- Idazmakinarik gabe burutu zuen Resurrección María Azkue hizkuntzalariak 1906an kaleratu zen 1.000 orrialde inguruko lehen euskara-hiztegi hirueleduna. Lan mardul honetan zazpi euskalkitako (zehazki 302 herritako) iturriak bildu zituen, 76 egileren aipuak eta 168 lan-erreferentziatu bere barne hartuz. Orain, Aurten Bai Fundazioaren ekimenez, euskaltzainburu izatera heldu zen Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés XXI beharretara egokitu da. Horrela, hiztegiaren on line formatua eskuragarri jarri da irekian, dohainik, fundazioaren web atarian. Berritasun nagusia bilaketak Azkueren grafiarekin -euskara batua existitzen ez zenean jorratu zuen hiztegia- zein grafia modernoarekin egiteko aukera da.

"Hiztegiaren bertsio hau balio handiko lana da, batez ere, euskal lexikoa hobeto ezagutzeko eta horren inguruan egin daitezkeen hainbat ikerketa ahalbidetzeko eta errazteko", adierazi du Mikel Etxebarriak, Aurten Bai Fundazioaren lehendakariak, prentsaurrekoan. "Baliabide interesgarria eta erabilgarria da euskaraz dihardugun profesional guztiontzat eta euskararekiko interesa izan dezakeen edonorentzat", azaldu du, ildo beretik, Xabier Euzkitze kazetariak, askorentzat eguneroko lan tresna izan daitekeela ziurtatuz.

Hiztegiaren xehetasunak Pello Salaburu euskaltzain osoak eta EHUko errektore nagusi ohiak eman ditu. Bere esanetan, "Azkuek lan izugarria egin zuen euskararen hainbat eremutan". Hala ere, hiztegigin-tzaren alorrean, lekeitarrak egindakoa ez zen lehen saiakera izan. Aymeric Picaud erromesak jaso zituen XVII. mendean euskarazko lehen hitzak hiztegi batean. Geroago, 1745ean, bi liburukitan kaleratu zuen Larramendik bere hiztegia, euskara, gaztelania eta latina barne hartuz. Azkueren hiztegia XX. mendearen hasieran kaleratu zen, euskara batua oraindik existitzen ez zenean. Tamaina honetako lehen euskara-hiztegi hirueleduna izan zen, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez burutu baitzuen.

Bere lanean, bi zailtasuni egin behar izan zitzaien aurre: euskararen fonetika euskalkietan islatzeko sistema estandar baten faltari eta euskalkien barietatearei; batzuetan desberdintasun dialektologiko horiek agertzen dira, baina inguruko bi herriren artean ere. Lehen arazoa konpontzeko Azkuek iturri sistema propioa sortu zuen, gaur egun edozein konparazio lan zaildu dezakeen sistema. Bigarren arazoa, barietate dialektologikoa, "maisuki" dokumentatu zuen Azkuek, sarrera-egitura konplexua sortu baitzuen, euskararen errealitatea zehatz-mehatz islatzeko gai zena. Bi faktore horiek zaildu egin zuten hiztegia digitalizatzea, baina Aurten Bai Fundazioaren proiektuak bi oztopoak gainditzea ahalbidetu du.