Elkartasunari leihoa irekiz gero, lozorroan den jendearen bihotz zabaltasuna irekitzean, injustiziaren aitzinean jartzeko gizakiak barruan duen sentimendu emankorra hezurmamitu egin ohi da anonimotasunaren baitan.Bestela, ezin da ulertu egunotako erantzuna. Ez hizpide soilik izateko, bakoitzak bere ahaleginean duintasun aletxo bat isilpean hedatzeko baizik.Garbantzu kiloak familia baten otordua esan nahi du, makarroi-zorro batek beste hainbeste; arrozak zer esanik ez.Gehienek ez dute norako edo norentzat den galdetu ere egiten; eman egin nahi dute, ekimenaren parte izan.Mendebalde izeneko gizarte honetako etxe anitz traste, jantzi eta janariz josita daudenetatik erraza da dugun soberakinetik ematea, ez hainbeste, ordea, behar dugunetik. Hala ere, inongo argibideren beharrik gabe negar-zotinka bi arroz-zorro dakartzan 80 urteko emakumezkoaren betarteak erabat hunkitu gaitu, baita pentsio urriko alargunaren jarrerak ere, baita hil honetan ezin duela adierazi digunak ere, baita migratzaile izanik emaile bilakatu denak ere, baita Polonia eta Ukrainaren arteko mugara bi txoferrekin kamioikada bat janari igorri dituenaren kontakizunak ere; lantoki bereko hiru gidari ukrainarrek lana utzi eta Ukrainara erresistentziara joateko erabakia hartu dutenaren berri ere berberak jakinarazi digu e.a. Eten gabeko jende ilara dago eskuetan, asko edo gutxi, zerbait eskainiz, jasotzaileak eskerrak eman baino lehen, emaileak berak eskerrak emanez.Urrutiko beharrak, ordea, ez du bertakoa lausotzen. Komunikabideetan nekez agertzen baitira, nahiz eta uste baino hurbilago izan. Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez omen da. Gaur han hari, bihar non nori?