Buyan. Heriotzaren uhartea komikian Euskal Herria, Errusia, Frantzia eta Estatu Batuak inoiz baino hurbilago daude, mapak tolestu eta elkarrengandik urrun dauden herrialdeak elkartuko balira bezala. Are gehiago, mapa honek kostalde metafisikoetarako bidea erakusten dio irakurleari, hildakoekin berriro aurkitzeko aukera. Hots, Buyanen, zenduen irlaren longitude eta latitudea.

Bost izan dira kartografoak: Martin eta Xabier Etxeberria anaiak, Aritz Trueba, Josu Igoa eta Jon Mikel Udakiola. Zarauztarrek eskarmentu handia dute literaturgintzan eta gidoiaren ardura hartu zuten; Truebak, bere aldetik, ilustratzaile-tzat zenbait lan egin ditu -Koldo Almandozen Oreina liburuko marrazkiak, adibidez-, eta bereak dira albumaren irudiak. Igoa garapen digitalean aritu da, eta azkenik Udakiolak, animazioan eta komikigintzan duen esperientziaz baliaturik, albumaren konposizioan ere lagundu du.

Orain dela zazpi urte, Aritz Truebak, Xabier Etxeberriak eta Josu Igoak elkarrekin lan egiten zuten Ikastolen Elkartean. Aurretik ere, Etxeberria anaiek eta Truebak elkar ezagutzen zuten, Zootropo ipuin animatuetan buruz buru ibili zirelako. “Lanaz kanpo zerbait pertsonala egiteko gogoa nuen. Zerbait marraztu nahi nuen. Berdin zitzaidan album ilustratu bat izan edo beste zerbait”, aitortu du marrazkilariak.

Garai horretan anaiek album bat egiteko ideia zuten esku artean; handik zazpi urtera Buyan izeneko 200 orrialdeko bere lehen komikian bihurtu zen ideia hura. Hasieran “oso ezagutza” gutxi zuten, baina denborarekin “mundu berri bat aurkitu” dute, “lengoaia berri bat”.

talka egiten duten munduak Buyan XIII. mendearen hasieran kokatzen da, Novgoroden, Errusiako ipar-mendebaldean. Beste garai askotan gertatu bezala, mundu berriek zaharrekin talka egiten dute. Antzinako espiritu, erlijio eta tradizioek ez dute tokirik, edo bai?

Eleberri grafikoak Maansi, tundrako herri nomada bateko mutil gaztearen bidea jarraitzen du, hain zuzen ere, komikiari izena ematen dion uhartearen bila. Mitologia eslaviarraz zipriztindutako pasarte eta pertsonaia historikoez beteriko abentura da. “Garai horretan heriotzari buruzko kontuak begiratzen ari ginen eta horrela iritsi ginen mitologia eslaviarrera. Tradizio horretan Buyan irla bat da, hildakoen arimak beltxarga bihurturik jasotzen dituena”, azaldu dute gidoilariek.

Erreferente mitologikoak eta ideiaren ardatzak argi izan ondoren, testuinguru historikoa berez etorri zen. Maansik konkista-kanpaina baten erdian aurkituko du bere burua: Mongoliar Inperioa mendebaldera doa bortizki Batu Khanen gidaritzapean -Gengis Khanen biloba-. Baina, Europako herri eta erresumek “nekez” egin ahal diote aurre erasoari, elkarren arteko borroketan murgilduta daudelako: “Jainko berriek jainko zaharren buru odolduak eskatzen dituzte; errege berriek, errege zaharren koroak; gizakiek gizakiak hiltzen jarraitzen dute”.

euskara, ingelesa eta frantsesa Epika ez dago eleberri grafikoaren orrialdeetan bakarrik, komikia bera argitaratzeko prozesua ere abentura bat izan da egileentzat. Zuri-beltzean marraztutako 80 orrialde zituztenean, Euskal Herriko argitaletxeetatik mugitzen hasi ziren, baina ezetzak berehala etorri ere: ez zuten Buyan argitaratzeko asmorik: “Gure lehen komikia da eta, alde horretatik ezezagunak ginen. Gainera, 120 orrialde egitea zen gure ideia, baina hazten ari zen”.

