a noiz elkartzen garen kafe bat hartzeko!? Zenbat aldiz esan ote dugun esaldi hori, jakinda bai batak eta bai besteak ez duela ezer egingo hori gerta dadin. Kafea ordezkatu dezakezue garagardo batekin, edo beste edozein planekin, baina asmoa berdina da: estimua adieraztea, konpromisorik hartu gabe.

Antzeko zerbait gertatzen ari da egunotan Glasgowen. Asmo onak adierazten dituzte denek, garapen jasangarria bilatzen dute bertaratutakoek, baina neurri eraginkorrak martxan jarri ezean, alferrikako gastua izango da hainbeste agintari bertan biltzea, eta klima, bitartean gainbeheran. Elkartzea ondo dago, hitz egitea eta etorkizuna argitzea are hobea da, baina emaitzak ziurtatu behar dira, bestela alferrik ari dira. Erakustokia bikaina da. Elkar neurtzeko ere balio du, baina sekula ez da mahai gainean kolperik ematen. Hartuko dugu kafea, bai, baina beste batean.

Pentsa dezagun ikastolako ataria dela Eskoziako bilera hau. Ikasleak konturatu dira ikasturtea gaindi-tzeko zailtasunak izango dituztela eta jokabidea aldatzen ez badute, bide txarretik doazela. Utopiko xamarra, badakit, baina jar gaitezen horretan. Batek dio gehiago ikasiko duela, baina gero etxean sartu eta arreta beste norabaitera joaten zaio, lainoz laino, zeruan nonbait galdu arte. Besteak aldiz gelan lan gehiago egingo duela zin egin du, baina eguna bukatu baino lehen berriz aritu da barrabaskerietan. Beste dozena bat ere batu dira asanbladara, baina ez dute gehiegi jar-tzen euren aldetik. Egon badaude, eta ikusiak izatea gustoko dute, baina egongo ez balira ere berdin, ez baitute erabakitzeko medio askorik ere.

Bi ikasle txarrenak falta dira gainera, giroa gehien kaltetzen dutenak. Baina horiei berdin zaizkie beste guztiak. Euren burua aurrera ateratzeko nahikoa baliabide badituzte, familia onekoak baitira, eta inork gutxi egiten die kontra gainera. Bi hauei men egin ezean, inguruko dena suntsitzeko gai dira, gelan, ikastolan eta baita herri osoan ere. Ez da lehenengo aldia izango mehatxuz, izua baliatuz eta baita bortxaz ere nahi dutena lortzen dutela. Beste hainbat handiputz ere kikilduta dauzkate eta bileran erabakitakoa ezer gutxi axola zaie.

Egoera honetan ez dago baina bullying protokolorik, ez tutore ez eta zuzendaririk ere. Eulien ugazaba izeneko eleberriaren antza gehiago du. Irla batean bizirauteko ahalegina egin behar duten gaztetxoen istorio hori, gogoratuko duzue. Konplikatua da asuntoa. Esaiozu bilera honen ostean Afrikako herrialde bati ezetz, ezin duela bere industria garatu orain asko kutsatzen duelako, oso itsusia dela hori gauden garai honetan. Europan berrehun urte daramatzagunean lokomotora baten kea bota-tzen. Lokomotora batena ez, munduko lokomotora erdiena hobe esanda.

Norabide aldaketa behar beharrezkoa da, eta bestela.. akabo mundua. Literalki.