Sagardogileek eta edari horren nazioarteko dastatzaileek hartuko dute parte azaroaren 18tik 21era egingo den IV. Sagardo Forumean. Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, Donostiako Kursaalean eta Astigarragako Erribera kulturgunean elkartuko dira sagarraren, sagardoaren eta turismoaren inguruko hainbat gai aztertzeko.

Astigarragan emandako prentsaurreko batean, Xabier Urdangarin alkateak, Sagardun Partzuergoko presidenteak, aurkeztu du gaur IV. Sagardo Forum hau, Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatuarekin, Peli Manterola Haziko zuzendariarekin, Daniel Solana Basquetourreko zuzendariarekin eta Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorrizko Deituraren koordinatzailearekin batera.

Azaldu dutenaren arabera, IV. Sagardo Forum hau jardunaldi teknikoek, Nazioarteko Lehiaketa batek eta Sagardo Azoka batek osatuko dute.

Jardunaldi teknikoak azaroaren 18tik 19ra bitartean egingo dira Erribera Kulturguneko instalazioetan, eta bertako, estatuko eta nazioarteko hamahiru profesionalen hitzaldiak izango dira, sagarraren, sagardoaren eta turismoaren inguruko ezagutza emateko.

Ekitaldi honen osagarri, Izotzezko sagardoak eta monobarietalak egiteko tailer bat egingo da, eta, ondoren, produktu horien dastaketa izango da. Eguna amaitzeko, Astarbe sagardotegian bertako eta nazioarteko sagardoak dastatzeko afari bat ere antolatu dute.

Nazioarteko Sagardo Lehiaketa hilaren 19an eta 20an egingo da Donostiako Kursaal Jauregian. Bertan, hemengo, estatuko eta nazioarteko 30 dastatzaile ospetsuk hamabost herrialdetako sagardo mota desberdinak dastatu eta ebaluatuko dituzte. Lehiaketako dastatzaileen artean Maider Larrañaga izango da, Sumiller Onenaren BMW Más Gastronomia 2020 sariaren irabazlea.

Amaitzeko, azaroaren 20tik 21era bitartean, Nazioarteko II. Sagardo Azoka egingo da Kursaal zentroan. Hamabost herrialdetako ehun bat sagardok hartuko dute parte, eta bertaratutakoek dastatzeko aukera izango dute, Zaporeaken pintxo solidario batekin batera.