Etxean zenbait ate itxi zitzaizkienean, konponbide bila kanpora jo zuten. Angulemako azokan -munduko garrantzitsuenetarikoa da- bost bat argitaletxek interesa erakutsi zuten. Hori bai, koloretako komiki bat eskatu zieten.

Gerora, Buyanen aurkezpen dosierra ingelesera itzuli eta Polonia eta Irlandako ateak jo zituzten. Azkenean, Estatu Batuetako Insights Comics-ek ekoitzi du ingelesez eta Akileos argitaletxeak, berriz, frantsesez.

Eta euskaraz? AEBtatik etorritako diruarekin euskarazko bertsioa kaleratu dute, Turco Comics zigilua sortu ondoren. Are gehiago, jada, bigarren edizioa bidean da. Komikia Donostian eta Bilbon aurkeztu ondoren, datorren larunbatean Hendaiako komiki azokan izango dira; hilaren 28an, Gasteizko Zuloa liburu dendan; eta abenduaren 7an, Durangoko Azokan.

Zein izango da, ordea, Maansiren etorkizuna hemendik aurrera? Hasiera batean, gidoilariek bost albumetan banatutako istorioa pentsatu zuten. Lehen liburuaren produkzioak zazpi urte iraun ondoren, gehienez, bi tomo gehiago egon daitezkeela aurreratu dute. Halere, ez dago argi: “Euskal Herrian ondo doa, baina argitaletxeak zer intentzio duen ikusi behar dugu”.

Aurrera jarraitzeko baldintzak “argi” dituzte, bereziki, marrazkilariak, azken batean lan karga “gogorrena” berak izan baitu. Ildo beretik, hirukoteak aitortu du “gauza berriak” probatzeko gogoa ere badutela.

“manga europarra” Estiloari dagokionez, “manga europarra” bezala definitzen dute bere obra. Ez zaie arrazoirik falta. Liburuaren dimentsioei, aurkezpenari eta egikerari dagokienez, album europarra gogora dakarkigu. Aldiz, binetak eta ekintzen deskonposizio ia zinematografikoak Japoniako tradizioan kokatu dezake liburua.

Badira bi industrietan fantasia zantzuak dituzten kontakizun historikoak lantzen dituzten komikiak. 2014an Frantzian Antoine Carrionek eta Antoine Ozanamek kaleratu zuten Temudjinetik hurbil kokatu genezake Buyan -Estatu mailan Normak argitaratu du-. Edonola ere, ezin da ukatu tradizio japoniarren eragina frantziarren lanean.

Azken bi hamarkadetan, loratu egin da mangaken artean -manga lantzen duten komikigileak-, samurai garaiak alde batera utzi eta beste lurralde batzuetan gertatutakoen berri emateko ohitura. Makoto Yokimurak, esaterako, Vinland Sagaren bitartez -Planeta Cómic-, errealitate historikoa baliatuz, X. eta XI. mendeen artean Ingalaterrak jasan zituen bikingoen erasoak kontatu ditu; Hiromu Arakawak, aldiz, Arslan Seki lanean -Estatu mailan La heroica leyenda de Arslan izenarekin publikatu du Normak- Amir Arsalan-e Namdar persiar poema epikoa fikzionatu du, beti ere, Yoshiki Tanakak bere eleberrietan egindako lana abiapuntutzat hartuz.

Ekoizpen horren guztiaren artean, Golden Kamuy -Milky Way Ediciones- arrakastatsua nabarmentzen da, Buyanekin zenbait paralelismo dituen lana, nahiz eta Satoru Nodak, bere obran, XIX mendeko ainu etnia japoniarrari buruzko ariketa pedagogikoa thriller batekin mozorrotu.

Hori ere bada Buyanen bertuteetako bat: elkarrengandik hain urrun eta elkarrekiko ezagutzarik gabe sortzen diren istorioetan ideia unibertsalak gailentzen direla erakutsi du. Antipodetan dauden bizipenak, elkarren ondoan aurki daitezkeela, tolestutako mapa batean bezala, alegia.