Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) bere 50. urteurrenean murgilduta dabil. Erakundeak festak, websail bat eta beste hainbat ekintza ditu aurreikusita, Udako Ikastaroek 50 urte bete dituztela ospatu asmoz.

Aurtengo ikastaroetarako matrikula zabalik dago jada www.ueu.eus web orrian, 10 eurotan.

UEU 1973an sortu zen Ipar Euskal Herrian, helburu nagusi Euskal Unibertsitatea sortzea izan zuelarik. Aurrekari esanguratsu batean oinarritu zen egitasmo hura, 1970 eta 1972 urteetan Baionan gauzatutako Euskal Asteetan, hain zuzen ere. Haien arrakastaz jabetuta, Euskaldunen Biltzarra, Ikas eta Fefedunak elkarteek bat egitea erabaki zuten, 1973ko udan, abuztuaren 29tik irailaren 8ra bitartean, Udako Ikastaroak antolatzeko. Ibilbide hari ekiteko Euskaltzaindiaren babesa ere izan zuten.

Lehenbiziko urteak Iparraldean pasa zituzten; 1973 eta 1974 Donibane Lohizunen eta 1975 eta 1976 Uztaritzen. 1977ko ekitaldiak, aldiz, mugaz bestalde burutu zituzten, Iruñean, eta 1985tik aurrera, "eragina zabaldu nahian", jardunaldiak udan ospatzeaz gain, gainerako urtaroetara zabaltzea ere erabaki zuten. Batez ere "publiko orokorrari zuzendutako" dibulgazio-mailako hitzaldi eta mahai inguruak jorratu izan dituzte udaz kanpoko egitarauetan.

Handik aurrera, UEUren "jarduera etengabe handitu da", erakundearen beraren hitzetan. Egun, 1.300 bazkidek osatzen dute haren "oinarri soziala". Urtean behin, Batzar Nagusian elkartu ohi dira kide guztiak, baina egunerokotasuneko kudeaketa, lau urtez behin batzarrak berak aukeratzen duen Talde Eragilearen ardura izaten da. Talde horren buru UEUko zuzendaria egoten da, gaur egun Kepa Sarasola delarik.

UEUko bazkideek gauzatzen duten lana 27 sail ezberdinetan banaturik dago, bakoitza jakintza-alor bati dagokiolarik. Askotariko gaiak lantzen dituzte sailetan; hala nola, antropologia, arkitektura, ekonomia, filosofia, informatika, kazetaritza, psikologia, soziolinguistika edota zuzenbidea. Sailak eurak izaten dira, erakundearen idazkaritzarekin batera, ikastaroak, jardunaldiak, liburuak eta gainerako ekintzak antolatzen dituztenak.

Sail guztien eta erakundearen beraren jarduna lau lan-ildo nagusitan banandu daiteke. Alde batetik, "Euskal Unibertsitatea sortzeko" ildoa, hasieratik helburu nagusia izan dena; UEUren ustetan, "maila goreneko hezkuntza-erakunde" hau "euskal gizartearen beharretara egokitua" egotea, "izaera soziala" izatea, "Euskal Herria bere osotasunean" hartzea eta "euskara hizkuntza-ardatz nagusia" izatea ezinbestekoak baitira.

Aurrekoa lortu ahal izateko garatzen dute hurrengo lan ildoa, "goi-mailako formazioa" edo jarduera akademikoa eratzearena. Hemen kokatuko lirateke unibertsitate mailako formazioa, ikastaro espezializatuak, mintegiak edota irakasle zein profesionalei zuzenduriko prestakuntza, besteak beste.

Argitalpengitza ere lan-ildo garrantzitsua da UEUrentzat, "azpiegitura bibliografikoa" izateko, eta arlo teknikoetan "euskarazko terminologia eta sintaxia finkatu" daitezen. 1978an plazaratu zuten lehen liburua eta ordutik, ia 500 titulu kaleratu dituzte.

Azkenik, Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKTen) ildoa legoke, teknologia berriak eta goi-mailako formakuntza uztartzen dituena. Honi jarraiki garatu dituzte egun interneten eskuragarri dauden hainbat proiektu; hala nola, Buruxkak izeneko UEUren liburu digitala, historiako aldizkari elektronikoa den Kondaira, edota aditu eta profesional euskaldunei zuzenduriko Artizarra sare soziala.

Azken 50 urteotan euskararen alde eginiko ibilbidea ospatu asmoz, hainbat ekintza aurreikusi ditu erakundeak 2022rako. Urtea UEUtopa! birtualarekin hasiUEUtopa! zuten; otsailetik maiatzaren amaierara bitartean, online solasaldiak izan dituzte SolastUEU zikloaren barnean; eta 23. Korrikan, Barredromoa hartu zuen.

Datozen hilabeteei begira, ekimen anitz eta interesgarri ugari prestatu dituzte. Nabarmentzekoetako bat Bekaduna websailaBekaduna, Bira Produkzioak eta Hiru Damatxo enpresekin elkarlanean sorturikoa eta lau kapitulu izango dituena; astearte honetan bertan argitaratuko dute hirugarren pieza euren Youtubeko kanalean. Esanguratsuak dira baita ere, Euskal Herri osoan zehar ekainean egingo diren UEUfesta; irailaren 21ean Bilboko Kafe Antzokian izango den ekitaldi ofiziala, edota Durangoko azokarako argitaratuko duten ipuinen bilduma, UEU bera oinarritzat hartuta.

Hala ere, 50. urteurrenari 2023an emango diote erabateko amaiera, hausnarketak bilduko dituen liburuaren plazaratzearekin, eta jakina, baita topa eginez ere, ospakizunari halaxe ekin baitzioten.