Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kristina Solano. Lau emakume horien arteko batuketa da Amak; bai alde artistikotik, baina baita taldearen izenari dagokionean ere. Trikitixak eta panderoak hartuta, kontzertuak ematen dabil laukotea hanhemenka. Hala ere, Lizarribarrek (Altzo, 1971) azaldu duenez, “presarik gabe” eta “patxadaz” daramate aurrera proiektua. Hala, pasa den asteburuan bi kontzertu eskaini ostean, otsaila edo martxoa inguruan itzuliko dira eszenatokietara.

Solanok (Hernani, 1976) azaldu duenez, “kasualitatez” sortu zen taldea. Izan ere, iazko urrian Oñatin egin zen trikitixa jaialdirako bildu ziren lau artistak. “Laurak egotea nahi zuten, eta batera egitea erabaki genuen”, azaldu du Lizarribarrek. Printzipioz zita horretarako batu ziren arren, plana aldatuz joan da pixkanaka. “Eginda geneuzkan egin beharreko guztiak, eta orain helburua ondo pasatzea da”, nabarmendu du Solanok. Lizarribarrek zehaztu du “aspalditik” ezagutzen dutela elkar, baina “bilatu gabekoa” izan dela proiektua: “Biltzen hasi ginen, eta gustura sentitu gara bata bestearekin, baita egiten dugunarekin ere; disfrutatu egin nahi dugu egiten dugunaz”.

Hasieratik zuten argi taldearen izenak “emetasuna” azaldu behar zuela. “Emakumeak izatean kutsu hori behar zuela uste genuen, eta gure izenen inizialekin jolasten hasita atera zitzaigun Amak”, azaldu du Lizarribarrek. “Amak gara laurak, eta oso pozik gaude hala garelako”, gaineratu du Solanok.

PROPIOAK ZEIN BERTSIOAK Abesti propioak zein beste artista batzuen bertsioak jotzen dituzte kontzertuetan. Izan ere, Maixa eta Ixiar taldeko Maixa da Lizarribar, Alaitz eta Maider bikoteko Alaitz da Telletxea, eta M-n Ezten taldekoak dira Oreja eta Solano. “Kantu batzuk gure aurreko taldeetakoak dira, beste batzuen bertsioak ere baditugu, eta gure kantu propioak ere bai, baina oraindik horiek sortzeko prozesuarekin hasi besterik ez gara egin”, adierazi du Lizarribarrek. Aurretik izan zituzten taldeen abestiei “beste ukitu bat” eman nahi izan diete, baina azaldu duenez, “oso ezberdina” da talde berri honekin bizi duten taula gaineko esperientzia: “Lehen banda batekin geunden oholtzan, eta orain biluzik gaude, trikitiarekin eta panderoarekin”. Solanorentzat ere ezberdina da gaur egungo taldea aurretik izandakoekin alderatuta. Azken urteotan aritu izan da kontzertuak ematen -haren anaia Xabi Solano musikariarekin-, baina gainontzekoak urte luzez ez dira taula gainera igo. “Lehen ere ondo pasatzea garrantzitsua zen, baina beste modu batera bizi genuen”, azaldu du.

EMAKUMEAK OHOLTZARA Soinua jotzen hasi zirenean trikitixarena “gizonen mundua” zela nabarmendu du Lizarribarrek, baina horri muzin eginda, aurrera jarraitu zuten: “Garai hartan esaten zizkiguten gauza guztiek eragin izan baligute, ez ginateke hemen egongo”, agertu du Maixa eta Ixiar taldeko kide izandakoak. Solanok gaineratu du “eskerrak” hala izan zela. Alabaina, Lizarribarrek nabari du egoera aldatu dela, eta gaur egun, emakume gehiago ari direla instrumentua ikasten. “Hala ere, kaleko errealitatea ez da beti halakoa izaten”, azpimarratu du. Solanok uste du “kostata, baina emakumeak badabiltzala lekua hartzen plazetan”. Ildo beretik, trikitixa inoizko momenturik “onenean” dagoela iritzi du Solanok: “Gaur egungo talde askotan dago presente”. Lizarribarrek adierazi du instrumentu “esker onekoa” dela, eta “harrera ona” izan duela beti. “Jende pila bat dago ikasten, baina aspalditik dator; ez da azken urteetako gauza”.

Momentuz, Amak taldeak ez du diskorik argitaratu, baina kontzertuak ematen dabiltza. Orain artekoak “trikiti giroan” emandakoak izan direla azaldu du Lizarribarrek. Eskainitako emanaldietan ikusleek esan diete “gustura” egon direla, eta hori “saria” dela dio. “Badakigu denentzako gustagarria izatea zaila dela, baina garrantzitsuena da guri gustatzen zaigula egiten duguna”, gaineratu du. Solanok dioenez, “sorpresaz” hartu du jendeak taldea, eta harrera “izugarria” izan du proiektuak. “Esan izan digute bazegoela beharra lau emakume trikitilari taula gainera igotzeko”, azaldu du.

OHOLTZAN, EROSO Hurrengo kontzertuak otsaila edo martxoa ingurutik aurrera eskainiko dituztela jakinarazi dute, baina bitartean lanean jarraituko dute lau artistek. Solanok adierazi du garrantzitsuena ez dela kontzertu asko ematea, eskaintzen dituzten emanaldi horietan “eroso sentitzea” baizik. Helburua lana modu “natural” batean egitea dela zehaztu du Lizarribarrek, “inolako presiorik gabe”, hain zuzen ere. “Lau ama gara, lau familia daude, lau etxe, eta horiek ere ez ditugu bazterrean utzi nahi”, gaineratu du.