Ikusmen urritasuna duten pertsonentzako ikastaroa eskainiko du Basque Culinary Centerrek Angel Palacios errioxarraren eskutik. tsu-itsuan sukaldean datorren asteburuan izango da Donostian.

Retinosis Gipuzkoa Begisarek, kasurik gehienetan gaixoak itsutasunera eramaten dituen endekapenezko gaitz hori sufritzen duten pertsonak biltzen dituen elkarteak antolatu du tailerra, itsuei zein ikusmen-urritasuna dutenei sukaldean segurtasunez jardun ahal izateko teknikak erakusteko.

Sukaldaritzat "berrasmatzea" eragin zion afekzio baten ondorioz ia itsu geratu zen Palacios zazpi laguntzailerekin etorriko da Donostiara ikastaroa eskaintzera.

Produktuaren errekonozitzea, lanabesen erabilera eta elaborazioa izango dira parte-hartzaileek jarraituko dituzten ildo nagusiak, eta "guztia eurek egin beharko dute", azaldu du Palaciosek, Retinosis Gipuzkoa Begisarek igande honetan zabaldutako oharrean.

"Guztiek ukitu beharko dute, guztiek moztu. Bestela, ez baitu zen-tzurik. Nik egiteak ez du ezertarako balio, nik neuk hori gainditu dudalako. Nik erakutsi egingo diet, hesi hori -sikiera behin- gainditu dezaten, nahiz eta gero berriro egin nahi ez izan", azaltzen du idatzian.

Sukaldari errioxarrak oinarrizko funtsak eta sukaldaritzaren azken joerak ere irakatsiko ditu: egosi beharrik ez duen pastarekin lasagna egingo du; pintxoak, hainbat plater egitea ahalbidetuko dien teknikak erabilita; euskal sukaldaritza eta errioxarra uztartzen dituzten errezetak, baita hainbat arroz mota ere, itsas planktonarekin egindako bat barne.

Parte-hartzaileek, gainera, aiztoak erabiltzen ikasiko dute, hatza sartuta ura zer tenperaturatan dagoen antzematen, eskuak erabiliz neurriak kalkulatzen, eta egindako janaria platerean txukun jartzen.

"Bakoitzak bere erara. Biziki maite dut gauzak nola ukitzen dituzten, testurak nola sentitzen dituzten, begiak baitira euren eskuak", adierazi du, orain hamaika urte Itsu-itsuan sukaldean proiektua martxan jarri zuen Palaciosek.

Bi saio antolatu dira larunbata, hilak 19rako, eta beste bat igandean. Saio horietan, "Sukaldaritza inklusiboko" Kitchen Eye plaka erabiliko dute; aplikazio batekin edota ahotsaren bidez funtzionatzen duen plaka hori Mondragon Componentes enpresak garatu du, Retinosis Gipuzkoa Begisare eta Itsu-itsuan sukaldean egitasmoaren laguntzarekin.

Elkarteko presidente Itsaso Nuinek adierazi duenez, ekimenaren helburu nagusia bazkideen autonomia sustatzea omen da.

"Pertsona bat itsu geratzen denean edota ikusmen-urritasunak aurrera egin ahala, ohikoa izaten da janaria prestatzeari uztea, arriskutsua izan daitekeelakoan. Horrek eragin nabarmena izaten du gaixoen gogo-aldartean, gustuko duten zerbait egiteari utzi behar izaten diotelako. Sukaldean gozatzen jarraitzeko baliabideak eskaini nahi dizkiegu ", azpimarratu du.

Gipuzkoako bazkideez gain, Bizkaiko eta Arabako Begisareko kideak ere etorriko dira Donostiako tailerretara.

Produktuaren ezagutza, lanabesen erabilera eta elaborazioa izango dira parte-hartzaileek jarraituko dituzten ildo nagusiak