Nahiz eta beste garaiko kontu bat dirudi, duela soilik hamar urte pasatxo telebista seinalea digitalean jasotzeko pausua eman genuen. Ez ziguten galdetu aldaketarik behar ote genuen, baina telebista afiziotzat daukagunontzat kate berri mordoxka bat ekarri zituen. Batzuetan filmak, beste batzuetan telesailak, beste batean Aquí no hay quien viva non-stop eta abar. Niri gehien gustatzen zitzaizkidanak Megaconstrucciones, nola egiten da hau edo beste eta horrelakoak ziren. Egia onartze aldera, saio hauek ingeniarientzat eginak daudela esango nuke, baina nire burua hortik oso urruti kokatuko banuke ere, bazuen entretenitzen ninduen zerbait. Inor ez da perfektua.

Telebista programa hauen artean bazen beste bat Australian grabatzen zutena. Ez zen Krokodilo ehiztaria, nahiz eta bazuen ehizetik zer edo zer. Control de fronteras: Australia izena zuen saioak. Bertan ikus zitezkeen Ozeaniako herrialdera sartzeko zenbaitek zituzten komeriak hainbat arrazoi medio. Batzuetan bisa arazoak zituzten migrante asiar eta afrikarrak agertzen ziren, bizi berri baten bila zihoaztenei jar-tzen zizkieten trabak agerian utziaz. Besteetan ez dakit nondik zetorren bidaiari arraro bat geratzen zuten, adibidez, zekar-tzan te poltsatxoak herrialdean sartu ezin zirela argudiatuz. Harritu ninduen mugak zaintzeko zein modu setatsua zuten Australian. Kanpotik zetorren edozein jaki, belar, animalia edo bestelako bizidunik ez zuten onartzen bertan, bertako espezieak babeste aldera.

Berez nahiko muga naturala du herrialdeak, irla bat izaki. Kontuan hartu kartzela gisa erabili izan zutela ingelesek horrexegatik beragatik, alde egitea zail xamarra zelako, eta bide batez, urrun zegoelako. Arazoak, gero eta urrunago hobe, pentsatuko zuen baten batek. Australiarrek zintzo demonio zaintzen duten muga horren arrazoia ere izan daiteke 1859 gizaseme batek bi dozena untxi eraman izana ehizean ondo pasatzeko asmoz. Denbora gutxian animaliatxo horiek plaga bihurtu eta milioika biderkatu ziren, bertan betidanik zeuden hainbat espezie kaltetuz.

Astebete edo izango da salbuespentxo bat egin zutela Australiako mugazainek. Finean, eurek ez, haien gainetik dagoen norbaitek erabakiko zuen Djokovic tenis jokalariari bidea eman izana, bertan sartzeko beharrezkoak diren txerto eta abarrak kontuan hartu gabe. Eta hortxe sortu da iskanbila. Ez baitiote herrialdean ohikoa zuen moduan sartzen utzi bertako txapelketa jokatzera, eta gajoa hor izan dute hotel batean, erbesteratuko ote zuten beldurrez. Agian pentsatuko zuen kontrako sexua adierazten duen komunean sartzea bezala zela Australian sartzea. Inor ez zela konturatuko egindako tranpatxoaz, baina bai, konturatu dira, eta nazioarteko arazo bihurtu da ia-ia. Bere aitak profetaren pare jartzen zuen, eta txertatuek aldiz, hurrengo baterako ikasiko duela esan. Txapelketa jokatzen uzten badiote, batzuentzat gaizki, klaseak daudela adierazten baitu. Eta herrialdetik kanporatzen badute, txerto gorrotatzaileentzat gaizki ere.

Zer pentsatuko ote du hegazkinean bueltan bidali zuten gazte Kanbodiarrak? Klaseak eta klaseak beti egon direla, eta egongo direla. Berak ez baitzuen hotel hori sekula zapaldu, ez eta mugaz haraindiko metro bakarra ere. Krokodilo ehiztariek harrapakinak aukeratzen dituztenaren seinale.