Kanaria Handia eta Hondarribia ibilbide erregularra estreinatuko du Binter konpainiak, astean bitan lotuko duena, hiru ordu inguru iraungo dituen ibilbidea eskainiz. Binter konpainiak egingo du ibilbide berri hori, eta inaugurazio-hegaldia 8.30ean aireratu zen 50 bidaiari ingururekin Kanaria Handiko aireportutik Hondarribira bidean. Hemendik, berriz, 13.15ean aireratu zen, Kanarietako uhartean 15.20an lur hartuz.

Hegaldi horiek Kanaria Handitik egingo diren arren, azken helmuga gisa Kanarietako edozein uhartetara kostu gehigarririk gabe bidaiatu ahal izateko aukera eskaintzen du aire konpainia horrek; izan ere, Binterrek uharteen artean egunero egiten dituen 170 hegaldiak baliatuz, uharteen arteko jauzia kosturik gabe egin ahal izango baita konexioko hegaldien kasuan. Gipuzkoako aireportuan ohikoak baino bidaiari gehiago antzematen ziren atzo, Hondarribia eta Kanaria Handia asteazkenero eta igandero lotuko dituen ibilbide erregular honen inaugurazioa zela eta.

Gure aerodromoari bultzada ederra ekarriko dien hegaldi hauen inaugurazioan izan ziren Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria, Guillermo Echenique Gipuzkoako ordezkariordea, Ivan Pedreira Eusko Jaurlaritzako Garraio Plangintzako zuzendaria eta Miguel Ángel Crespo Foru Aldundiko Lurralde Antolamenduko zuzendaria. Jose Manuel Sanchez aireportuko zuzendaria eta Javier Zubia Gipuzkoako Ganberako zuzendari nagusia ere ekitaldian izan ziren, baita hegazkin konpainiako zenbait ordezkari ere.

Aireportuko zuzendaria pozik agertu zen, euren azpiegiturak dagoeneko berreskuratu duelako covid-19a lehertu aurreko trafikoa.

Bestalde, Jonay Lobo Binterren Programazio, Kudeaketa eta Aliantzetako zuzendaria baikor agertu zen, eta Embraer E195-E2 hegazkinekin egingo diren ibilbide berriko hegaldiak arrakasta handia izango duteneko itxaropena azaldu zuen.