleak ia-ia "espioi" gisa jardun daitezkeela uste dute antzezleek, zelatan, bulegoan gertatzen diren ekintza zoro guztien lekuko.

Txantxa tonuan eta misterioari eutsi nahian laburbildu du Perezek sormen lanaren nondik norakoa: "Bulego batean bizi diren egoera ezberdinak kontatzen ditu antzezlanak. Badago bulegari bat egunerokoan gauzak egitera oso ohituta dagoena; eta bat-batean, egun batetik bestera, bere jarduna eten beharko du". Hor utzi du Perezek azalpena, ikusle potentzialaren ikusmina pizteko asmoz. Eta Zabalak hauxe gehitu du: "Bi pertsonaia daude: Petral Bilbao eta Makal Ziburu: bata bulegaria, eta bestea bulegora zerbait eskaintzera doana: bulego horretan dena da posible eta dena dago gure esku, era berean", eman du jakitera aktoreak.

Zabalak hezurmamitu du Petral Bilbao bulegaria; eta Perez, ostera, Makal Zibururen azalean jardungo da. "Ni naiz bulego horretako burua eta oso argi daukat zer nahi dudan bulego horretara heltzen den pertsonez; nire pertsonaiak oso argi dauka zer nahi duen eta zer behar duen, eta horren araberako izaera dauka", azaldu du Zabalak. Makal Ziburu, berriz "bere ama salduko lukeen pertsonaia" da, Perezen arabera.

UMORETIK GOGOETARA Arantzaz beterik egon izan den gatazka izenburura eramanda, ETA siglei umoretik heltzea erabaki dute sortzaileek, ezarritako "kodigo ikusezinak" hautsiz. "Ematen du gauza batzuk ukiezinak direla; horiek ukitu nahi ditugu, ukitu eta zimurtu, baita ere. Eta, era berean, ikusezinak diren beste gauza batzuk ere ikusgai jarri". Kanpo mugak urratzeaz gain, barne loturarik gabe ere jardun direla nabarmendu du Perezek. "Antzerkia da gure territorio librea, bizitzako beste esparru batzuetan mugekin jardutea besterik ez zaigu geratzen".

Estilo aske hori lortzeko, zenbait baliabide erabili dituzte. Esaterako, aipuak. "Aipuz jositako lana da", argitu dute aktoreek. Eta, bestetik, sinboloak eta horien erabilera nabarmendu dituzte: "Sinbolo askorekin ere jolasten dugu. Segun eta zer diren, nola erabiltzen diren eta non dagoen sinbolo horrekin egiten den erabilpen pornografikoa". Horrelakoak josiz osatu dute obra.

ERREALITATEA HIZPIDE Umorez blaitutako pieza da emaitza. Hasi eta buka. Komedia erabat "absurdoa" dela kontatu du Zabalak; baina ez horregatik mezurik gabea. "Komedia absurdoa baldin bada ere, nik uste dut egia asko botatzen ditugula antzezlan honetan; hausnartzeko tartea uzten dugu". Horrela, umorea baliatuta, errealitatea izan dute hizpide; gauzak kontatzeko tresna bihurtu dute txantxa. Izan ere, metafora gisa kasik jarduten du obrak berak: "Ezin dugu ahaztu gauza gehienak ez dituela herriak erabakitzen, bulegoetan erabakitzen dira", zehaztu du Zabalak.

Bada, errealitatetik hain urrun eta hain hurbil. Zabalak ohartarazi du antzezlanaren muina den bulegoa surrealista bezain erreala izan daitekeela: "Egia esan, nik sinesten dut, bulego horretan gertatzen diren gauzak, erabat zentzugabeak diren arren, Euskal Herriko edozein bulegotan gertatzen direla". Eta tonu zirikatzaileari eutsi dio Perezek, ildo beretik. "Clintonen eta Iñigo Urkulluren bulegoak hain ezberdinak dira? Zer dute antzeko?". Hor utzi ditu galderak, airean, "espioi" gisa jardun daitezkeen ikusleen erantzun posibleen menpe.