Azaroaren 19tik 27ra Gipuzkoan Hondakinen Prebentziorako Europako Astea bere osotasunean berreskuratuko da aurten, hamahiru kontzientziazio-ekintza antolatuz. Bertan, elkarte zenbaitek, hainbat sektoretako enpresek eta prestakuntza-zentrok ekonomia zirkularraren inguruko produktuak eta esperientziak ezagutaraziko dituzte.

2020ko edizio murritzaren ondoren, non jarduera gutxiago egin ziren eta guztiak jenderik gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak ekitaldi-programa zabala eskainiko du aurtengoan.

Datorren ostiralean, hilak 19, emango zaio hasiera Europako Asteari Tabakaleran, Habic klusterreko kide diren Gipuzkoako enpresen eskutik antolatutako altzari, arkitektura eta diseinu jasangarriei buruzko topaketa batekin.

Larunbatean, hilak 20, GK Recycling karpa inauguratuko da Boulevardean. 26ra arte egongo da zabalik, eta Gipuzkoako 12 enpresak hondakinak oinarri hartuta produktuak eta zerbitzuak erakutsiko dituzte.

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak jardunaldi tekniko bat egingo du hilaren 26an, beraien Ekonomia Zirkularreko Gelak 4.0 Industriaren inguruan dituen proiektuak eta material berrien bilaketa erakusteko, Basque Culinary Centerrek (BCC) gure lurraldeko Elikagaien Bankuaren aldeko afari batekin amaituko den zaharberritze jasangarriari buruzko beste bat garatu eta bi egunera.

Hondakinen Prebentziorako Astean, Surfriderrekin elkarrizketa saio bat ere egingo da Kostaldea eta zu proiektuari buruz; LHko dozena bat eskolatako ikasleek parte hartu duten Ekonomia Zirkularra Modelatuz lehiaketako eskulturen erakusketa bat, baita Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin lankidetzan aritzen diren enpresak aintzatesteko ekitaldi bat ere.

Egitarauko beste ekimen erakargarri batzuk aipatzearren, Saguesen egongo den Munduko Ecovidrio edukiontzi handiena, eta Garbera merkataritza-guneko bigarren eskuko arropa-denda azpimarratu daitezke; Miramar Jauregian abenduaren 12an egingo den Moda Jasangarriaren VI. Desfilearekin amai-tzeko.