Gezur hezurretik

Munstroak S.A.

21.11.2021 | 00:14

denok entzun ditugu munstroen inguruko istorioak. Txikitan kontatzen zizkiguten beldur pixka bat sartzeko asmoz. Ziur aski hainbat jokabide bideratzeko pentsatuak izango ziren gehienak, ipuin amaierako irakaspenak bezala, barrenean arrasto pixka bat uzteko intentzioarekin. Horrela ikasten dute haurrek inor ez dela gutxietsi behar, bortxa ez dela bidea edota ohe azpian begiratu beharra dagoela badaezpada ere, hiru begiko izakiren batek irentsi ez gaitzan. Nik oraindik ez diot konfiantza hartu ilunpetan etxetik ibiltzeari, pentsa.

Greziako mitologiak bazituen bere munstroak; pentsatzen dut morala eta doktrina bideratzeko asmoz .Erromatarrek haien ideiak inspiratuta berritu zituzten jainko, jainkosa eta beren zigorrak, eta gure mitologiak ere begibakarrarena jasotzen du adibidez. Jendea jan, hil, bahitu eta horrelakoak egiten zituzten. Egia esan gehienetan istorioko gizakiak trikimailuren bat erabiliz garaitzen zuen munstroa, baina beti ez da horrela izaten.

Azken egunotan hainbat munstroren berri izan dugu albistegietan. Batetik, Bizkaian emakume bati lepoa moztu eta 83 labankada eman dizkion basapiztia dago. Bestetik Txinako tenis jokalariarekin jazotakoa, politikari baten sexu abusuak salatu eta desagerrarazi dutena. Beharrik azken honek ospe pixka bat bazuela, eta ingurukoak, eta batez ere nazioarteko lagun eta ezagunak asaldatu diren. Hala ere sekula argituko ote den ez dakit nik.

Munstro hauek ez dute gorputza bete ile izango, begi bakarra edo sekulako atzaparrik, baina imajinazioan dauzkagunak bezain makur jokatzen dutela argi dago, edo are maltzurrago. Euren boterea erabili dute beste norbait azpiratzeko, eta lortzen ez dutenean, harekin akabatu.

Jendarteak aurrera egiten duenaren ustea dugu gure baitan. Pixkanaka pertsona hobeak garela, kontzientziadunak, besteen ongizatea kontuan hartzen dugula, baita beste bizidunak etikoki tratatzen ditugula ere. Baina batzuk eskapatzen zaizkigu. Hauek ez dituzte ipuinetako ondorioak ulertu, edo berdin zaizkie. Kode etikoak ez die eragiten behar primarioak asebetetzeko orduan. Grina hurkoaren gainetik dago. Goseak harrapakari bihurtzen ditu.

Aurtengo genero indarkeriaren kanpainak desagertze kontzeptua darama. Desagertzea noski dela helburua, eta hori ukatzea zentzugabea litzateke, baina bakarrik ez dela desagertuko ere ulertu behar da. Ez dira bat-batean ostenduko. Baina mitologiako izaki haiek bezala, tarteka gure sutondoko bilkuretara etortzen badira ere, tentsioa mantentze aldera, inoiz ikusten ez baditugu, hobe.

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa