- Eunice ekaitzak gutxienez hamaika pertsona hil ditu Europako hainbat herrialdetan, besteak beste, Erresuma Batuan, Herbehereetan, Alemanian eta Belgikan.

Erresuma Batuan, ekaitzaren haize bortitzek zuhaitzak bota eta hondakinak altxatu dituzte. Ondorioz, 30 urteko emakume bat hil da Londresen, 20 urteko gizon bat Hampshiren (Ingalaterrako hegoaldean) eta 50 urteko beste bat mendebaldeko Merseysiden.

Londresko Poliziak azaldu zuenez, bidaiari zihoan autora zuhaitz bat eroritakoan hil zen emakumea. Ibilgailuaren gidaria ospitalera eraman zuten, BBC telebista kate britainiarrak jakinarazi duenez.

Antzeko eszena 20 urteko gaztearena ere; barruan zegoela, zuhaitz batek txikitu baitu bere kamioneta, zerraldo geratuz. 50 urteko gizasemea ere antzeko egoeran hil da; autoan zihoala, haizeak altxatutako hondakin batzuek haizetakoaren kontra talka egindakoan zendu baita. Hiru heriotza horiei, zuhaitz bat gainera erorita hil den 60 urteko irlandarrarena ere gehitu behar zaie.

Wight uhartean erregistratutako 196 kilometro orduko ufadak ezarri du, herrialde horretan inoiz erregistratu den markarik handiena. Hori kontuan izanik, Erresuma Batuko Meteorologia Bulegoak etxean egoteko gomendioa luzatu die britainiarren ia hirutik bati.

Hornidura elektrikoari dagokionez, 153.000 erabiltzailetik gora korronterik gabe daude oraindik ere Eskozian eta Ingalaterran, eta hainbat tren-ibilbide ere etenda daude jazoera horien ondorioz.

Bestalde, denboralearen ondorioz hiru pertsona hil ziren joan den ostiralean Amsterdam inguruan. Dutch News atariaren arabera, hiru hildakoak zuhaitzak erorita hil ziren, oinez, autoz edo bizikletaz zihoazela. Halaber, Cars Jeans Stadion estadioaren estalkia ere suntsitu zuen denboraleak, Herbehereetako Haga hiriaren kanpoaldean.

Eunice ekaitzak gogor astindu du Belgikara ere. Haize erauntsien ondorioz itsasontzitik uretara erorita hil da 79 urteko gizon bat Ypresko portuan, herrialdearen ipar-mendebaldean.

Gizona uretatik berehala atera arren, oso egoera larrian eraman zuten ospitalera, eta bertan hil zen.

Belgikan oso haize-bolada gogorrak erregistratu zituzten Flandes eta Henaon, baina biziena kostaldeko Ostende hiriko aireportuan jaso dute, herrialdearen ipar-mendebaldean, 130 kilometro orduko abiadura gaindituz.

Alemanian, berriz, hiru hildakoren berri eman dute, tartean mendebaldeko Ipar Renania-Westfalia estatuan hil zen 56 urteko gidari bat. Eskualde berean hil zen 17 urteko beste gazte bat, bi lagunekin ibilgailu batean zihoala. Ipar mendebaldeko kostaldeko Wurster Nordseekueste udalerrian ere beste gizon hil zen, ekaitzak sortutako haize bolada batek teilatutik bota zuenean. Frantzian adi-tzera eman dutenez, hamar zauritutik gora izan omen dira, gehienak arinak, bederatzi metroko olatuak eta 176 kilometro orduko haizeak Bretainian.