- Arartekoak pandemiaren inguruko kexa asko jaso dituela adierazi du, herritarrek administrazioarekin komunikatzeko topatzen dituzten "zailtasun ugariengatik", eta "ezinbesteko presentzialtasuna" bermatu egin behar dela aldarrikatu zuen. Adierazpen horretan bertan, babesa eskaini zion covid ziurtagiriaren erabilerari, eta txertoa ez hartzea erabakitzen dutenei argi adierazi nahi izan zien "ez dagoela absolutua den eskubiderik".

Radio Euskadin egindako elkarrizketan azaldu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoak, pandemia garaian ugaritu egin direla covid-arekin lotutako kexak, eta orain arte ohikoak ez ziren "eremu berriak" ere agertu direla.

Gai horretan sakonduz, nahigabetuta azaldu zuen, pandemia hasi zenetik "gai errepikakorra" izan dela administrazioarekin harremanetan jar-tzeko "zailtasun handiak" zituzten pertsonen kexak; sarritan ordenagailurik ez zuten edo trebetasun informatikorik gabeko pertsona zaurgarrien talde espezifikoek bidalitakoak ziren, baita "telefonoa hartzen ez zieten" herritarren kexak ere.

Arartekoarengana tankera horretako kexa "ugari" iritsi omen dira 2020tik bertatik, eta, adierazi zuenez, bere erakundeak gomendio orokor bat zabaldu zuen azaroan, euskal administrazioei "ezinbesteko presen-tzialtasuna" eskatuz.

Lezertuak gogora ekarri zuen "administratuak ez duela zertan derrigorrez sistema telematikoekin komunikatzen jakin behar"; aldiz, administrazioak bai, "modu presentzialean komunikazioa ahalbidetzeko betebeharra baduela". Argi utzi nahi izan zuen, administrazioarekin harremanetan jartzeko ezintasunak "batzuetan ondorio larriak ekartzen dituela"; esate baterako, diru-laguntza edo prestazio bat eskuratzeko aukerarik ez izatea, edo espediente "garrantzi-tsu" baten egoera ezagutzeko aukerarik ez izatea eragin ditzakeelako.

Arartekoak aipatu zuenez, bere eskariaren ondoren igarri omen da administrazio ba-tzuk presentzialtasun maila "handiagora" itzuli direla, "erabatekoa" ez bada ere, eta "pertsona askorentzat aurrez aurreko arreta hori ezinbestekoa dela azpimarratu zuen.

Lezertuak ezbairik gabe esan zuen, berak zuzentzen duen erakundea ez dagoela administrazio elektronikoaren aurka, baina bere iritziz, prozesu horrek "ez luke izan behar soilik administrazioaren mesederako, erosoago lan egin dezan"; aitzitik, ondo kontuan hartu beharko luke trantsizio horretan "inor atzean ez uztea".

Bestalde, txertoari eta covid ziurtagiria delakoari buruzko hainbat kexa jaso omen ditu Arartekoak pandemia garaian. Bere esanetan, txertoari buruzkoetatik askok, txertoa jaso-tzeko lehentasun-hurrenkera omen zuten hizpide, eta horietako gehienei ez zaie arrazoirik eman, Administrazioak "diskrezio nahikoa" izan behar duelako, hain garrantzitsua den" sistema antolatzeko. Aldiz, patologia jakin batzuen pairamena aipatzen zuten kasu batzuk kontuan hartu dira, "ahalik eta azkarren zuzenduz".

Jarduera jakin batzuetan covid ziurtagiria nahitaez erabili beharrari buruz jasotako kexei dagokienez, Lezertuak argi adierazi zuen "ez dago derrigorrez txertoa jarri beharrik, baina ez dezala inork uste, bere ekintzek ondoriorik izango ez dutenik".

Gaur egungo egoeran, "kutsatzeak saihesteko eraginkortasun osagarria" izan dezakeen neurri bat dela kontuan izanik, "absolutua den eskubiderik ez dagoela" azpimarratu zuen.

Gai horrekin jarraituz, azkenean herrialdetik kaleratu duten Novak Djokovic tenislariaren kasuan, bere ustez Australiako administrazioak zuzen jokatu duela esan du. "Ez dago Australiako Irekia jokatzeko bere horretako eskubiderik", eta, bide batez, deitoratu egin zuen txertoen aurkako taldeentzat jokalaria "jainko" bihurtu izana.

"Ez dago txertoa jartzera derrigortzerik, baina horrek ez du esan nahi ondoriorik ez duenik"

Arartekoa