-Azken uholdeek eragindako kalteengatik atzo Ministroen Kontseiluak onartutako neurri-sortaren barruan omen dago Euskadi, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak adierazi duenez. Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak uholdeek eragindako galerak konpentsatzeko laguntzei buruz egindako interpelazioari erantzunez eskaini zituen azalpenak Erkorekak; ostegunean Fernando Grande Marlaska Barne ministroarekin hitz egin omen zuen, eta Euskadik laguntza jasoko duela baieztatu omen zion.

Beraz, itxaron egin beharko omen da, onartutako neurri eta laguntza horiek Euskadiko pertsona kaltetuek nola jaso ditzaketen ikusi arte, eta behin hori aztertutakoan, Eusko Jaurlaritzak ez omen du baztertzen konpentsazio-mekanismo gehigarri bat gaitzea, aurreko uholdeetan (2008 eta 2015) egindakoaren antzera.

Erkorekak azpimarratu zuenez, URA agentzia etengabe egunera-tzen ari omen da egin beharreko obren plana; dagoeneko, aurreikusitako ekintza askorekin hasi omen dira, eta, horri esker, lehen urez estaltzen ziren hainbat toki ez direla urpean geratu.

Bestalde, atzo azaldu zuen Eibarko Udalak, azken hamarkadetan herrian egindako "milioi askoren inbertsioei esker, azken uholdeen ondorioak ikaragarri murriztu direla". Udaletik adierazi zutenez, 1983ko eta 1988ko uholde larrien ondoren egindako Ego ibaiaren eta inguruko errekastoen bideratze-lanek zeresan handia izan omen dute uholde berri honek kalte garrantzitsurik ez eragiteko.

Azitaingo industrialdeko sarbideetan edota Unbeko errepidean pairatutako luiziak izan dira Eibarren jasandako kalterik aipagarrienak, eta dagoeneko konponduta daude.