René Robert argazkilari suitzarra zendu da aste honetan. Heriotza bera latza bada, batez ere gertu dagokigunean, kasu honetan are latzagoa, hiltzeko moduagatik. Bere lagun batek ederki esan bezala, axolagabekeriak hil du argazkilaria.

Paris erdialdeko kale jendetsu batetik oinez zijoala lurrera erori eta bertan geratu zen ia bederatzi ordu luzez norbaitek osasun zerbi-tzuei deitu zien arte. Beranduegi. Hipotermiaz hil zen René, hotzak jota, gauaren hotza eta jendearen bihotzaren izotza.

Bostehun bat pertsona hiltzen omen dira urtero kalean Frantzian. Ziur baten bat gehiago ere izango dela, eta Frantzian bezainbeste direla inguruko herrialdeetan ere. Eta iduriz, nahiko ohituak gaude heriotzaren mugan daudenak kalean botata ikustera, inork ez baitzion kasurik egin. Beste mozkor bat lurrean botata, pentsatuko zuen baten batek. Gajoa, nola egon daiteke kalean dagoen hotzarekin, besteren batek. Baina inork ez zuen hiriko pauso lasterra eten René laguntzeko. Argazkilari ezagun samarra zelako ezagutu dugu berria, ez pentsa, bestela zenbaki huts bat izango zen sekula ikusiko ez genukeen zerrenda batean.

Urtero, negu garai honetan egon ohi dira gure hirietan ere teilatupean lo egiterik ez dutenak, eta zakarki bota ohi dituzte batetik eta bestetik, enbarazu egiten baitigute dirua ateratzeko garaian, edo kale iskineko aterpean babesturik. Gizarte zerbitzuek denak babesteko ematen ez badute, agian gizarte zerbitzuak berak babestu beharko ditugu, hauek aldi berean babes gaitzaten.

Axolagabekeriak hil zuela aipatzen zuen lagunak ere esan zuen, eta honekin ere bat nator, inor epaitu baino lehen bakoitzak pentsatu beharko lukeela ea laguntzera geratuko ote ginen. Baiezkoa azkar erantzun dutenentzat txalo zaparrada bat hemendik. Baina nik neure burua egoera horretan jarriz gero, ez dakit nola jokatuko nukeen. Hobeki esanda, auto-zuritze ariketarik egin gabe, bere ondotik, kale jendetsu horretatik pasa zirenen antzera egingo nuke, presa nuenaren aitzakian aurrera egin, ea hurrengoak artatzen duen. Eta honek kezkatzen nau, ez baitzaigu ezer kostazen momentu batez gelditu, zer moduz zaude galdetu eta erantzunik ezean laguntza eske dei-tzea. Minutu bateko deia, gehienez tartetxo bat anbulantziaren zain. Inork ez digu dominik edo saririk emango ziurrenik, baina kalterik ere egingo ez digunez, zergatik ez saiatu.

Kasu honetan atentzioa deitzen du ere larrialdi zerbitzuetara deitu zuena etxe gabeko pertsona bat izan zela jakiteak. Anonimo jarraitu nahi omen du. Etxerik ez, baina moralez, gizatasunez eta errukiz gu baina jantziagorik badago, zorionez.