- Hezkuntza soziolinguistikoa: Euskal Herrian han eta hemen dauden material eta baliabideen bilketa, azkerketa eta sailkapena lanagatik, Izaro Arrutik (Andoain, 1996) eta Sandra Prietok (Lasarte-Oria, 1991) aurtengo Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Saria irabazi dute eta Jose Luis Zumetaren litografia eta 2.000 euro eskuratu dituzte.

Arruti frantses eta ingeles filologian lizentziatua da, euskal ikasketen minorrarekin. Gaur egun EuskarAbentura espedizioko hizkuntza arduraduna eta ikerlaria da. Prieto berriz, euskal filologian lizentziatua da. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean Bigarren Hezkuntzako Masterrean biek elkarrekin egindako Master Amaierako Lana izan da aurkeztutako lanaren oinarria.

Soziolinguistika Klusterrak atzo ohar baten bidez adierazi zuenaren arabera, lana Euskal Herriko gazteen profil soziolinguistikoan identifika daitezkeen bi ahulgunetatik abiatzen da: ezagutza eta erabileraren artean dagoen desoreka eta aurreiritzietan eragiteko beharra. Adituek soziolinguistikari eta hizkuntza-ekologiari buruzko hausnarketak egiteak eta ezagutza zientifiko hori ikasleei transmititzeak positiboki eragin dezakeela defendatzen dute.

Bigarren saria (1.300 eurokoa) Euskararen marka: marketinetik hizkuntza plangintzara lanarentzat izan da eta egileak Estitxu Garai, Irati Agirreazkuenaga, Irene Garcia, Sergio Monge, Angeriñe Elorriaga, Patxi Azpillaga, Ainara Miguel, Naroa Jauregizuria eta Koldo Atxaga izan dira; Nik ikerketa taldea, alegia.

Nik ikerketa taldea Euskararen Marka ikerketa proiektua garatzeko beren beregi eratutako taldea da. Estitxu Garai irakaslearen gidari-tzapean, ikerketa-taldea publizitate eta komunikazioaren alorreko Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariek osa-tzen dute. Euskararen Marka proiektua euskalgintzako agenteen eta EHUren lankidetzari esker garatu da.

Eta hirugarren saria Iñigo Beitiak (Eskoriatza, 1993) eskuratu du Kulturaren eragina hizkuntzaren biziberritzean. Behin-behineko ondorio batzuk lanari esker. Gizarte antropologian graduatua da Beitia, euskararen gaineko ikerketetan parte hartu izan du eta bere gradu zein master amaierako lanak hizkuntza antropologiari lotuta egin ditu. Egun berriz, EHUko doktoregaia da eta NOR ikerketa taldeko kidea ere bai.

Lan irabazleen egileei sariak bana-tzeko eta lan horien laburpenak jendaurrean aurkezteko ekitaldia abenduaren 15ean egingo da, 12.00etan, Gasteizko Micaela Portilla aretoan, EHUren Campusean.