BCCk eta Hazik ekimen bat sortu dute elkarlanean

27.10.2021 | 00:37

Basque Culinary Centerrek (BCC) eta Hazik (Eusko Jaurlaritza) ekimen bat jarri dute martxan: Mantala Basque Gastronomy. Honek balioko du sektoreko profesionalen arteko ezagutza eta sorkuntza trukatzea bultzatzeko eta, bide batez, euskal gastronomiaren nazioarteko posizionamendua indartzeko. 

Bi erakundeek atzo ohar baten bidez jakinarazi zutenez, Joxe Mari Aizega BCCko zuzendariak, Peli Manterola Haziko zuzendari nagusiak eta Bittor Oroz sailburuordeak aurkeztu zuten foro berri hori astelehen gauean, Donostiako Tabakaleran beren beregi antolatutako afarian.

Sukaldaritzaren munduarekin lotutako hainbat eragilek, besteak beste, Jakitea Gastronomiaren Euskal Akademiak eta Fecoga Gastronomia Kofradien Federazioak, bat egin dute egitasmoarekin, eta "ezagutzarako eta elkarrekintzarako gune" gisa definitu dute, non "ikerketa, hedapena eta lankidetza gastronomikoa" ardatz duten hainbat eduki eta proiektuk bat egiten duten.

Euskadiko "gastronomiaren nortasun eta ezaugarri nagusien garapena eta ospea sustatzeko" asmoarekin, Mantala foroak web orri propioa sortu du (www.mantala.eus), bai eta sare sozialetan hainbat profil ere, garatzen dituen ekintzen edukia "zabaldu eta hedatzeko".

Dagoeneko garatzen dabiltzan proiektuen artean, Personas/Pertsonak izenekoa dago, bertan "egiten jakitea, ezagutza eta bizipen pertsonalak" azalduko dituzte, "norbanako eta istorio inspiratzaile eta funtsezkoen" bitartez; Mapa gastronomikoan, berriz, bertako elaborazioak eta produktuak erregistratu eta katalogatuko dira, horiei buruzko "eduki berriak" sortzeaz gain.

Mantala egitasmoaren baitan, Euskal Gastronomiaren Topaketa ere antolatuko da, "gogoetaren bidez sektorea sendotzeko eta etorkizuneko gakoak hautemateko", beti ere profesionalen arteko elkarrizketaren bidez; bai eta Gastro Gaztea izeneko egitasmoa ere, non talentudun euskal sukaldari gazteek elkarlanean eskainitako afari irekiak presta-tzeko aukera eta plataforma ere izango duten.

Hain zuzen ere, astelehenekoa izan zen proiektu honetako lehen afaria, eta huraxe baliatu zuten Mantala ekimena aurkezteko. Bertan eskaini zuten otordua "sei eskutara" prestatu zuten hiru lurralde historikotako ordezkari gastronomikoek; Ama jatetxe gipuzkoarreko arduradunek, Arabako Kromatikokoek eta Garenako bizkaitarrek.

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa