- Ia 1,8 milioi euro erabili ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Deba, Oiartzun eta Oria ibaien arro hidrografikoetako balio ekologiko handiko hamar bat ibai eta errekastotan oztopoak kentzen eta balio ekologiko handiko eremuak berreskuratzen, "baldintza naturalak zaharberritu eta biodibertsitatearen oreka hobetzeko".

Gure lurralderako balio ekologiko handia duten 28 kilometroetan zehar burutu dira lan horiek, 2020-2035 aldirako Oztopoak Permeabilizatzeko Plan Zuzentzailearen egitasmopean. Planaren helburua, arrain-faunarentzako tarte nabigagarriak hirukoiztea da, ibai-sarearen %70ean baldintza naturalak berreskuratuta.

Datorren astelehenean Ibaien aldeko Nazioarteko Ekintza Eguna dela eta, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatu José Ignacio Asensiok, atzo eman zuen orain arte egindako lanen berri.

Agerraldian, Enrique Ramos Obra Hidraulikoetako foru zuzendaria ere lagun izan zuen, eta aipatutako plan zuzentzailearen esparruan egindako jardueren berri eman zuen. Egitasmo horretan, Gipuzkoako arroen egoera sakon aztertu eta 228 oztopo kentzeko proposamena dago jasota, 8,5 milioi euroko inbertsio ekonomikoa aurreikusita.

Orain arte egindako lanekin, balio ekologiko handiko 28 kilometro ibai iragazkortu dira, 1.780.000 euroko inbertsioa eginda.

Asensiok zehaztu zuenez, hamaika proiektu gauzatu dira honako ibai eta erreketan: Agauntza, Alkiza, Araxes, Ermuaran erreka, Goikola, Karrika, Leitzaran, Oiartzun, Urola eta Urtsuaran. Deba, Oiartzun eta Oria ibaien arro hidrografikoetakoak dira, eta hamar udalerritakoak: Alegia, Anoeta, Beasain, Elduain, Elgoibar, Idiazabal, Lazkao, Leaburu, Mendaro eta Oiartzun.

2022an, ibaiak lehengoratzeko zortzi obra egitea aurreikusi da, Deba, Ermuaran erreka eta Oiar-tzun ibaietan sei presa txiki eraitsi, eta Oiartzun ibaiko Olaetxe errota eta Urola ibaiko hondakin-urak arazteko estazioko presa txikiak iragazkor bihurtuz. Jarduera berri horietarako 420.000 euroko inbertsioa egingo da.

"Ibaiek bizia dakarkiote Gipuzkoari, karbonozko hustubide naturalak dira, eta horiek kontserbatzea eta lehengoratzea funtsezkoa da gure lurraldearen biodibertsitaterako eta oreka ekologikorako. Karbonogabetzearen bidean, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteaz gain, sistema ekologikoak lehengora ekarri behar dira, biodibertsitatearen krisia iraultzeko. Horixe izango da pertsonen osasunerako txertorik onena", nabarmendu zuen Asensiok.