Gezur hezurretik

Wanted

24.10.2021 | 01:28

Ezbeharra izan da Hollywood-en. Alec Baldwin aktore ezagunak tiro egin die lankide pare bati ustez gezurrezkoa zen arma batekin. Batek behintzat ez du kontatuko. Istripua izan dela esan dute, baina ezin esango dute filmazioaren parte zenik, ekipo teknikoko emakume bat hil baita, ez parean zuen aktorea. Argituko dute datozen egunetan afera, eta bestela hobeto, La noche de...-ko dozena erdi programetarako emango du eta. Edo hobeto, Iker Jimenezek agian egingo digu programa bat mota guztietako teoria, erdi-egi eta gezur-osoak sartuz. Notizia bere terrenora eramanez noski. Mamuak, konspirazioak eta koinatuari entzundakoak.

Hilketa hau kritikatzerakoan ezin ditugu ohiko aitzakiak erabili. Ezingo esan armak goxokiak bezala saltzen direla herrialde horretan, errifleari gurtza egiten diotela eta ero gisan defendatuko dutela euren etxea babesteko eskubidea. Rolex-a garrantzitsuagoa baita parekoaren bizitza baino. Western baten grabaketan gertatu baita zorigaitza, gu entretenitzeko egiten dituzten superprodukzio horietan. John Waynek burua altxako balu...

Eroak daude amerikano hauek, esango zuen Obelixek jazotakoa ikusita. Ez gabiltza oso urruti hemen inguruan, aurrekoan EHU-ko fakultatean gertatutakoa ikusita. Halloween ospatzen hasi ginen duela gutxi gau beltzaren aitzakian eta tiroketak ikasleen artean epe motzean etorri dira. Esker-emate eguna laister ospatuko dugu familian, eta rodeoari begira jarriko gara txapel eta guzti, litro eta erdiko kokakola irensten dugun bitartean.

Gaitik pixka bat aldenduz, baina guregana gerturatuz, inongo sheriffak harrapatu ezin izan duen ihesari emandako erregea gogogan izango duzue. Afrikako sabanako tiralari onena zen, diligentzia ugari asaltatutakoa. Far Westerako trenbide lanetan ez, baina Mekakotik pusketa jaso zuena. Bada honek ere, istripuz noski, anaiari tiro egin eta bertan seko utzi zuen. Bonanzako lursaila oinordean hartzeko disputa alde batera utziz bide batez. Rifle Kingen ilobak ere tiro egin zion bere buruari hankean. Ikasle ona ez dela bagenekien, baina aitona maisu ona izango da nonbait.

Film ederra egin genezake hauekin guztiekin, eta txibiaren jokoaren pare salduko lukete Netflixen. Baina horretarako egia guztia jakin behar, eta iruditzen zait errege etxearen kontuarekin ez dugula inoiz heren bat ere jakingo, eta Alec Baldwinen kasuan ere ziur geratuko dela zerbait argitu gabe. Besteak beste istorio hauetan guztietan protagonistetako batek ezingo duelako sekula bere bertsiorik kontatu, eta noski, sheriffa euren alde dutelako.

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa