Zugzwang. Hala deitzen zaio xakean dagoen posizio kaltegarrietako bati. Jokoan ari den jokalariak mugimendu bat zein beste bat egitea erabakitzen badu ere, pieza galduko du. Ez dago beste irtenbiderik. Willis Drummond musika taldeko kideek ere xakeko posizio horren esanahia bereganatzeko hautua egin dute, eta izen bera jarri diote haien azken diskoari. Jaka Horietatik hasi eta Kataluniako egoera politikoraino; Kataluniako egoera politikotik hasi eta larrialdi klimatikoraino. Hiru kidez osatutako kolektibo gisa zenbait gai salatu dituzte hamar abestiz osatutako azken lanean. Areago, bidelagun izan dituzte urte askotan zehar ondoan izan dituzten zenbait musika aditu.

Jurgi Ekiza (gitarra eta ahotsa), Xan Bidegain (baxua eta ahotsa) eta Felix Buff (bateria) dira taldeko hiru kideak. Ekizak azaldu duenez, egun gizartea kondenatuta dago hautu bat edo beste egitera, eta horrek zerbait galtzea dakar. Gaineratu du xakean gauza bera gertatzen dela: “Zugzwang posizioan dagoen jokalariak, mugimendu bat zein beste bat egin, beti galduko du pieza; ez dago beste aukerarik”, dio abeslariak. Ideia horri tiraka ondu dute haien lana ere, eta horretarako gizarteko zenbait gertakari izan dituzte gogoan. Ekizak, ordea, haietako bat nabarmendu du: Frantziako hauteskundeak. “Macron eta Le Pen zeuden hautagaien artean, neoliberalak ala eskuin muturrekoak; behartuta ziren bata edo bestea bozkatzera, edozein hautu eginda ere zerbait gaizki egitera”.

JOKOA ALDATU Egoera horiei buelta bat eman asmoz, taldeko kideek nabarmendu dute gizartea bera aldatu beharra dagoela. Funtsean, gaineratu dute jokoa aldatu behar dela. Hala, haietako bakoitzaren hausnarketak elkarbanatu, eta ideia guztiak kolektiboki islatzeko nahia izan dute disko honetan. Bidegainek azaldu du haien rolaren inguruan ere hausnartu dutela: “Badugu barne eztabaida bat, ea kantatzea eta musika egitea aski den ala ez”. Nabarmendu du, ordea, nahiz eta mundua ez egon bere sasoi onenean, egoerak salatzeaz gain, haien musikarekin itxaropena pizteko nahia ere badutela. Gainera, ekintzen aldeko aldarria ere gogoan izan du: “Ekintzarik gabe ez da ezer lortzen; saiatzea da, behintzat, gelditzen zaigun gauza bakarrenetako bat”.

LANERAKO UNE EGOKIA Disko berri bat egitearen ideia aspaldidanik zuten buruan Willis Drummondeko lagunek. “Iaz hitz egin genuen disko berri bat egitearen inguruan, baina sentitu genuen ez zela momentua; horregatik atera genuen zuzenekoa”, kontatu du Ekizak. Hain zuzen ere, Willis Drummond Live da kaleratu duten azken aurreko diskoaren izena. Gaineratu duenez, beraz, disko hau egiteko momentua “naturalki” sortu zen. Batetik, adierazi du abestietarako ideiak bazituztela, eta bazirela erran nahi zituzten mila kontu. Bestetik, esan du musika egiteko ideiak ere bazituztela: “Felixek kantu oinarri ugari zituen eginak; laneko hamar kanten artean zazpi dira berak sortuak”.

Hala ekin zioten bideari. Ekizaren arabera, astero entseatu ordez, sorkuntza prozesu batean murgiltzea erabaki zuten. Urratsez urrats osatutako lana izan da, eta atalka banatu dute, zereginen arabera. “Gustatzen zaigu erratea artisau lana izan dela disko hau, zerotik sortu baitugu”, adierazi du Bidegainek. Lehendabizi, lokalean entseatzen hasi ziren, eta ostean, oinarriak landu zituzten eta ahotsak pausatzen eta maketatzen hasi ziren. “Guk sortu dugun lana da, zigilurik gabea, egindako guztia guk egin baitugu”, berretsi du baxu-jotzaileak. Diskoaren grabazioaz eta nahasketez, berriz, Johannes Buff arduratu da, Felix Buff taldeko bateria-jotzailearen anaia. “Urte askoren bueltan itzuli da Baionara, eta disko ugari produzitzen dabil zenbait talderekin. Egia esan, inoiz izan dugun grabaketarik onena izan da azkenekoa”, esan du Buffek.

Diskoaren azala Ramon Zabalegi irudigile irundarrak egin du. Bidegainek jakinarazi duenez, normalean, Zabalegik ematen dizkie ideiak diskoen azaletarako, baina, azkeneko lanean alderantziz izan da. “Guk normalean ideiak botatzen ditugu, baina ongi da norbaitek hartzen dituelarik airean eta lan ederra egiten duelarik”, gehitu du baxu-jotzaileak. Eta nabarmendu du, funtsean, azaleko gizonezkoaren irudia taldeko hiru kideen arteko nahasketa bat dela, nahiz eta existitzen ez den pertsona bat izan. Salaketa txiki bat egiteko nahia ere bazuen Zabalegik, eta hala azaldu du Bidegainek: “Egun gizartean irudiari garrantzia handia ematen zaio, sobera pentsatu gabe zer dagoen atzean. Irudiak erran dezake kontuz ibiltzeko botatzen diren irudiekin, lehen zentzuarekin eta lehen inpresioarekin”.

FAMILIARTEKO LANA Maite duten jendearekin lan egitea du gustuko Willis Drummondek. Singlearen bideoklipa ere Bira produkzioko lagunekin egin dute. “Proiektu huts bat egitetik harago, inplikatzeko gogoz dagoenarekin lan egitea gustuko dugu; hala, disko osoa bidali genien Birakoei, eta galdetu genien ea haien ustez zein litzatekeen abesti egokiena singlea egiteko”, azaldu du Ekizak. Bat egin zuten taldeko kideek eta produkziokoek abestiaren aukeraketan: Lehentasuna. Taldeko abeslariak azaldu duenez, Lur planetan gertatzen ari dena islatzea zen asmoa kantu honekin: “Denok batera ari gara zulo bat egiten Lurrean; azken batean, bertan ito gara eta guk geuk ere bere barnean amaituko dugu”. Halere, azaldu du irudi baikor batekin amaitzeko nahia zutela: “Zulo bat eginez beste leku batera iritsi daitekeela irudikatu nahi genuen”.

Hain zuzen ere, zulo horiek dira Lehentasuna abestiko protagonista. Baina badira beste bederatzi kanta ere; esate baterako, Bigarren aukera. Buffek azaldu duenez, sei urte inguru igaro dira abesti hori egin zuenetik, eta asmoa zuten Tabula Rasa (2016) diskoan kaleratzeko, baina, azkenean ez zen posible izan. Areago, gaineratu du garbi zuela Anari Alberdi musikaria egokia litzatekeela kanta honetan abesteko. Harekin harremanetan jarri ziren, eta haren ahotsak eman dio abestiari armonia lasaiagoa. “Niretzako plazerra da Anarik abesti honetan gurekin abestu izana; ezin hobeki gelditu da, pentsatu bezala”, nabarmendu du Buffek.

Anari ez ezik, beste kolaboratzaile batzuk ere izan dituzte diskoan lagun. Bigarren aukera abestiko kolaboratzaileen artean daude Joseba Irazoki (lap steel gitarra), Igor Telletxea (tronboia) eta Vincent Bestaven (organoa). Jean Vernheresek, berriz, saxofoiarekin egin du kolaborazioa Galdera(k) abestian. Diskoko azken abestia da. “Hastapenetatik, argi genuen kanta honek bazuela bukaera epiko bat, eta nahi genuen saxofoiarekin izan zedin”, kontatu du Ekizak. Eta nabarmendu duenez, Vernheres saxofoi-jotzaile “biziki ona” ez ezik, aspaldiko laguna ere bada. Funtsean, taldeko kideek azaldu dute diskoak, “bere osotasunean”, familian lan egiteko duten nahia islatzen duela.

BIDE BEREAN, AURRERA Taldeak aldaketa ugari bizi izan ditu azken urteotan, baina jada bi urte daramatzate hirukote gisa. Buffek horren alde ona nabarmendu du: “Hirurok jarrera berarekin gaudela uste dut, eta beraz, erraza izan da lan egitea; arin eta arazorik gabe egin dugu”. Ekizak ere bide berberetik eutsi dio, eta nabarmendu du presiorik gabe lan egiteak ere haien jarreran eragin “positiboa” izan duela: “Oso naturala izan da dena, eta giro beroa egon da gure artean; gainera, oso irekiak ginen gauzak aldatzeko eta ekarpenak jasotzeko”. Halere, hirurek ere berretsi dute emaitza aurreikusi bezalakoa izan dela, eta hori oso kontent egotekoa dela.

Orain, aurrera begira jartzeko unea dela azaldu dute. “Zuzenekoekin hasiko gara laster, eta kantak lantzen; abesti horiek agertoki gainean beste bizitza bat beharko dute, eta zinez, entseguetako emaitzak nahiko itxura ona du”, azaldu du Bidegainek. Hala, Euskal Herrian, urtarrilaren 17an eskainiko dute lehen kontzertua, Bilboko Kafe Antzokian. Bi aste geroago, Biarritzeko Atabal antzokian egongo dira, urtarrilaren 31n. Baxu-jotzaileak aipatu du nahiko luketela jendea kontzertuetara hurbiltzea eta diskoaren “ospatze bat” izatea. Otsaila erdialdean, berriz, Japoniara eta Australiara joango dira martxoaren amaierara arte; ostean, Bartzelonan eta Madrilen egongo dira, besteak beste.

Hala ere, egongo da egunotan haiekin elkartzeko parada ere, Durangoko azokan egongo baitira bihar arte. “Azoka aukera ona da jendearekin topa egiteko, elkartzeko eta ezagutzeko; hori ere gure espirituaren eta mentalitatearen parte da”, nabarmendu du Ekizak. Areago, adierazi du ezin daitekeela ahaztu euskarazko sorkuntzarentzako ere beharrezko txokoa dela azoka: “Ahazten dugu baina ez gira gizarte eta egoera normalizatu batean”.