Euskarak 365 egun lan ildoaren baitan, Euskaltzaleen Topaguneak Haurren aurrean helduok heldu ekimena jarri du martxan, helduen arteko hizkuntza-praktikak aldatzeko eta euskararen erabilera areagotzeko asmoz. Ariketa praktiko hau azaroaren 22an hasi eta abenduaren 5ean amaituko da eta Euskal Herri osoko 80 herrik baino gehiagok hartuko dute parte. Ekimena 16 urtetik gorako guraso, hezitzaile, lagun heldu, zaintzaile eta umeekin egoten diren bestelako senideei zuzenduta dago.

Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean aurkeztu dute egitasmoa goizean, eta bertan izan dira Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; Goiatz Urkijo, Haurren aurrean helduok heldu ekimenaren koordinatzailea eta Topaguneko kidea; eta Arrate Gisasola ekimeneko parte hartzailea eta EBETEko kidea. Haiekin batera, bertan izan dira ekimena babesten duten Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariak eta ekimena antolatuko duten zenbait herrietako ordezkariak ere.

Amonarrizek azaldu duenaren arabera, haurrak dira ekimenaren erdigunea, baina ez dira protagonista nagusiak. "Fokua helduengan jarri dugu; haurraren ingurunean mugitzen garen helduok izango gara benetako protagonistak, haurren aurrean gaudenean behintzat", adierazi du Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak. Adin tartearen testuingurua Soraluzen benetan gertatutako anekdota baten bidez kontatu du: "Haurrak herriko plazan erdaraz ari ziren jolasean, eta gurasoetako batek euskaraz egiteko esan zienean ume batek erantzun zion gurasoetara jolasten ari zirela. Horri buruz ari gara ekimen honetan".

Euskaltzaleen Topagunearen arabera, eskola ez da nahikoa. "Haurrek euskaraz egingo badute, eskolatik kanpoko eremuetan ere euskaraz egin behar dute, euskaraz egin behar zaie eta euskaraz egiten dela ikusi eta sumatu behar dute", zehaztu du Amonarrizek. Euskaraldian sustatzen diren portaerak sozializatzen jarraitu nahi dute ekimen honekin, eta portaera linguistiko horiek herritarren praktiketan integratzea, arau sozial bihurtu daitezen. Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egiten dugu arau soziala indartu nahi du ariketak: solaskideek, euskara dakiten kasuetan, euskaraz egiten, lehen hitzak euskaraz egiten eta kideek ulertu bai, baina euskaraz hitz egiten ez badu euskarari eusten.

Ekimena gauzatu nahi duten 80 herri, eskualde eta auzo baino gehiagotan ekimena tokian tokiko ezaugarrietara moldatzen ari direla azaldu du Urkijok, baina ba omen dira guztiek partekatzen dituzten ezaugarri batzuk ere. "Guztietan azaroaren 22tik abenduaren 5era bitartean gauzatuko da ekimena, hau da, 15 eguneko ariketa soziala izango da. Horrez gain, guztiek aukeratu dituzte toki horietako espazio informalak ekimena modu erosoan egiteko. Espazio horiek umeak eta helduak elkartzen garen herrietako plazak, terrazak, eskola inguruak eta etxeak izan daitezke, besteak beste", zehaztu du Urkijok. Gune babestu horiek ekimenaren iruditegiarekin identifikatuta egongo dira.

NOLA EGINGO DA ARIKETA

Ariketa "sinplea" da, Urkijoren hitzetan. "Lehenik eta behin, pentsatu beharko dugu norekin aldatu nahi ditugun hizkuntza ohiturak eta norekin indartu nahi ditugun ohitura hauek umeekin partekatzen ditugun espazio horietan. 16 urtetik gorako helduak gonbidatuko ditugu ariketa batera egiteko eta horrez gain, garrantzitsua izango da inguruan dauzkagun gainontzeko helduei ere zertan ari garen kontatzea", azpimarratu du.

Aurrez aipatu bezala, euskaraz ondo moldatzen direnek lehen hitzak euskaraz egin beharko dituzte hizkuntza ulertzen duten pertsonekin. Solaskideak ulertzen duenean euskaraz jardungo dute, eta euskara ulertu bai, baina hitz egiteko zailtasunak dituztenek ingurukoei beraiekin euskaraz egiteko eskatuko diete.

Gisasolak guraso moduan hartuko du parte ekimenean. "Helduon hizkuntza portaeraren ereduak haurren euskararen erabileran eragina du. Zein hizkuntzatan, noiz, norekin, zeri buruz egiten dugun ikusi eta entzuten dute. Eta egiten dugun horrek beraiengan eragina dauka. Esaera zaharrak dioen bezala, Zer ikusi, hura ikasi", adierazi du Gisasolak. Haren arabera, erabilera sozialaren eredurik ez badago, haurrek hizkuntza ikasi bai, baina ez dute jardungo. "Euskara egoera eta testuinguru guztietan ohikoa dela sumatu, sentitu eta bizi behar dute haur eta gaztetxoek etorkizunean beraiek ere hala jokatzea nahi badugu behintzat", nabarmendu du.