Bizitza osoa eman du Leopoldo Zugazak (Durango, 1932) kulturari dedikatuta. Bere kemenari esker, Gerediaga elkartea, Durangoko Azoka eta Euskerazaleak bezalako ekimenak aurrera atera ziren; baita Durangoko Arte eta Historia Museoa edota Zarauzko Photomuseum ere. Ez da erraza egindako guztia lerro gutxi batzuetan biltzea, izan ere, instituzioak, elkarteak eta jarduera zentroak sortu ditu; museo zein liburutegiak sustatu; liburuak eta aldizkariak editatu… Bizkaiko Aurrezki Kutxaren Kultura Saileko aholkulari lanak ere egin zituen, Bilboko Arte Eder Museoko patronatuko kidea izan zen, baita Labayru Institutukoa zein Eusko Ikaskuntzakoa ere.

Zugazak berak askotan aipatu duen bezala, “bizitza osoan aritu izan naiz jendea kulturarekin harremanetan jartzea ahalbidetzen”. Egun 87 urte baditu ere, oraindik kulturan dauden hutsuneak nola bete pentsatzen dabil durangarra. Ibilbide luze eta oparo hori omendu asmoz, Deiak eta Noticias Taldeak 2019ko Ortzadar Saria eman dio euskal kulturaren alorrean egindako lanaren aitortza gisa.

EUSKARAREN ALDE Urte hauetan guztietan euskara eta kulturaren alorrean Zugazak egindako ekarpenak zenbatu ezinak dira. Umetatik datorkio euskararen alde borroka egiteko grin hori Zugazari. “Aitortu behar dut euskaraz lauzpabos t hitz besterik ez dakizkidala. Errepublika garaian jaio nintzen eta nire haurtzaroa guda giroan igaro nuen. Egoera historiko zehatz batzuek egin zuten ni halakoa izatea”, kontatzen du. Etxean betidanik demokraziako balioak zituztela dio Zugazak, errespetu handikoak, eta heziketa hori jaso zuen. “Nire amak asko irakurtzen zuen eta nire aitak liburutegi erraldoi bat zuen. Guk bertatik hartzen genituen liburuak, noski. Euskararen aldeko aldarrikapen hori ez zen soilik hizkuntzaren aldekoa izan, baizik eta horrelako intolerantziaren aurka altxatu beharra ikusten genuelako, ez baitzen bidezkoa”.

Gaztetan hainbat lan izan zituen durangarrak: autobuseko kobratzailea, kamioimekanikoa, dendaria… Bilboko Ingeniaritza Eskolan ere matrikulatu zen, baina laster hasi zen kulturarekin lotutako jarduerak antolatzen. “18 urte izan nituen arte, Durangon ez zegoen liburutegi publikorik, ezta liburu dendarik ere, eleberriak trukatzen ziren denda txiki bat baino ez zegoen. Garai hartan, ez zegoen kultur eskaintzarik apenas eta nik betidanik izan dudanez ezinegon eta jakinmin hori, ideiak bururatzen hasi zitzaizkidan”.

Proiektu horietako bat Euskerazaleak izan zen: 1967an, frankismo bete-betean eta hainbat oztopo gaindituta, euskararen sustapenerako sortu zuten elkartea. “Euskararen aldeko atxikimendu herrikoia izan zen. Jose Antonio Montianoren proposamen batetik jaio zen eta niri Jesus Atxak hitz egin zidan lehen aldiz proiektu horri buruz. Sei edo zazpi pertsona inguru ginen eta niri estatutuak egiteko ardura eman zidaten”. Elkartearen lehenengo ekintza hizkuntza ikasteko gidaliburu bat hedatzea izan zen, eta aurrerago kanpaina bat abiarazi zuten sinadura bilketa batekin, Espainiako Hezkuntza Ministerioari euskara lehen mailako irakaskuntzan irakatsi zezatela eskatuz. “Nahiz eta batzuk beldurtuta zeuden, 50.000 sinadura baino gehiago lortu genituen eta Madrilera joan ginen horiek aurkeztera. Gogoan dut ABC egunkariak ere argitaratu zuela herri-hizkuntza edo etxeko hizkuntza horri buruzko bilera haren argazkia”.

