z dakit konturatuko zineten, baina pandemia hasi zenetik, erabakiak eskala gero eta baxuagoan hartzen dira. Ardura esku batetik bestera pasa-tzen joan dira, eta orain xumeena da errudun. Batek kulpa ez izatearren, besteari ematen dio ardura, eta hor konpon. Egunero Yoko Ono berri bat.

Iparraldean estatua zentralistagoa denez, eta pausoak ezberdin eman direnez, garapena ere bestelakoa izan da. Baina hegoaldean aldiz, eskilara batekin erraz irudika genezake erretzen duen patata pasatze hau.

Hasiera batean erabakiak Estatu mailan hartzen ziren, adibidez hasierako itxialdi hura. Eta gu, gustatu ala ez, Estatu horren menpe gaudenez, etxean geratu ginen. Hilabete batzuk pasata, zenbait erkidego protestan hasi ziren, hainbat eskumen kendu zi-tzaizkiela batetik eta erabakitzeko ahalmena kendu zitzaiela bestetik. Eskerrak erabakitzeko eskubidea ez dudan esan, hori bai patata beroa. Espainiako Gobernu zentralak barrurako barre txiki bat egin zuen orduan. Erkidegoei zenbait eskumen emango zizkien, hauen garaipena balitz bezala saldu eta gainera erabakiak hartzeko ardura gainetik kendu eta azpiko mailara jaitsi zuten. Azpikoak pozik eta ordurarte lider paperean zegoena arduraz libre.

Erkidegoei egokitu zitzaien orduan erabakitzea, edo hobe esanda erabakiak hartzea. Hartu zituzten hartu zenbait deliberamendu, segidan epaile eta epaitegiren batek atzera bota, berriz zerbait proposatu eta kitto, konpondu dadila probintzia bakoitza bere kasuekin. Horrela, gu gaizki egonda ere, bizilagunak okerrago daudela ikusita, haien errua izango da ziur aski. Konturatuko zineten beste maila bat jaitsi dugula, baina ez da azkena, ez noski.

Udalerriei pasa zieten ardura orduan. Herri bakoitzak, kasuen arabera neurri batzuk edo beste batzuk hartzeko. Hemen ere bizilaguna okerrago egoteak hala moduzko kontsolazio bat ekartzen zigun, baina nire herrian ezin badut tabernara joan, ondokora jo, erraz askoa da. Haiek gurera etorriz gero aldiz, ez daukate lotsarik.

Beste maila bat jaisterik bazegoen ordea, eta orain, tabernak eta eskolak izango dira arduradun. Batzuk ziurtagiria eskatu beharko dute, eta besteek euren kasuak auto-kudeatu. Izorrai. Bata polizia eta bestea aztarnari.

Kategoria berean, baina modu bakartiago batean dago norbanakoa. Baina honi aspaldi botatzen zioten errua. Kutsatu kopuruak gora egin ahala gizabanako arruntari egotzi errua, hartutako neurriak zuzenak baitira, norantzaz Ciudadanosekoek baina gehiago aldatzen badute ere. Ardura beraz gurea izango da, azpian beste mailarik ez daukagulako. Hasi beharko dugu berriz saguzar eta pangolinei begira, ea errudunen banaketatik eskapatzeko aukerarik ba ote dugun. Ez zaizkit inoiz fidatzekoak iruditu pangolin horiek.