alemaniako Errepublika Demokratikoko(AED) polizia politikoak suntsitu zituen dokumentuen berreraikuntzak mantso egiten du aurrera, baina etenik gabe, 1,65 milioi orrialde eskuz zaharberritzea lortu duen talde bati esker. Berreskuratutako 16.000 zakutik -horietako bakoitzean 2.500 eta 3.000 zati artean daudelarik- AED zaharreko Estatuko Segurtasun Zerbitzuaren Aktetarako Ordezkaritzaren Bulegoak 500 berregitea lortu du orain arte.

Kalkuluen arabera, berreskuratzea espero den hondakinen %10a da. Dokumentu horiek eskuz urratu ziren, erre edo desegin zain; izan ere, harresia erori ondoren, Stasi izenez ezagutzen zenaren bulegoetan jarduera-frenesi bat hasi baitzen, birringailuak kolapsatzeraino. "Ezabatzearen helburua polizia sekretuaren zaintza aparatuaren dimentsioa bera ezkutatzea zela esan liteke", azaldu du Berlingo Stasiren egoitza zentral zaharrean bertan dagoen berregite unitatea zuzentzen duen Ute Michalskyk.

1990eko urtarrilaren 15ean hartu zuten herritarrek polizia sekretuaren egoitza, eta horrek , nagusiki une horretan prozesatzen ari ziren dokumentuei eragin zien suntsipen prozesuari ere amaiera eman zion; artxibo historikoak ia kalterik gabe geratu baitziren. 1995ean osaketa lana hasi zenetik beren onera ekarritako orriek Stasiko 91.000 funtzionarioen praktiken berri emateaz gain, trantsizioaren ondoren ospe handiko posizioak betetzen zituzten informatzaileak ere agerian utzi dituzte. Berreskuratutako dokumentuetan, halaber, Udo Lindberg musikaria edo Lutz Rathenow idazlea bezalako disidenteek jasan zuten zaintzaren zorrotzaren lekukotza ematen da,eta baita atzerriko erasoren bat gertatuz gero oposizioko kideak kontzentrazio-esparruetan giltzapetzeko AEDren planak zehaztu ere.

Berreraikitze lan hori, egungo erritmoan, hainbat hamarkadaz luza daitekeenez, BStUko langileak, lehenik eta behin, orainaldian nolabaiteko eragina izan lezaketen edukia duten zakuak identifikatzen saiatzen dira. "Laguntzaile ez-ofizialekin egindako topaketei buruzko txostenak, norbait birgaitzeko garrantzitsuak izan daitezkeen materialak, edota beste herrialde batzuei egindako espioitzarekin lotutako dokumentuak dira lehentasuna dutenak", dio Michalskyk.

Bederatzi laguneko talde bat, Andreas Loder buru duela, lanaldi osoan aritzen da zatiak konbinatzen; zenbaitetan, zaku bakar batek urtebeteko lana eman dakioke pertsona bati. "Hemen ikusten dugunez, pusketa hauek antzeko haustura lerroa dute, beraz, seguruenik orrialde horiek guztiak aldi berean urratuko zituzten. Zortea izan dugu.", dio Loderrek, erditik hautsitako hainbat orri ikuskatuz.

Zorionez, dokumentu beraren zatiak zaku bakarrean eta "geruza" berean aurkitu ohi dira, Stasiko fun-tzionarioek horiek suntsitzea pentsatzen zutenez, ez zirelako nahasten ahalegindu. Behin zatiak kontu handiz itsatsi ondoren, osatutako orrialde bakoitza beste sail batera bidaltzen da, eta han arduratzen dira edukia aztertzeaz eta dokumentuaren jatorria eta kategoria ezar-tzeaz. Ondoren, Ekialdeko Berlingo konplexu berean dagoen artxibo publikoan gordetzen dira; dagoeneko 111 kilometrotik gorako aktak daude bertan.

Orain arte, 23 zaku berreraiki dira 2008an helburu horretarako berariaz garatutako software bati esker, nahiz eta 2014an eten egin zuten programa pilotua, prozedura motelegia zelako errentagarria izateko. Softwareak eskaneatutako zatiak alderatzen ditu, eta erabiltzaileari konbinazio gertagarrienak erakusten dizkio, zuzena aukeratu dezan; eta horrela, dokumentu digital bat sortzen da.

interesa berpiztu egin da Azken urteetan, Stasiko akten inguruko interesa berpiztu egin da. Harresia erori zeneko 30. urteurrenarekin, 2019an, 56.526 herritarrek eskatu zuten artxibora sartzea, aurreko urtean baino 11.000 gehiagok.

Sarritan, fenomeno hau trantsizio osteko belaunaldiarekin lotuta egoten da; ez dute AEDren garaiko berezko oroitzapenik, eta gurasoen eta aitona-amonen historia ezagu-tzea dute helburu.

Stasiko 189.000 konfidenteetako baten edo gehiagoren zaintzapean zeudela susmatzen zutenen kasuak ere ugari dira. Orain, urteak pasa ondoren eta hainbat hamarkadatako distantziarekin, emozionalki prestatuak sentitzen dira egia ezagutzeko. Edonola ere, artxiboan egindako kontsulta batek gaur egun emaitzarik ez emateak ez ditu zalantzak behin betiko argitzen. Michalskyk azaldu bezala, ezinezkoa da berreraikitako aktetan agertzen diren kaltetuekin harremanetan jartzea; beraiek izan behar dute ekimen propioz pausua eman behar dutenak. "Norbaitek artxibora eskaera bat aurkezten duenean eta ezer aurkitzen ez dugunean, urte batzuen buruan berriro harremanetan jartzea gomendatzen diegu. Agian ordurako emaitzarik egongo baita," dio amaitzeko.