GEREDIAGAREN SORTZAILE Frankismo garaian sortu zuten Gerediaga elkartea, Durangon, 1965ean. Garai hartan, Zugazaren aita jada hilda, etxeko negozioez arduratzen hasi zen Leopoldo, baina igandeetan denbora gehiago pasatzen zuen etxean eta herrian kultur erakunde bat sortu beharra zegoela bururatu zitzaion. Denetik egiten hasi ziren: enpresen antolaketarako filmak proiektatu ziren, erakusketak, zinema zikloak, Mankomunitatearen eta Eskualdeko Hirigintza Planaren sorreran parte hartu zuten… Eta nola ez, Durangoko Liburu eta Disko Azoka sortu zuten. Frankismoaren diktadurapean azoka hark helburu nagusi eta argia zuen: Euskal Herriko liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera ematea.

KULTURA HERRITARREI HURBILDUZ Zugazaren ekarpena ez da diziplina soil batera mugatu, izan ere, arte plastikoan ere izan du zeresana. Durangoko udaletxeko arte erakusketa gelaren kudeaketan kolaboratzen hasi zen, eta 1972 eta 1975 urteen artean ehun erakusketa baino gehiago antolatu zituzten. “Kultur arlo guztietan nire ekarpena egiten saiatu naiz, nire jaioterritik hasita; izan ere, kultura herritarrei hurbildu behar zaie. Udalak Ezkurdi plazaren birmoldaketa hasi zuen eta lagun batzuekin batera behin-betiko arte areto bat antolatu zezaten eskatu genuen. Ziurrenik, urte haietan herritar askoren kultur heziketan lagundu genuen, eta euskal sortzaileen artelanekin kontaktua egiteko aukera eman genien”.

Bizkaiko Aurrezki Kutxako Kultura Saileko aholkularia izan ostean, Bilboko Arte Ederren Museoaren patronatuko batzordeko kide izatera pasatu zen; bertan, artxiboa, liburutegia eta obra grafikoaren kabinetearen sorrera sustatu zituen Zugazak. 1985ean, Durangoko Arte eta Historia Museoa sortu zuen. “Behin, orduko alkatea, Patxi Zurikaray, topatu nuen kalean eta kontatu zidan eraikin bat eskaini ziotela oso prezio onean. Berehala esan nion: eros ezazu! Eta berak, zertarako?, galdetu zidan. Ez nuen zalantzarik izan: Arte eta Historia Museo bat Durangorako”. Era berean, Gernikan, Euskal Herria Museoaren proposamenean parte hartu zuen. 1993an, Zarauzko Photomuseum Euskal Argazki Museoaren sustapen eta jaiotzan ere zeresana izan zuen.

PAPERZALEA Editore lanetan ere aritu zen Zugaza 1975 eta 1980 urteen artean, eta gai anitzetako lanak argitaratu zituen: pentsamendua, euskara, linguistika, soziologia, ekonomia, zuzenbidea, literatura, artea, historia… Gaiak zientzia eta kultura aldizkaria ere argitaratzen hasi zen, 1976an. Betidanik paperzalea izan da Zugaza, baita gaur egun ere: “Egunero erosten ditut liburuak, agian nire kasua neurriz kanpokoa da, baina liburua ezagutzaren transmisio-misioa duen gailu bakarra da. Ez da inoiz ere desagertuko, nahiz eta teknologiak aurrera egin, beti itzuliko gara paperera. Bost zentzumen ditugu eta horietako bat ukimena da, ez dago papera ukitzea bezalakorik. Sentsazio hori tablet batek ez dizu ematen”, uste du.

90eko hamarkada hasieran Zarautz Olerti Etxea fundatu zuen Zugazak, literaturaren promoziorako proiektu pertsonal bat. Bertan antzezlanak, konferentziak, liburu aurkezpenak zein poesia irakurraldiak egiten zituzten, besteak beste. Azken urteotan, Manuel Larramendi Institutu Bibliografikoa, Dere bibliograophica aldizkaria eta 2011n Zarautzen egin zen Bibliografiari buruzko lehen kongresuaren sorreran egon da inplikatuta. Labayru Institutuko, RSBAPko, Eusko Ikaskuntzako eta Sancho el Sabio Fundazioaren buletinaren erredakzio kontseiluko kide ere izan da. 1986an Andres Mañarikua saria eman zion Bizkaiko Foru Aldundiak eta 2006an Eusko Ikaskuntzaren Ohorezko Bazkide izendatu zuten.